Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Ainhoa Ezeiza

EGA azterketak sareratzea, elkarlana eta Iban Asenjoren adierazpena

Gaurko Amarauna saioa entzun ahal izan dut Atoan-eko aipamenari esker nahiz eta ordu horretan familia-zereginak betetzen ari nintzen. Norbaitek (badakigu nork) igandean irratian hitz egiteaz gain gainerakoon eskuragarri jarri digu irratsaioa, baita irratsaioari lotutako blog erreferentziaren bat ere. Egin ote zion norbaitek eskari ofizial bat elkarlana susta dezan euskara irakasleen artean?

Irratsaioan zehar, Iban Asenjo jaunak honako argumentuak erabili ditu (oker ez banago):
1. Medioek ez dute Eusko Jaurlaritzaren bertsioa hedatzeko modua eskaini. Ea, Sustatu-n komentarioak egiteko aukera itxi dute ala? IKTeroen blogean baimen berezia eskatzen da iritzia agertzeko? Teketenen gunean noizdanik da itxia iruzkinak gehitzeko aukera? Ez al da Eusko Jaurlaritzaren aipamenik egin Diario Vascon? Mesedez, azal iezadazue nolatan ezin izan duen Eusko Jaurlaritzak bere ikuspegia azaldu, zergatik ezin izan duen lehenago adierazi Iban Asenjo jaunak azterketak sareratzeari buruz zuen ikuspegia

2. Legeak errespetatu behar dira, copyright kontuak daudela tartean, baita jabetza intelektuala ere. Esan daiteke azterketa ofizial batek jabetza intelektualerako eskubide bera duela? Erotu gara, ala? Zein da azterketaren autorea? Ze, nik dakidala, legeak egilea errespetatzen du, pertsona. Baina, ez al da hobe azterketa egin behar duten ahalik eta pertsona gehienek ezagutzea azterketa-mota? Ez gara nobela batez hitz egiten ari, ezta testuliburu batez ere. Aurreko urteetako azterketak dira, besterik ez. Egile-eskubideak egileak lana ekoizteko pizgarri gisa asmatu ziren, baina EJk ze pizgarri behar du azterketak diseinatzen jarraitzeko?? Gainera, zehatz-mehatz erreferentziatu da egilea, inork ez du inoren lana bere egin nahi izan.

3. Pirateoa aipatu du, hori gehiegizkoa da, zalantzarik gabe. Lehenengo kontua, ia ahaztu dena: Eusko Jaurlaritzak ahoz eskatu izana nahikoa izan da materiala erretiratua izateko. Gaizkiulertu bat egon da atzean, ez asmo txarra. Aurreko baimena gainerako kasuetarako baliagarria zela pentsatuta jarri da materiala sarean, ez inori negozioa hondatzeagatik. Eskerrak eman behar zizkioten Maiteri hain eraginkorra izateagatik. Mesedez, Iban Asenjo jauna, eztabaida dezala EJko eragile batek azterketen ustiaketa publikoari buruz gaia zabaldu den interneteko guneetan.

4. Eusko Jaurlaritzak 2006 urte arteko azterketak leku ofizialean jarri ditu (.pdf formatu ez oso lagungarrian), baina Iban Asenjo jaunak datu batzuk zehaztu beharko lituzke: noiz jarri zituzten, zein egunetan? Non eman dute jakitera?

5. EGA azterketako eredu-aldaketa ez zaio iruditzen arrazoi nahikoa Iban Asenjo jaunari eredu horiek formatu elektronikoan edonoren esku jartzeko, izan ere, euskaltegietan eta institutuetan badakite zertan aldatu den azterketa, zertarako orduan? Galdera egitea ere! Akaso euskaltegi batetik pasa behar du gazte euskaldunak EGA azterketa zertan aldatu den jakiteko? Ah, noski, liburua erosi behar du. Hori bidezkoa da?

6. Elkarlanerako ez omen du inork gonbidatu Eusko Jaurlaritza. Hau bereiziki aipagarria iruditzen zait. Elkarlanerako inork ez dit niri eskari ofiziala egin, hemen eta bestelakoetan lanean dabiltzan beste batzuei eskatu ez zaien bezalaxe. Elkarlanerako nork bere burua eskaini behar du, Morauk prentsaurrekoan esan bezala, ezin da konpartitu nahi ez duenarekin. EGA prestatzeko gunea egiteko proposamen publikoa egin nuen Sustatun eta EJko inork ez zuen nirekin kontaktatu, bai AEK-koek

Beste era batean hasi behar da lan egiten, baina jakina, momentu hau ez da ona Eusko Jaurlaritzari ezer eskatzeko. Itxaron beharko hilabete pare bat, ea ondoren datozenek hobeto ulertzen duten zer den elkarlana eta zer diren Creative Commons, copyleft eta antzerako lizentziak. Euskararen etorkizunarentzat estrategikoagoa da hau ulertzea, EGA tituluak banatzen aritzea baino.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Ondo laburtu duzu esandakoa, eta gure sentsazioak ere antzerakoak. Bereziki mingarria egin zaizkit niri "delitua", "pirateria" eta halakoak. Orain lana hartu, produktua hobetu eta guztion eskura jartzea delitua ei da. Plisti-plastak ederto baten ekarri zuen atsotitza lehengoan: Ondo eginen pague, ate onduen palue!.
Bistan geratu da dena dela Asenjok presioak izan dituela, norbait ibili da materialok erretiratzeko sakatzen. Nor eta zergatik? Ez da zaila izango asmatzen.
Eta elkarlanarena, ba, argi dago, gaur egun publikoan esanda polito geratzen diren formula horietako bat baino ez da. Hauteskundeetako sloganak bezalaxe. "Gu elkarlanerako prest gaude". Esan bai, baina gero inork zer den eta zelan egiten den ez dakiena.
Zuri administraziotik ez dizu inork erantzun elkarlan eskaera bati, Maiteri ere seguruenik materialak erretiratzeko baino ez diote deitu, eta alor batean eta bestean dihardugunoi -ez nabil Hezkuntza sailagatik soilik- normalean administraziotik inork ez digu deitzen ez zertan ari garen galdetzeko, ez zer arazo ditugun jakiteko, ez gure proiektuen berri izateko, ez zerbait behar genukeen galdetzeko, eurek kudeatu eta jarraipena egin beharko lieketen gauzak hain zuzen ere.. Eta ez nabil "berrikuntza" horretan sartzen diren harrikadengatik edo norberaren inbentoengatik, ez. Eurek teorian apur bat gobernatu beharko lituzketen gauzak dira, eta horretarako departamenduak eta arduradunak dituzte sarritan, baina pertsonen erara barik, xedapen, agindu eta izan ere-z beteriko diskurtsoen bidez soilik hitz egiten denean.
Bestalde, beste gauza bat argi. Jende honek internet-en dihardugun pertsonei ez digu kasurik batere egiten. Zuk esan duzun modura erantzuteko eta azaltzeko eskaria eta aukera izan dute hainbat bider sarean, baina "Mesedez, gu interneteko fabela horietan sartu? Kar, kar... Prentsa serioarekin baino ez dugu hitz egiten, edo behar diren moduko ekitaldi akademiko-ofizialetan". Toga eta birrete nahi asko maila honetaraino jaisteko.
Ondorioa, administraziotik -datorrena datorrela- burokrazia, zurrunkeria, itxurakeria eta inkomunikazioa baino ezin dira espero, ez ilusiorik, ez motibaziorik, ez entusiasmorik, ez "elkar" aurrizkiarekin hasten den ezer. Bestela balitz, euren esku dago frogatzea, ez gurean.
Honelako paloekin baina, ez ditzagun galdu geure armarik handienak: ilusioa, irudimena, umorea eta komunikazioa. Bestela haien modukoak egingo gara, eta gainera askoz gutxiago kobratuta.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak