Ikasgelan mintza-akuilu bezala erabiltzen dugun jolastxo bat proposatzen dizuet. Jolas dezagun lehentasunetara. Ordena ezazue hurrengo zerrenda garrantziaren arabera (lehenengoa garrantzitsuena delarik): idazmena, mintzamena, irakurmena eta entzumena.
HABEk, mailetako azterketetan emandako puntuazioaren arabera, honela banatzen ditu: Mintzamena (30 puntu), Idazmena (30 puntu), Entzumena (20 puntu), Irakurmena (20 puntu). Gainera, mintzamena eta entzumena batzen ditu batetik eta idazmena eta irakurmena bestetik. Ados zaudete?
Nire ikuspuntua adieraziko dizuet: hasteko, ez dut uste output-trebetasunak (mintzamena eta idazmena) input-trebetasunak (entzumena eta irakurmena) baino garrantzitsuagoak direnik. Erabilerari begira, bizitza errealean entzun egiten dugu batez ere eta zalantzatsuagoa da zer egiten dugun gehiago irakurri ala mintzatu; ezbairik gabea da, ostera, idatzi dela gutxien egiten duguna. Nik neuk honela erantzungo nioke, bada, jolasari: entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena.
Eztabaida genezake ea ikas-irakaskuntzan ere trebetasun bakoitzak ‘maila’ hori mantendu behar duen. Eztabaida genezake, halaber, ‘maila’ hori mantendu behar duten ebaluaziorako. Ez diot eztabaidari muzin egingo baina aspaldion kezka da nagusi nigan, kezka entzumena eta irakurmena mintzamenaren eta idazmenaren morroi ikusita, kezka batzuetan ‘maria’ lez tratatzen ditugula ikusita, kezka berorien ikaskuntza prozesuaz zer gutxi dakidan ikusita. Baina utz ditzagun kezkak alde batera eta jolas dezagun lehentasunetara. Ordenatu, mesedez, garrantziaren arabera trebetasunok: idazmena, mintzamena, irakurmena eta entzumena.
I.O: Antzinakoek argi samar zuten kontua, hara zer esaten duen esaera zaharrak: ‘Entzun lehenik, mintza azkenik’
Etiketak:
Partekatu
-
▶ Erantzun honi