Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Jar gaitezen une batez irailera begira. Hortxe dugu ikastaro berria ostertzean. Zer aurreikusten duzue? Krisia gurera ere helduko ote da?

Badira arrazoiak honela pentsatzeko:

Gure ‘merkatua’ oso lotuta dago lan-merkatuari, lana baita hiritar askotxok euskara ikasteko duen arrazoi nagusia. Badirudi, oposaketa prozesuaren ostean eta Jaurlaritza berriaren joerak ezagututa, presio hori, maila psikologikoan batik bat, jaitsi egingo dela. Eta honek beheranzko joera ekar lezakeela matrikulazioan. Bestalde, ikusteke dago krisia ekonomikoak berak ere zer-nolako eragina izango duen.

Eta nolako jarrera izan behar dugu honen aurrean? ‘Zer edo zer izango da’ esan eta patxada betean geratuko al gara? Hainbeste maite ditugun epe laburreko politikak erabiliko ote ditugu? Lasai-lasai gelditu, zirkinik ere egin gabe?

Nire ustetan, datorkigunari antzeman eta aurrea hartu behar diogu. Hizkuntza- politika egoki baten aldarria eginez eta merkatuari egokituz: modulu eta ikasteko-era anitzagoak eskainiz, beka-sistema egokiak ezarriz (doakotasunaren bidean), publizitatearekin hobeto asmatuz…
Baina baliteke hauek guztiak ni bezalako morroi urduri baten burutazioak izatea. Litekeena da krisiarik ez izatea eta izatekotan Lopezena izatea erru guztia. Akaso, agian, beharbada.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Helduen euskalduntzean krisiek zer eragin izaten duten jakin beharko genuke lehenengo. Nago askok honako irakurketa egiten dutela: krisia, jende gehiago lan bila batetik eta denbora libre gehiago bestetik, beraz euskaltegian matrikulatzeko arrazoi eta aukera gehiago. Hala izaten da?
Bestalde, EAEko gobernu aldaketak zer ekarriko duen-eta ez da asko berba egiten, aho txikiarekin edo kanal pribatuetan ez bada behintzat, zain edo begira gaudela ematen du hain zuzen ere. Egingo nuke honez gero baten bat posizioa hartzen hasi dela isilean, ezin jakin eta esan, baina ez da erraza zer datorren antzematea.
Argi dago gobernua eratu duten alderdiek euskararen "inposizioa" eta "politizazioa" bezalako leloak erabili dituztela sarri. Pentsa daiteke horri buelta eman diotela pentsarazteko zerbait okurrituko zaiela, irudi mailan baino ez bada ere, beraz, efektu-kolperen bat espero beharko da. Argigarria iruditu zitzaidan Pello Salabururen artikulu hau.
Eta zer egingo dute? Ez dakit ba, sozialistek programan HABE eta euskaltegien paperaz egiten zuten berba, argitu edo zehaztu egin beharraz, baina gehiago zehaztu barik. Internet eta telebista ere aipatzen zuten. Baliteke zerbait berri egiten dutelako irudia eman behar eta teknologia eta hedabideak horren seinale modura erabiltzea. Dena dela, Salaburuk dioenaren haritik, horren atzetik sektorea eraginkortzeko asmoa egongo ote da benetan? Ala unean-unean (batzuei edo besteei) zerbait "saldu" beharra besterik ez?
Edozelan ere datorrena datorrela sektoreak bat eginda jardutea komeniko da, eta hortxe ikusten dut nik arazorik handiena.

Erantzun honi

Ezer baino lehen, poztu nau, Plisti, zure lumaren presentziak eta, bide batez, blog honetan erdi-lokartuta zegoen eztabaidari haize berriak emateak.

Planteatzen duzun gaiaren haritik, nik uste dut euskaltegiek etengabe izan behar duten jarrera bat aktibatzeko balio duela proposatu diguzun hausnarketak. Izan ere, behin eta berriro galdetu behar diote beren buruari "eta bihar zer?" Une honetan ez naiz mundutxo honetan ari, baina beti izan dut argi unean uneko aukerak aprobetxatu behar direla eta datorkigunari adi egon. Izan ere, gobernu aldaketarekin zein aldaketarik gabe, bagenekien (badakigu) Osakidetza, adibide bat jartzearren, zenbait urtetarako ikasle-iturria izango dela/zela eta ezin garela lozorro goxoan gelditu.
Bestalde galdera bikoitza, gutxienez, egin beharko litzateke: "Nola bete gure euskaltegiak?" eta "Noraino ez da ailegatu oraindik euskararen arnasa?" Alde batetik, gure "negozioaren" biziraupena; bestetik, euskararen etorkizuna. Bigarren honi dagokionez, argi dago pilota ez dagoela gure teilatuan soilik, "hizkuntza politika egokia" ezinbestekoa dela, baina geuri ere badagokigu neurri batean behintzat.
Garai berriaz zer esan? Adi egon beharra dugu, dudarik gabe; baina gehiegizko beldurrik gabe. Nik ez dut uste orain "mamua" datorkigunik. Badakigu zer esaten den Zesarren emazteaz. Ba "frontismorik ezaz", "guztion gobernuaz" hitz egiten dutenek, begitazioak uxatu eta nolabaiteko konfiantza eskuratu nahi badute, hitzetatik haratago joan beharko dute; eta hasierako urratsetan are eta gehiago. Agian hausnarketa inozo samarra izango da, baina hori da une honetan uste dudana.
Benitoren azken gogoeta funtsezkoa iruditzen zait: sektorearen batasuna. Eta horretan udal euskaltegien inplikazio handiagoaren premia ikusten dut, gainontzekoek azken urteotatik urrats sendoak ematen ari baitira. HABEren azken zuzendaritzapean ere urrats txiki baina esanguratsuak eman zirelakoan nago.

Erantzun honi

Nik neuk kezkak ditut nagusi.

Kezkatuta nago ez dugulako jakin euskara trintxeretatik ateratzen. Esanak esan, batzuena eta ez besteena dela sentitzen dugulako/dutelako. Komunikazio-tresna izan beharko lukeena tresna-politiko bilakatu dugulako/ dutelako zenbaitetan. Datozen garaiotan joera hau areagotu egin litekeelako.

Kezkatuta nago hizkuntza-politika bertikalegiak, ‘politikoegiak’, sustatu direlako; herri-ekimena ez delako behar beste zabaldu, behar beste sustraitu, behar beste trinkotu. Kezkatuta nago Martak eta Egoitzek ez dutelako euskara bere sentitzen. Ez dutelako euskaraz hitz egin beharrik sentitzen.

Kezkatuta nago euskaltegiok altzairuzko gerria dugulako, txikiak izanik ere mugitzea asko kostatzen zaigulako, beti hurbileko betaurrekoak jantzita daramatzagulako eta berritze gaitasun urrikoak garelako. Kezkatuta nago sektorea trinkotu barik, ahul eta apur bat noraezean ikusten dudalako. Inoiz ezagutu izan dugun krisia ekonomiko latzenaren aurrean begiak itxita ditugulako. Jaurlaritzak sustatutako hizkuntza-politikaren agente huts bilakatu garelako, ez dugulako apenas ekimen propiorik abiatu.

Kezkatuta nago trumoi-buruak ikusten ditudalako eta ekaitzak batzuetan gainetik pasatzen badira ere, sarritan tximistak eta euria ekartzen dituztelako. Kezkatuta nago batzuk irtenbideak bilatu beharrean errudunak bilatzen hasi direlako.

Kezkatuta nago eta zin dagizuet ez dela Lopez nire kezka nagusia.

I.O. : Pozak gehienetan bi alde izaten ditu Aitor, nik ere gustura irakurtzen ditut zureak. Argi dago oraindik ere euskaltegian duzula gogoaren zatitxo bat bederen, eta eskertzekoa da. Dena den, badira pare bat gauza nahiko modu kriptikoan aipatu dituzuenak Benitok eta biok: sektorearen batasuna kolokan ikustearena batetik, eta udal euskaltegien inplikazioa handitu beharrarena bestetik. Ideiok zabaltzerik bai?

Erantzun honi

Tira, ez dut uste sekretu handia denik, zuk zeuk esan duzu: "sektorea trinkotu barik, ahul eta apur bat noraezean". Une honetan Helduen Euskalduntze Alfabetatzean EAEn dihardutenen artean ez dirudi kohesio handirik dagoenik. Alde batetik Udal Euskaltegiak, bestetik pribatuak. UEn artean -jakin ez dakit ondo, baina barruntatu bai- lotura eta lotune askorik ez bide dago. Pribatuetan bestetik ahalegin batzuk egin arren, erakunde eta euskaltegi guzti-guztiak bat egitea ere ez da erraza izaten: "konpetentzia" ikuspegia, komunikazio falta, sareak oso desberdinak dira tamainan, funtzionamenduan eta barne-loturan... Eta sare handi bien artean ere kanal gutxi ezta?
Neuk ere esango nuke Lopezen koadrila ez dela nire kezka nagusia une honetan (lasaitasunik ere ez didate ematen), baizik eta HEAk berak datozen erronkei (eta Lopezena ere erronkatzat har daiteke) nola egingo dien aurre.
Hala ere, asunto honetan ohar txikitxo bat egin nahi nuke, gogorarazi hobeto esanda. HEA ez da EAEra mugatzen, Nafarroan eta Iparraldean ere bagabiltza, eta han baldintza administratiboak badakigu zelakoak izan diren aspaldi.

Erantzun honi

Udal Euskaltegien inguruko aipua: Hogeitaka urte eman dut udal euskaltegian eta, errealitatea zenbat eta gehiago ezagutu, urteak aurrera joan diren neurrian, orduan eta gure arteko sakabanaketa-sentsazio handiagoa eta elkarrekin modu koordinatuan aritzeko premia handiagoa izan dut. Are gehiago azken urteotan.
Aurreko mezuan nioenez, azken urteetan sektoreko beste sareak elkarlanerako lehenengo urratsak ematen ikusi ditut (lan-baldintzak hobetze aldera, HABErekiko hitzarmena berritzeko...); gure burua, ordea, des-antolatuta ikusi dut. Gauza batzuetarako elkartu egin gara gainontzeko sareekin baina oso modu puntualean eta beti beste baten ekimenari jarraituz: azken bi ikasturteetako hasiera-ekitaldi akademiko bateratuan, egunkarietan egin izan den publi-erreportaian, baina oso modu apaleko presentziarekin... Eta diodan moduan, oso ekimen puntualak izan dira, inondik inora mezu honetan Benitok planteatzen duen funtzionamentu batu batek eskatuko lukeen jokamolde indartsuaren neurrikoa. Eta behin egongo elkartuta (?) zerbaitetan (Kontseiluko bazkidetzan), eta badirudi horrek ere ez duela jarraipenik izango. Gure izaerak badakit nahiko baldintzatzen gaituela (nor bere udalaren erakunde autonomiaduna baikara), baina uste dut izaera honek markatzen dizkigun mugen barruan askoz gehiago egin dezakegula/egin behar dugula elkarlanaren esparruan.

Eta hau guztia zuk planteatzen duzun egoera berri, kezkagarri horren barruan

Erantzun honi

Krisia dela eta ez dela. Gogoeta txikitxo bat.
Pentsa daiteke (lehengo mezuan aipatu dudan bezala) krisi garaiak hizkuntzen irakaskuntzarako aukera izan daitezkeela. Denbora gehiago, prestakuntzarako sasoia, CVak osatzeko aukera... Baina era berean ikusten hasi gara ikasteko aukerak ere gero eta anitzagoak direla. Une honetan euskara ikasteko euskaltegi batean matrikulatzea ez da aukera bakarra adibidez, eta nork bere kontura bere denbora, ikas-prozesua edo ibilbidea kudeatzeko modua ematen duten eskaintzak gero eta ugariagoak, ahaztu barik edonoren eskura doan dauden baliabideen eta jardueren zerrenda ere haziz doala etengabe.
Krisiak honelako zerbait areagotu egin dezake?

Erantzun honi

Ikasle-gaiak egin behar duen lehenbiziko hautua,erabakigarriena, euskara ikastearena ala ez ikastearena da. Honetan, zalantzarik ez, garrantzi handikoa da lehen-motibazioa: kanpotiko eskaera den, estrintsekoa (lanerakoa…); barrutikoa, intrintsekoa (komunitate baten partaide izatekoa…) edo mistoa. Funtsezkoa da, halaber, lehen-motibazio horren graduazioa edo indarra. Honetan guztian oso kontuan izatekoak dira faktore sozio-politiko-linguistikoak. Hain zuzen ere, hurrengo urteotan ziurrenera aldatu egingo direnak eta eragina izango dutenak gure ekinbidean. Hauxe dugu, beraz, aztertu eta aurreikusi beharreko lehenengo faktorea.

Honekin guztiarekin batera, ikasle-gaiak helburua lortzeko kostuaren kalkulua egin behar du. Kostu hori denboran eta dirutan neur liteke. Tamalez, badirudi zenbait hiritarrek, askok, denbora gehiago eta diru gutxiago izango dutela. Batetik irabazi eta bestetik galdu. Honetara dator lehenagoko batean aipatu nuen beka sistema zabaltzearena eta doakotasunaren aldarria. Lazgarria izango litzateke arazo ekonomikoak direla eta, euskal hiritar bakar bat ere euskara ikasi gabe gelditzea edo euskararen ikas-irakaskuntza formaletik at gelditzea, oinarrizko eskubideetako bat izan beharko litzateke. Bestalde, helbururen bat lortu nahi denean, helburu hori lortzeko bideak hautatu behar dira eta hautu honek garrantzia handia izango du aipatutako kostuan ‘Zer/Nola/Zenbat’. Zilegi da ikasle-gaiak euskara ikasteko euskaltegirik ez erabiltzea: sareak, ikaskuntza informala, PLN, PLE edo dena delakoa erabiltzea. Arrazoizkoa da hori. Baina ez da arrazoizkoa, inola ere, bide horiek soilik derrigorrez erabili behar izatea, ikas-irakaskuntza formalerako ateak matrikula-kostuaren sarrailak ixten dizkiolako.

Bultza ditzagun, beraz, ikaskuntza informalerako kate-mailak, sor ditzagun jario aberasdun sare trinkoak baina berauek ez daitezela inoiz izan inoren edota ezeren estaltzaile edo ordezkari faltsuak.

Erantzun honi

Bai, baina kontuz, irakaskuntza formala ere ez dira euskaltegiak soilik. Hain zuzen ere "autoikaskuntza" deitzen den hori ere hor dago, aurrez aurrekoa bezain "formala" gehienetan. Izan ere, aurreko gogoeta hortik etorri da, inguruko ikasle-jenderengan interes berezia nabil sumatzen azkenotan horrelakoekin: dabilenari galdetu, informazioa eskatzen dizute (eta zer da BOGA hori? eta etxetik ikasteko zer dago?...).

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak