Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Ikasgelan mintza-akuilu bezala erabiltzen dugun jolastxo bat proposatzen dizuet. Jolas dezagun lehentasunetara. Ordena ezazue hurrengo zerrenda garrantziaren arabera (lehenengoa garrantzitsuena delarik): idazmena, mintzamena, irakurmena eta entzumena.

HABEk, mailetako azterketetan emandako puntuazioaren arabera, honela banatzen ditu: Mintzamena (30 puntu), Idazmena (30 puntu), Entzumena (20 puntu), Irakurmena (20 puntu). Gainera, mintzamena eta entzumena batzen ditu batetik eta idazmena eta irakurmena bestetik. Ados zaudete?

Nire ikuspuntua adieraziko dizuet: hasteko, ez dut uste output-trebetasunak (mintzamena eta idazmena) input-trebetasunak (entzumena eta irakurmena) baino garrantzitsuagoak direnik. Erabilerari begira, bizitza errealean entzun egiten dugu batez ere eta zalantzatsuagoa da zer egiten dugun gehiago irakurri ala mintzatu; ezbairik gabea da, ostera, idatzi dela gutxien egiten duguna. Nik neuk honela erantzungo nioke, bada, jolasari: entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena.

Eztabaida genezake ea ikas-irakaskuntzan ere trebetasun bakoitzak ‘maila’ hori mantendu behar duen. Eztabaida genezake, halaber, ‘maila’ hori mantendu behar duten ebaluaziorako. Ez diot eztabaidari muzin egingo baina aspaldion kezka da nagusi nigan, kezka entzumena eta irakurmena mintzamenaren eta idazmenaren morroi ikusita, kezka batzuetan ‘maria’ lez tratatzen ditugula ikusita, kezka berorien ikaskuntza prozesuaz zer gutxi dakidan ikusita. Baina utz ditzagun kezkak alde batera eta jolas dezagun lehentasunetara. Ordenatu, mesedez, garrantziaren arabera trebetasunok: idazmena, mintzamena, irakurmena eta entzumena.

I.O: Antzinakoek argi samar zuten kontua, hara zer esaten duen esaera zaharrak: ‘Entzun lehenik, mintza azkenik’

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Azterketak gorabehera, honela egingo nuke nik hurrenkera: mintzamena, idazmena, irakurmena, entzumena.

Ados egonda egunean gehien egiten duguna entzutea dela; horrexegatik, hain zuzen, ikasten dugu lehenengo eta ondoen trebetasun hori erabiltzen. Horixe da gehien aktibatzen dugun trebetasuna, eskolatik kanpo ere. Eskolak, ostera, erabiltzeko arazoak ditugun trebetasunak erabiltzeko aukera izan behar du. Zentzu horretan, idazmenarena paradigmatikoa da: ez dugu idazten, eta? Atera diezaiogun eskolari etekina, eta ikas dezagun ganoraz egiten; hori lortzen dugunean, akaso, erabili egingo dugu.

Badakizu euskaraz? galdetzen dugunean, elipsian baino ez bada, berbetan esaten dugu. Nire ustez, trebetasun sortzaileek erakusten dute ikasleen benetako maila, hartzaileak maila horretatik gora egongo dira-eta beti. Zeure esaera zahar hori hartu eta garatuta: "Entzun eta irakurri lehenik, mintza eta idatz azkenik".

Portzierto, hain zaharra izango da esaera hori, non euskaldun gehienak analfabetoak zireneko denboretakoa izango den.

Erantzun honi

Badakit galderari ihes egitea dela pentsa daitekeela, baina akaso ez litzateke izango egokiago galdetzea "Zer egiten dugu gehien hizkuntzarekin eta non-zertarako erabili behar dugu lehenik?".
Esaten dugunean euskaraz dakigula elipsi horretan euskaraz hitz egitea dugu gogoan, bai, baliteke. "Hitz egitea" hitza bai, baina hitz egitea mintzoa baino gehiago ere ez da? Hau da, esaten duguna entzuten dugunarekin lotuta egoten da (hala behar luke gizalegearen arabera, ezta?), sarri baita irakurtzen dugunarekin ere. Ez dut uste trebetasunak hain erraz isolatu daitezkeenik. Eta gainera trebetasun horiek hainbat erregistro, neurri, egoera, kanal eta harreman-mota desberdinetan ipintzen ditugu abian: irakurri dugun zerbait komentatzen dugunean (hau adibidez), entzun dugun zerbait idatziz jasotzen dugunean (akta bat adibidez), edo diskurtsoa ahoz gora irakurtzen dugunean (parlamentu edo gobernuren batera heltzen garenean).
Beste kontu bat gainera. Eta galdera batekin laburtuko dut. Plistik eskatzen duen lehentasunezko zerrenda hori berdina izango litzateke ikas-prozesuaren une guztietan? Adibidez, eta kasu "praktikoetara" joanda: 1. mailako probetan eta 3. mailakoetan proportzioa eta lehetasunak berdinak izan beharko lukete? Edo arlo desberdinetan, adibidez atezain eta administrari lanpostuetarako probetan (HHEE)?
Aspaldian irakurri nuen hizkuntz-ekintzak ez direla isolatuta etortzen, katean lotuta baino. Egiten dugunak fase edo atal desberdinak ditu. Baten batek ikas-prozesua horrela programatzea ere planteatzen zuen, ekintza-kateen arabera, ohikoenetatik konplexuenetara. Konpententziak hain sarri aipatzen ari diren honetan beharbada horrelakoei erreparatzen hasi beharko da, konkretuagoa eta "praktikoagoa" da behinik behin.

Erantzun honi

Ez dadila aurrekari bihur, baina erabat nago ados esan duzunarekin.

Eta, batez ere, egin dituzun bi aipamenekin nago ados:

Lehenengoa, zerrenda hori berdina izango litzateke ikas-prozesuaren une guztietan?; neuk ere banuen buruan detailetxo hori, baina ahaztu egin zitzaidan aurreko erantzunean sartzea.

Eta bigarrena -eta honekin bai guztiz ados nagoela- ihes egin diozu, bai, galderari.

Erantzun honi

Ume bihurria daukagu hemen ba. Neuk ere emango dizut "arrazoia" zuri. Hartu hemendik! :-P

Erantzun honi

Ba nik ez dut uste gaiari ihes egin diozunik, Beni. Oso egokia iruditu zait egin duzun iruzkina.
Azkenean hementxe dugu HEAren http://www.lavanguardia.es/

Erantzun honi

Ba nik bai. Ez da bihurrekeria hutsa izan.

Egia da hizkuntza dena batera erabiltzen dugula, bai. Baina gu irakasleak gara; eta irakasleok ezin dugu, bi orduko saio baten, hizkuntza guztia, batuta, landu. Aletu egin behar dugu hizkuntza, eta orain honi eta gero horri erreparatu. Batzuetan, trebetasun baten lanketak hartuko du pisu gehien, hurrengoan, besteak; gaur eduki hauek landuko ditugu, bihar haiek.

Eta, zentzu horretan, nik uste dut badutela landu behar handiagoa trebetasun batzuk besteak baino; ordenatu egin daitezkeela, alegia. Eta dena ikasleen beharren arabera.

Erantzun honi

Ez dut eztabaida bizantiar batean sartu nahi, baina, iritziak iritzi eta ikuspuntuak ikuspuntu, iritzi-trukaketa hau ez da jatorritik desbideratu.
Eta horretan murgilduta, ados zurekin "orani honi eta gero horri erreparatu" beharra dagoela, beti ere, ikasprozesuaren eta ikasleen premien arabera. Baina azken helburua,nire ustez, hizkuntza bere osotasunean (gaitasun, konpetentzia eta trebetasun guztiekin) irakatsi beharra dago.
Ñabardura bat: gaur egun, hemen eta Euskal Herri osoari begira, ados nago Baztarrikarekin ezinbestekoa dela ahalik eta elebidun pasiborik gehien sortzea dioenean; hau da, trebeasun hartzaileetan (entz./irak.) nolabaiteko konpetentzia dutenak euskararen erabilera eta ulermenerako ahalik eta galgarik gutxien izateko. Baina uneko premia eta lehentasun estartegiko modura ikusten dut.

Erantzun honi

Bihurrikeriak bihurrikeria, badakit galderari ihesi ibili naizela, hori zen nire asmoa gainera. ;-)
Eta ihes betea zilegi izan nahiz izan ez, behin ezagutu nuen batena kontatuko dut.
Duela urte batzuk auzoan pertsonaje bat agertu zitzaigun, gure koadrilarekin batu zen derrepentean (frikia izatea zer den!). Austriarra zen hura, halako ibiltari errari moduko bat. Ondo zekien hark gaztelaniaz, egundoko jarioa zeukan berbetan, errorerik bat ere ez, ez zen isilik egotekoa gainera. Jendearen artean sartu, eta hantxe hasten zen parrapla eta parrapla... Hainbeste ze laster irabazi zituen merituak: "kaparra", "loroa", "pelman", "petardoa" eta halako tituluetan goreneko puntuazioa hain zuzen ere.
Zer egiten zuen lagunak bada? Sinplea, koadrilaren berriketan sartu eta bere kontuak eta burutazioak botatzen hasi, inori ezer galdetu barik, haria errespetatu barik eta gure karetoei erreparatu barik...
Zer pentsatu genuen lehenengo batean? Burutik ondo ez zebilela eta halako abilidade sozial guztiak faltan zituela hain zuzen. "Kolgao" bat.
Ez ginen oso erratuta ibiliko seguruenik, baina bazegoen detaile bat. Neu konturatu nintzen, hizkuntza ikasle eta irakaslea izateagatik akaso. Guk esaten genuena ez zuen ulertzen. Hari zuzenean zerbait esanez gero, -neure modura- erantzun koherentetik ihesi egiten zuen. Gaztelaniaz parra-parra jarduteko gauza zen, bai. baina ez zen gauza "elkarrizketan" aritzeko, trebezia bat falta zuen hain zuzen ere, jatorrizko hiztunen hizkera ulertzea.
Era guztietako epitetoak jaso zituen morroiak (konpetentzia "sozialetan" suspentsoa hartu zuen alegia), baina, hori bai, inork ez zuen esan (ezta esango ere) hark ez zekiela gazteleraz .
Portzierto, "eske nik euskaldun zaharrei ez diet ulertzen" ipuinaren bertsio austriarra izan ote zen hura?

Erantzun honi

Bai, baina hori beste eztabaida bat da.

Euskaldun zaharrei ulertzen ez badie ikasleak izango da eredu hori landu ez delako; baina eredu hori landu izan bagenu, Euskitzeri berari baino hobeto ulertuko liokete.

Eta lagun austriar horri dagokionez, akaso gaitasun sozialak ez garatzea izan zuen problema, esaten zenutena uletzen zuen arren. Gainera, salbuespenak ezin dira sekula adibide izan.

Erantzun honi

'Euskaldun zaharrei ulertzen ez badie ikasleak izango da eredu hori landu ez delako; baina eredu hori landu izan bagenu, Euskitzeri berari baino hobeto ulertuko liokete' esaten duzunean, zer esan nahi duzu? Euskaldun berriekin hitz egitera kondenatzen ditugula, kasurik onenean ere? Nahiz eta iritzi artikulu politak idazten irakatsi, ez ditugula ikasleak euskal hiztunen sarean integratzeko prestatzen?

Erantzun honi

Zergatik ulertzen dio ikaskide bati eta ez euskaldun zahar, jator bati? Hain zuzen ere, jasotzen duen input nagusia iturri horretakoa delako; zergatik hobeto euskara estandarra oso zuzen erabiltzen duen euskaldun zahar bati, eta ez betiko etxeko euskara oso zuzen (eta egoki) darabilenari? Hain zuzen ere, jasotzen duen inputa (geuk eskainia) iturri horretakoa delako.

Ikusten duguna ikasten dugu, eta ondorioak hor ditugu.

Orain, hau ez da inolako kritika; konstatazio hutsa baino. Ez ditugu biderkatuko ikasprozesuaren orduak, eredu ezberdinak erakustearren, eta apustu sendo bat egin behar dugu. Eta, apustua egiterakoan, nahiago dut nik erabiltzeko aukerak emango dion horren alde egitea. Eta, argi dago, gure gurasoei izugarri kostatzen zaie BERRIA irakurtzea eta are ETB ikustea.

Input iturri horien erabilera ikasleen esku uzten dugu; jendearekin harremanetan jartzea, ostera, zailagoa da, salbuespen adierazgarriak badauden arren.

Erantzun honi

Gomendio bat mintzamena, elkarrizketa eta hizkera kolokiala dela eta ez dela: http://www.mepsyd.es/redele/Revista13/ensenanza-apren-ambjoern.pdf

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak