Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Kurrikuluak ia 9 urte
Estimuan dut Lourdes Elosegi eta arreta handiz irakurri dut erabili.com-en idatzi duen artikulua ‘Euskararen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alf... . Ados nago, gainera, bertan esan dituen gehienekin eta egin duen ibilbide kurrikularraren azalpenarekin. Kurrikulua nire ustetan dokumentu bikaina da ideologia mailan, bederen. Gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatiborako jauzi kualitatiboa eman zuena. Lortu eta ebaluatu beharreko helburuen marko orokorra zehaztu zuena (nahiz eta nire ustetan beharrezkoa duen zehaztasun maila egokiagoa, Europako markoarekiko uztarketak eman liezaiokeena). Baina, begira zer zioen zazpi urte beranduago HABEko zuzendari Joseba Erkiziak: ‘Jarduera didaktikoa da euskaltegien funtsezko egitekoa; eta HABErena, funtsezko jarduera hori sustatzea eta bideratzea’. Eta aurrerago: ‘…Dena den, bada luze joko digun lan bat. Noiz ordezkatu ahal izango dugu, izan ere, ikuspegi gramatikalaren arabera egindako ikas-edukien banaketa, ikuspegi komunikatibotik egindako batez?.../… Batzuetan gerta baitaiteke, gaizki ulertutako ikuspegi komunikatiboaren eraginez, jardunean jardutea irakasleak eta ikasleak, zertan ari diren ongi jakin gabe.’
Ai, ai, ai! Erkiziarekin ere ados. Nire ustetan horixe da gertatu dena, marko ‘ideologiko’ egokia eraiki dela, taxuzko konstruktoa, baina zailtasun handiak daudela hori praktika didaktiko bihurtzeko orduan. Zergatik, ordea? Bada, berez edozein paradigma aldaketak dituen zailtasunengatik batetik; eta bestetik, paradigma berria praktikara eramateko denbora behar delako. Baina, bada hirugarren arrazoi bat ere nire ustetan; funtsean, HEOK idatzi ostean, ez zela berau praktika didaktikora eramateko ildo argirik abian jarri, hau da: formazio plan zabala, zehaztapen mailetarako aholkularitza planifikatua, kurrikuluaren inplementazioaren ebaluazio sistematikoa… Badakizue batzuetan zurginaren etxean eskailera zaharrak izaten direla, honelako zerbait gertatu zen kurrikuluarekin ere. Uste izan zen (edo itxura hori eman zen, behintzat), hein handi batean dokumentua idatzi eta ezagutzera ematearekin bukatzen zirela HABEren lan nagusiak. Dokumentu hori oinarri, euskaltegiak gai izango zirela bigarren zehaztapen maila eraikitzeko eta irakasleok hirugarrena ere bai. Usteak laurdena ustel. Ezagutzak (kasu honetan HEOKen ezagutzak) ez du ekarri, berez, erabilera didaktiko egokia eta, oraindik orain, irakasle asko sumatzen ditut noraezean edo kurrikuluaren izpiritu ‘berriarekin’ zerikusirik gabeko jarduerak bideratzen.
Dakartzagun berriro ere hona Joseba Erkiziaren hitzak: 'Jarduera didaktikoa da euskaltegien funtsezko egitekoa; eta HABErena, funtsezko jarduera hori sustatzea eta bideratzea'.
Ia bederatzi urte pasa dira. Noizko kurrikuluaren inplementazioaren ebaluazio erreala? Noizko ebaluazio horren osteko, bideratze-plan egokia?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Noizko? galdezka ari gara dagoeneko 9 urte igarota. Kurrikulumaren (edo curriculumaren?) inplementazioan hutsuneak daude. Argi dago. Hori da pentsatu eta ikusi bai, baina aitortu inor gutxik inoiz gutxi argiro aitortuko ez dituen gauza txiki horietariko bat.
Bitartean kanpaiak entzuten dira: curriculuma berritu, curriculuma garatu, curriculuma egokitu... Hor behar den PDCA zikloa zehaztu, zabaldu eta gauzatzen ez den bitartean, alferrik ez dut esango, baina kontraesan handian ibiliko gara.
Eta gero eta dokumentu txuloagoak edukiko ditugu apaletan, eta power point-etan ere bai.

Erantzun honi

Atzo gogoarekin geratu nintzen...
Euskaltegien esku ei dago HEOKen garapena, baina HEOKekin noraino idenfikatu dira euskaltegiak? Noraino sentitu dute euren jardunbidea dokumentatzearen beharra? Eta zenbatetan ebazpen batetik eratorritako betekizuna baino gehiago dela sentitu da? Benetan, eta ez publikoan esan beharrekoak esatearren esaten direnetatik harago.
HABEk beharbada euskaltegien eta irakasleon konplizitate gehiago beharko zuen orduan, bai, seguraski. HEOKari loreak bota dizkio Plistik, mereziko ditu agian, ez diot ezer kenduko. Baina, HEOKa sektore honetan diharduten askorentzat dokumentu kriptikoa, ulergaitza eta ondorio argiak ateratzeko zaila da oraindik orain. Orduan ari zirenentzat zein handik aurrera mundu honetan sartu direnentzat. Ala ez?
Erraza da HABEri egurra ematea, baina uste dut hemen beste faktore bat dagoela, Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean bakarrik ez dagoena. Didaktika deitzen den horri ematen zaion trataera.
Eraketa-didaktika. Inoiz inork ezkondu eta aldi berean bereiztu zuen bikotea. Gaur arte.
Didaktika zientzia erdi esoteriko modura ikusten edo ikusi nahi dute askok. Didaktikaria inork ulertzen edo ulertu nahi ez dion pertsonaia, txaman baten modukoa. Eta askotan didaktikariak berak jakin du ikutu esoteriko horri etekina ateratzen: baliatu zeure autoritateaz berba magikoak bota eta guztiek "Amen" esango dute.
Txamanek eta abadeek bezala badaki "Amen" horrek obretan ez duela islarik izango gehienetan, baina bere estatusa mantenduko du duda barik. Askotan haren bedeinkapen formala baino ez dute behar izaten besteek.
Gidatzat hartu dugun liburu sakratuari jarraitzen diogu? "Hori ez da nire kontua" esango dizute batzuetan. "Bai" ziku eta latz batekin minduta antzera erantzungo dizute beste batzuetan, kristau zaharraren fedea dudan ipini bazenu bezala. Gehienetan beste mintzagai baten bila hasiko dira galderaren azken hotsa ahoskatu orduko.
Liburu sakratua apalean egongo da batzuetan, askotan non dagoen ere ez dugu jakiten. "Total, hemen denok dakigu zer egin behar den. Ez gaitezen burua nekatzen ibili, aita santu eta apezpiku guztien bedeinkapena dugu eta".

Erantzun honi

Konforme esaten dituzunekin Atik Zra. Nik neuk ere uste dut 'oker' guztiak ez direla Donostiako Vitoria-Gasteiz kaleko etxean bizi. Euskaltegietako egoitzetan ere badira zenbait edo franko, zuzendaritzetatik hasi eta irakasleonganaino (irakasleon portaerak aparteko mezua merezi eta izango du, korporatibismotik at). Azkenaldian dibortzio ugari izan ditugu gure artean bai, administrazio mailako eraketa eta didaktikaren artekoa ez ezik, didaktika beraren baitako teoria eta praktikaren artekoa ere sonatua izan da. HOLAn agertzekoa bezainbestekoa. Baina dibortzio hauetan ere bada galtzailerik: ikaslea, hain zuzen. Txamanak eta tunikak alde batera utzi, eta azter ditzagun lehenbailehen guztion erruak, ea honela berriro lortzen dugun bata bestearekin bizitzeko sortuak diren eraketa/didaktika eta teoria/praktika bikoteak berriro elkarbizitzan jartzea, laurak teilatu bakarraren azpian ahal bada.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak