Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Nire matrakak irakurtzen dituzuenok badakizue aspaldion kezkatuta nabilela euskaltegiak apur bat noraezean ikusten ditudalako. Egitura sendorik gabe (udal euskaltegiok, batik bat). Betikoari ainguratuta. Garai berriaren enbatari ezin eutsita. Nahikoa geldi. Nahikoa geldo.

Gainera, ez dut ekimen sendorik ikusten ostertzean eta horrek alboetara begiratzea ekarri dit eta … Oooooooopppp! Berritzeguneetan pausatu dut begirada.

Norbaitek zer-nolakoak diren ez badaki, hauexek dira haien egitekoak laburbilduta.

 

Berritzeguneak

 

Eskualdekako zerbitzu didaktikoak dira. Inguruko ikastetxeei laguntza emateko pentsatuak. Hiru zeregin nagusi izaten dituzte:

             • Aholkularitza eman

                         o Ikastetxeei eta irakasleei aholkularitza eman.

                         o Irakasleen ekarpenak bideratu.

                         o Hezkuntza sailak bultzatutako programetan aholkularitza eskaini.

                         o Baliabide didaktiko eta materialei buruzko eskaria jaso eta gestionatu.

            • Formazioa

                         o Irakasleentzako formazio planak diseinatu.

                         o Irakasleen formazioari buruzko eskaria jaso eta gestionatu.

                         o Formazioa eman.

           • Berrikuntza didaktikoa.

                         o Ikastetxeek sustatutako berritze-proiektuen planifikazioa, aholkularitza eta ebaluazioa.

                         o Materialaren azterketa eta ebaluazioa.

                         o Irakasleen arteko elkartrukeak sustatu.

                         o Ikastetxeen beharrei egokitutako ekintza eta programak bultzatu.

                         o Beste erakundeekiko elkarlana eragin.

 

Ez dakit nor eta noiz izendatuko duten Habeko zuzendari berria; baina gure artean ere, gure ezaugarriak erantsiz jakina, Berritzeguneak antolatzeko sos batzuk gordetzeko eskatuko nioke. Hori bai, sare ezberdinetako partaidez osatuak; elkarlanaren, partekatzearen eta berrikuntza didaktikoaren eta teknologikoaren bultzatzaile.

Egingo al dit jaramonik?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Ez litzateke txarra izango horrelako zentro batzuk egitea, areago euskaltegien partaidetzarekin. Baina, ez dakit zergatik (edo bai), esango nuke arazo nagusia ez litzatekeela administrazioan egongo. Hain erratuta, erreta edo erretxinduta nabil?

Erantzun honi

Datorrena datorrela, aldaketa gogoz etorriko da. Eta nik ere ez dut uste arazoa administrazioan egongo litzatekeenik.

Erantzun honi

Nik uste dut kontua errotik aldatu egin beharko litzatekeela. Euskaltegiak hezkuntza sisteman sartu egin beharko lirateke, helduentzako ikastetxeak beharko lirateke, EPA horien pareko, ez Kultura Sailapean.

Oraingo egoeran euskaltegiek estatus extra-akademikoa-edo daukate ofizialki, irakaskuntza ez araututzat hartzen da ofizialki.

Urtetan HABE erakundeak eskatu dituen programazioak, memoriak eta bestelako burokraziak betetzen ibilitako irakasleak, helduen euskara irakaskuntzatik hezkuntza sistema publikora igaroko balira urtetan egindako lana ez araututzat joko litzateke ofizialki eta lan poltsa batean edo oposizioren batean 0,0 punturen saria izango lukete, judo edo karate akademia batean monitore ibilitakoek beste.

Kanpotik etorritako pertsona heldu batek hemengo bi hizkuntzatan alfabetatu nahi izango balu, gaztelania ikasteko hezkuntza sistemara jotzea luke, euskara ikasteko oraindik ere gau-eskola kutsua duen euskaltegi batera beharko.

Kontu hau guztiaren erakusgarri: duela gutxi jakin dut didaktikarekin ardura berezia daukaten HABEko teknikariek ofizialki "itzultzaile" lanpostua daukatela.

Behar bada foro hau edo beste bat erabili beharko genuke euskaltegiak hezkuntza sistemara orain! bezalako taldea sortzeko, ala badago sorturik nonbaiten dagoeneko?

Erantzun honi

Aupa Gorka,
Nik dakidala ez dago inon halako talderik, dena dela plataforma hau erabili nahi baduzue ez dago arazorik batere. Izan ere, erabiltzaile guztiok daukazue aukera talde berriak sortzeko, aukerak (daudenak) konfiguratzeko eta nahi duzuen jendeari gonbidatzeko.
Edozelan ere, laguntza teknikoa behar baduzue, galdetu baino ez duzue egin behar eta gustura emango dizkizuegu azalpenak eta abarrak.

Erantzun honi

Arrazoi duzu Benito, gure ingurura begiratuta (geure burua barne, agian) askotan bertangoxo gaudela dirudi eta berrikuntzarako indar gutxi somatzen dut. Ohitu egin garela ematen du: ez digute inoiz ezer eskaini, beraz, ez dugu ezer espero. Baina, baina, baina... Hezkuntzakoen aldean urteak nabil inbiria pasatzen: batek esaten dizu pizarradigitala "ekarri" dietela, eta eskolan ez dakitela zer egin traste harekin; eztakitzelako ikastaroak eskaini dizkietela; irrati estudioa montatzeko guztia erosi dutela... Enfin, urteekin enbidioso hutsa bihurtu naiz hezkuntzakoekiko, snif!

Eta ez, Plisti, ez dizute jaramonik egingo.

>euskaltegiak hezkuntza sistemara orain!

Eskakizun historikoa, garai batetik hona ahaztua. Berraztertu beharko litzateke. Agian nahikoa litzateke Helduen Euskalduntze Duina orain! leloarekin.

Erantzun honi

Nolabaiteko distantziarekin, baina urteek emandako eskarmentuarekin (?) erantzuten dut. Nire ustez gakoa ez da go Hezkuntza Sailean edo Kulturan kokatuta egotea, barruko "izpirituan", jarreran, bide berriak irekitzeko ausardian... baizik. Hau badakit ezin zaiela guztiei eskatu. Baina batzuok erakusten duzuen kezka, gogoa... zuzenago transmititzeko bideak aurkitzea litzateke agian emankorrena. Interneta tresna bat da, bere gaitasunak eta ahalmenak ditu.., baina ezinbestekoa deritzot aurrez aurreko jardunari. Begira, bestela, gune hau, Karrauja...: sekulako gogoetak, proposamenak plazaratzen dira, irakurriak izango dira...baina eraginkortasunaren aldetik hankamotz ikusten ditut.

Udal Euskaltegiak ez beste sareak garai batean bizi eta eraginkor sumatu nituen. Agian administrazioak batzen zituen, bai beronen aurrean eskariak eta proposamenak egiteko, bai beronen inguruko eta beronek sustatutko elkarlanean aritzeko. Azkenaldian ixil samar daudele begitzantzen zait edo nor bere proiektuetan murgilduta. Udal euskaltegiak aspalditik daude nor bere aldetik, ia inolako koordinaziorik gabe, urteko une jakin batzuetan izan ezik (propaganda, azterketak...). Ezinbestekoa iruditzen zait osoatasunaren ikuspegia, euskararen normalizazioa ardura komun bat bezela ikustea eta sentitzea.

Hezkuntza Sailean sartzea? Agian honetarako, oraingoa izan liteke garairik aproposenetarikoa. "Aldaketa" garaia ez da bada?

Erantzun honi

Bat nator zurekin neurri handi batean, gakoa ez da zein sailaren azpian jartzen den HEA, zelan sustatu eta antolatzen den baino.
Askotan gainera, sentsazioa izaten dut gure gaitz batzuen erroa ez ote den hezkuntza-sistema eta eskola arautuaren eskemak, ikuspegia eta terminologia aplikatu nahi izatea bestelako bezeroak (helduak) dituen eta testuinguru ezberdinean (modulazioak, lokalak, jarduera anitzagoa...) diharduen sektore bati.

Erantzun honi

Nik ere horrela ikusten dut. Hezkuntzakoen estatusa izan behar dugu. Duintasun bera. Baina ez dugu klonikoak izan beharrik. Badakizue urrutiko intxaurrak hamalau izaten direla. Bestelakoa zen nire asmoa. Hara: nik euskaltegien barruko eta elkarren arteko jarioa sustatzea dut helburu. Arterioesklerosiak jota dagoen zirkulazio sistema biziberritzea. Gaztetzea. Eta horretarako botika behar dugu, txute bat, bizigarriren bat. Horregatik proposatu dut berritzeguneak abian jartzea. Sare guztietako partaidetzadun eskualdekako talde horizontalak, alegia. Jakin dakidan arren, zaila izango dela. Jakin dakidan arren, akaso gauerdian eztulka ari naizela.

I.O.: eskualdekako idatzi dut, nahiz eta zatiketa espazial hauek gero eta logika gutxiago izan. Beno, pentsatuko dugu beranduago horretaz (aukerarik badago, behintzat).

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak