Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Ostiralean egin zen jardunaldiaren ondorengo haria zabalduko dugu.Iritziak, ekarpenak eta eztababaide bideratzeko. Hasi baino lehen ohar bi:

  1. Aitorrek bidali digu lehenengo laburpena. Karrajuan daukazue: “Lehenak badu geroa”: Ekitaldi akademikoaren kronika laburra. Neuk ere Karrajura bota ditut lehenengo "dibertimenduak": Kaixo neska eta Epigrafistak. Hauek guztiak ideiak ordenatzeko edo komentatu nahi duzuen punturen bat gogoratzeko balio badizue, ondo.
  2. Ostiralean esandakoa eta jasotakoa biltzeko wiki bat zabaldu dugu. Hemen daukazue. Denon artean, memoria edo jasotako oharrak erabilita guretzako nahiz han egon ez zirenentzako informazioa osatu ahal dugu horrela. Lagundu osatzen mesedez.
Bestalde, han egon zinetenok nahi duzuena kontatu edo komentatu dezakezue. Eta egon ez zinetenok galderak egin. Saiatuko gara erantzuten.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Lehenak badu geroa

Egun mozoloa daukat gaur. Esateko gauza asko eta idazteko gogo gutxi izaten den horietakoa. Zer egingo diogu, ba! Barkatuko didazue loturarik gabe idazten badut, bor-borrean, zertzeladaka, ateratzen den moduan. Barkatuko didazue. Esan dezadan lehenengo eta behin, oso beharrezkoak iruditzen zaizkidala horrelako jardunaldi akademikoak baina, baina, baina…

  • Formalegia iruditu zitzaidan. Apur bat zurruna. Hitz neurtu gehiegitxo antzeman nuen.
  • Formatoak ere ez zuen laguntzen. Lekuko mutu gehiegi zeuden aretoan, parte hartu ezinda.
  • Intelligentsia bertan zegoen baina infanteriako irakasle gutxi ikusi nituen.
  • Endogamiko samarrak gara. Nahiko bakartiak. Unibertsitateko, hezkuntzako, enpresetako zenbait pertsonen ekarpena edo presentzia, sikiera, ere eskertzekoa izango litzateke halakoetan.
  • Euskaltegiak ‘eusk@ltegi@k’ izateko, kultura aldetiko urrats asko eman beharra antzeman zen zenbait planteamendutan eta jardunaldiaren eraketan bertan ere bai.
  • Azpimailaketari dagokionez, aspaldi egin beharreko lana zen. Batetik, beharrezkoa delako kurrikulua eta Europako Markoa uztartzea. Bestetik, oso urrun geratzen direlako lehen zehaztapen maila- markoa- (HEOK) eta hirugarren zehaztapen maila (egunez eguneko programazioa). Beharrezkoa da tarteko bigarren zehaztapen maila hau. Baina ez da nahikoa. Honekin batera, abian jarri behar dira egitasmoak bigarren zehaztapen maila eta hirugarrena uztartzeko (helburuak eta programazioak). Nire ustetan, une polita da partekatze proiektu poligestionatuak abian jartzeko. Beldur naiz ez ote diren beste bederatzi urte pasako horretan hasi baino lehen.
  • Ez dugu izenekin asmatzen, azpimailaketaren izenak nahaspila hutsa dira (honetan Europako Markoak ere baditu 100 kilo erru).
  • Gazteak euskaltegira ez etortzearena, gizonak ez etortzearena, ikastaro trinkoak ez aukeratzearena… ezin dira kanpaina erakargarri bidez konpondu. Arazo estrukturalak dira eta bestelako planteamenduak eskatzen dituzte.
  • Nire ustetan azpimarra jarri zen autoikaskuntzan eta ikaskuntza konbinatuan baina oso azaleko gauzak esan ziren. Ez zen erraza asmatzea, aretoan zeuden askorentzat oinarrizkoegia izan zen eta beste batzuentzat agian beren errealitatetik kanpokoa. Tailer espezializatuagoen beharra antzeman nuen.
  • Kanpoan geratu ziren interesgarriak izan zitezkeen zenbait kontu ‘emergente’, besteak beste: sarean nola lan egin (badaude zenbait esperientzia), etorkinekin egindako lana, 4. Maila…
  • Berriro ere esango dut baina ez dugu izenekin asmatzen. Adibidez, autoikaskuntza eta ikaskuntza konbinatua bi errealitate bezala aurkeztu ziren, hala ere, nire ustetan jendeak ez zuen aldea ikusi. Autoikaskuntza deiturikoa, gaur gaurkoz, gehienetan ikaskuntza konbinatua baita. Badakit batzuen ustez, autoikaskuntza = ‘batez ere, norbanakoa kontuan hartzen duen ikaskuntza konbinatua’ dela eta ikaskuntza konbinatua deiturikoa= ‘taldean ardaztutako ikaskuntza konbinatua’. Hau mordoiloa! Baina nago izenek ez ezik, kontzeptuek ere ez ote diguten kale egiten. Ni neu behintzat ez nago ados entzun nituen zenbait gauzarekin.
  • Dozena bat puntu, nahikoa gaurkoz. Azkeneko honetan berriro ere hasierakoa errepikatu nahiko nuke. Kritikak kritika, beti dela ona ur (edo ardo) pixka bat eztarriko lakarra kentzeko eta honelako jardunaldiak ere behar beharrezkoak direla, nahiz eta hobetzeko kontu asko izan. Ez nuke nahi inork pentsatzerik ez ditudala halako jardunak estimatzen.
Lehenak izango al du geroa?

Erantzun honi

Azpimailekin zalantza batzuk dauzkat. Alde batetik, gustatu zitzaizkidan Aintzane Ibarzabali ulertu nizkion batzuk: orduen araberako banaketatik harago joan behar dela, ikas-prozesuaren gora-beherak identifikatu behar direla, eta azpimailetan ez dela hainbeste ibili behar zertifikazioari edo "azterketei" begira. Abiapuntu ona da, baina azpimailak ezartzeko orduan posiblea da oso urratsen letaniara itzultzea, eta kasu honetan ez HABEtik datorenagatik, urteetan errotutako errutinengatik baino.
Eta Aintzanek esan zuenetik tiratuta galderak botako nituzke: zertarako balio dute azpimailek/urratsek? Taldeak egiteko? "Azpitituluak" emateko? Klaseko jarduna "paraleloan" antolatzeko? (aipamena egin zuen Aintzanek taldeen hetereogeneitateari buruz: horri irtenbidea emateko balio beharko lukeela edo). Ratioak igotzeko? Jaisteko? Programak eta ibilbideak antolatzeko? Ikas-prozesuaren mapa bat edukitzeko?

Erantzun honi

Hona Aintzanek erabili zituen diapo garrantzitsuenetan ageri zena:

 Azpimailen beharra

Lan- Markoa

  • HEOKren eta Europako Erreferentzia Markoaren mailak hurbildu.
  • Helburu hurbilagokoak zehaztu.
  • Maila bera argiago definitzen lagundu.
  • Oraindik 'erabiltzaile aske'  ez direnen ibilbidea zehazten lagundu.

Bitartekoak

  • Baliabide zehatzagoak eskaini.
  • Materialgintza-proiektuen abiapuntu.
  • Modulu eta ikastaroak helburu jakin batzuen arabera antolatzeko.

Kudeaketa

  • Denbora estandarrak definitzen laguntzeko.
  • Denbora kontzeptua helburuen lorpenarekin uztartzeko.
  • Maila eta urratsa kontzeptuen arteko jauzia gainditzeko.

Egitasmoaren ezaugarriak

  • Azpimailen helburu orokorrak eta zehatzak.
  • Edukiak:

                       > Komunikazio-jarduerak (jarduera xeheagoak) eta estrategiak.

  • Erabilera eta baliabideak:

                      > Funtzioak.

                      > Testu generoak.

                      > Gaiak.

                      > Adierazpide linguistikoak.

  • Ebaluazio irizpideak.
  • Hizkuntza-lagin eredugarriak.

Erantzun honi

Plisti, postura egingo nuke e-postaz 10 Mb heldu zaizkizula.

Erantzun honi

Bai jauna, asmatu duzu! ;-D Kezka batzuk, azaletik bada ere:

Oraindik 'erabiltzaile aske' ez direnen ibilbidea zehazten lagundu.: syllabus hierarkizatu bakarrerantz joko da ala ibilbide pertsonalizatuagoak ahalbideratuko dira? Proiektuekin lan egiterik bai ala helburu/edukiek objektu funtzioa hartuko dute?
Materialgintza-proiektuen abiapuntu Proiektuok partaidetzan oinarrituko dira ala euskaltegi bakoitzaren esku utziko da lan hau? Berriro ere Sisifo?
Denbora estandarrak definitzen laguntzeko. Barkatu, hau nire mania da, baina estandar hitza ikusi eta gorriuneak ateratzen zaizkit azalean.
Azpimailen helburu orokorrak eta zehatzak. Konpetentzia helburuak izango dira, ezta?
Funtzioak. Apur bat harrigarria egin zait funtzioak agertzea eta ez arloa, elkarreragin mota edo testuingurua.

Azkenik urak neurera ekarrita, esango al dit norbaitek nola uztartuko diren azpimailetako helburuak eta BOGArenak? Programa paralelo bat sortu beharko al dugu Moodle-en? Gogoratu, gaur gaurkoz, BOGA dela eduki nuklearra eta berau jabeduna eta aldaezina dela.

Nola lortu behar dugu azpi-maila eta urratsa kontzeptuak bereiztea? Zeintzuk dinamika jarriko dira abian? Ez da ba, berriro ere, torihauetahorkonponmarianton izango, ezta?

Erantzun honi

Materialgintza aipatu duzu. Jardunaldiaren ostean gai hori irten zen batzuen arteko post-partidoan. Batzuek abiatu behar den materialgintza proiektu horretan arrisku hori ikusten zuten: HABE orain hasiko da 1. mailarako materialak egiten, orduan, guk zer egin behar dugu? Egiten jarraitu, itxaron? Proiektu horren partea izango gara? Noraino? Materialon oinarrizko diseinuan parte hartuko dugu?
Edozelan ere, era horretako inkognita gehiago zabaltzen dira, ez materialekin soilik.
Adibidez, EKPetan azpimailen egokitzapena egin beharko da. Norainokoa? Bitartean zer egingo dugu? Euskaltegiek orain arte kantxa eduki dute 1 maila osoa nahi erara antolatzeko, baina argi dago HEOKen islatu beharko direla azpimailok, eta zehaztapen maila guztietan garatu. Nola? Denok erantzun beharreko galdera, duda barik.
Prestakuntzan ere antzek zerbait komentatu zen, HABE eta euskaltegien artean adostu eta antolatu behar dira gauzak.
Azken batean gauza hauekin guztiekin uste dut beste erronka bat zabaltzen dela: HABE eta euskaltegien artean elkarlana, partaidetza eta komunikazioa zelan bideratu. Beti predikatzen den gauza izaten da, alderdi guztietatik, baina esango nuke inoiz inork ez duela argi planteatu: eta zelan bideratzen da partaidetza eta elkarlana?
Tira.
Bi hitz aipatu dituzu: funtzioa eta konpetentzia. Neu ere geratu nintzen apur bat harrituta "funtzioa" entzun nuenean. Aspaldian entzun barik edo, eta egia esanda, ez dakit betiko esanahia (nozio-funtzionala) eman zitzaion edo adiera berriren bat hartu duen.
"Konpetentzia" zuk aipatu duzu orain, eta egia esanda, lehengo egunean adi egon nintzen inork botako zuen edo. Baina nik neuk behintzat ez nuen entzun.
Gure ikasle tipoak bezala, geuk ere look-a (hiztegia baino ez bada ere) modernizatu beharra daukagu.

Erantzun honi

Neuk ere zertzelada batzuk botako ditut. Denak ez, eta ordena barik gainera.

  • Orduak. Gehiegi aipatua. Ikas-prozesua klasean ematen den ordu kopurua ala ikas-mekanismoak (kognitiboak edo) martxan dagoen denbora da? Mertxe Luzuriagari entzun nion orduen kalitatea ere garrantzitsua dela, ados, eta gehituko nuke: orduen kalitatea baino ikastea martxan ipintzen duten uneen, lekuen, tresnen eta pertsonen kalitatea.
  • Esperientzia batzuk plaratu ziren, gainetik baino ez bada ere. Honelako jardunaldiak antolatzea beste modurik ez dago besteen esperientzien berri izateko? Ez nuen sumatu gainera ezer ezkutatzeko asmorik. Jendea prest dago kontatzeko, bestelako kantxak emanez gero, uste dut bide aberasgarria dugula eskura.
  • Plistirekin ados. Entzuleoi ez zitzaigun samurra ezer planteatzea. Jendea kieto, denbora gutxi, beti mahaira begira. Tiesoegia dena. Bestalde gauza gehiegi buruan prozesatu edo apuntatzeko (postura txarrean gainera).
  • Iñaki Muruarekin ados. Badakit oso erraza dela kritikatzea, baina gaur egun edozein jardunalditan dokumentazioa ematen zaie parte-hartzaileei aurretik. Ez naiz hasiko interneten jartzerik eskatzen, ez, oso-oso-oso-oso erraza bada ere. Ez genuen izan ezta parte-hartzaileen zerrendarik ere. Dena ahoz edo Power Point-ean. Ez zitzaigun ezer esan dokumentazio hori nonbait eskuratzerik dagoen. Hizpiden agertuko direla eta ezer gutxi gehiago. Gomendiotxo bakarra gordin esanda: espabilatu, mesedez!
  • Diskurtsoak eta azalpenak hurbildu egin behar dira, "didaktizatu". Kontzeptu eta gogoeta interesgarri batzuk  (Txabarrirena adibidez) berba potoloek eta entzuleen mamuek eta nekeak blokeaturik geratzen dira.
  • Adierazleak direla eta. Kontsultore batek aspaldian ohartarazi gintuen gauza bat direla "datuak" eta beste bat "informazioa". Aurkeztu ziren adierazle horietan datu gehiegi ikusten ditut, eta interpretatzeko eta interesatzen zaiguna bilatu eta aurkitzeko pista gutxi.
  • Datuei buruz beste bat. Joseba Arbelaitzekin bat oraingoan, ikas-prozesuan eragiten duten aldagiak asko dira, eta denak ez daude gure esku. Orduak eta mailak datu eta adierazleetan nagusi. Ez dago besterik?
  • Ikaskuntza konbinatuaz kezka bi sortu zitzaizkidan.
    • Ez da ondo ulertzen zer den. Jende askorentzat mahaitik egin zen aurkezpena lehenengo kontaktua zen. (Bide batez, "intelligentsia" asko zegoela dio Plistik, eta susmoa dut gauza askoren berri gehiago eta zehatzago izaten duela landu duen infanteriak intelligentsiak baino). Askoz buelta gehiago eskatzen ditu honen kontzeptu anbiguoak, inork ez dakit zer konponbide magikoa dela pentsatzen hasi baino lehen.
    • Segitzen dut pentsatzen (eta plistik ere bai seguraski) jarraitzen ari den bidea "basoari ateak" ipintzea dela. Eredu "bat" definitu nahi dela dirudi, ez aukeren abanikoa. Sentitzen dut, ahalegina egin dute gaia landu dutenek, baina ez zait gustatzen. Norberaren harrikadak.
  • Autoikaskuntza. Gehien gustatu zitzaidana. Eta ez Lasak esan zituenengatik soilik (Lasa horrek hemen dabilen baten bati kopiatzen diola esango nuke ;-) ), partaideek -urduri bazeuden ere- erabili zuten tonoagatik baino, asuntoan sartuta daude baina ez han itxita. Ez zuten %100ean lortu, baina uste dut autoikaskuntza mamuen gaztelutik ateratzeko pausotxo bat egin zutela.
  • Gehiago etorriko direla esan zuen Erkiziak. Ondo, gehiago, ugariago eta desberdinak. Baina, oraingoa ikusita, esango nuke etorriko diren horiek oraindik zirriborrora ere ez direla ailegatu. Erratuta egongo al naiz!
Bihar gehiago.

Erantzun honi

Hausnarketabidean jartzeko parada eskaintzen digu ostiraleko saioak. Parada eta bidea;. “Parada” izan zen, unean uneko gauzak utzi, gelditu eta zenbait azalpen entzuteko. Eta “bidea” ezinezkoa delako entzundakoa bere horretan utzi.

Gauzak horrela, bat nator Plistik dioenarekin: formalegia. Egindako aukerak, gainera, horretara bideratzen zuelako: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak (titulu luzea, alajaina!) instituzionalizazio bidean jarri zuen ekitaldia

Eduki gehiegi eskaini zitzaion deborarako: agurrak, ikasprozesuaren azterketak, mahai-ingurua, HABEren egitasmo berriak eta ikasprozesuaren eraketarako eredu berriak. Horrez gain, tartean, prentsaurrekoa, denbora laburra laburtuz. Oso azaletik aritzea ekarri zuen egindako aukeraketak.

Formatora etorrita, azalpenean oinarritua. Eta denboraren laburrak bultzatuta entzulegoa entzutera behartu. Eta hona etorrita Muruari aipamen bat egin beharra: 2.0 ko betaurrekoak omen ditu. Arazoa ez da, nire ustez, 2.0koak ala 1.5ekoak izatea, baizik eta betaurrekoak jartzea ala ez jartzea: zer helburu lortu nahi den argi izatea, alegia.

Eta nire galdera: argi al zegoen zein zen ekitaldiaren helburua?

Erantzun honi

HABEren webgunean hau irakur daiteke (azpimarra nirea):

Lan-jardunaldi hau helduen alfabetatze-sareko ikas-prozesuari buruz HABEn egin berria den azterlanean oinarrituko da. Horretatik abiatuta, une honetan dugun egoeraz eta etorkizun hurbilerako izan ditzakegun erronkez gogoeta eta solas egiteko une aproposa bilkatzea espero dugu.

Gogoeta eta solasa.

Gogoeta beti pentsatu dut nork bere artean egiten duela. Nik neuk entzun-ikusten nuenari buelta pare bat eman nizkion, oraindik nabil ematen hain zuzen ere. Besteek ere, gehiago-gutxiago antzera egin dutela uste dut.

Solasa? Ez, han aretoan behintzat ez. Pasiloan, kanpoan eta etxera bidean, baliteke. Edo hemen akaso. Gogoetak solasera eta solasak gogoetara ekartzea izan daiteke halako jardunaldien "sekretua", edo zuk diozun modura: "bidea".

Dena dela, galdetzen baduzu helburua argi genuen ala ez, ba, nire ustez HABEk zertan dabilen aurkeztu egin nahi zigun, erakutsi, ez gehiago. Hutsuneak hutsune eta akatsak akats, neurri handi batean lortu zela uste dut. Eta alde horretatik eskertzekoa da. Nahikoa ez baina!

Erantzun honi

Bada gai bat apenas komentatu duguna eta lehengo egunean bi unetan gutxienez jorratu zena, prestakuntzarena: HABEren asmoen aurkezpenean eta euskaltegietako ordezkarien mahai-inguruan hain zuzen ere

Bestalde, aipamen gehiago egon ziren, gehien bat autoikaskuntzaren inguruan jardun zenean. Esango nuke euskaltegien partetik errebindikazio moduko bat dagoela, hasierako prestakuntzaren inguruan gehien bat. Mahai inguruan partaide gehienek azpimarratu zuten, eta unibertsitatea hitza hiruzpalau bider entzun nuen.

Erkiziak berriz, hasierako prestakuntza nahiz prestakuntza etengabea lantzeko asmoa aipatu zituen.

Han entzundakoak entzunda, burura etorri zitzaizkidan gogoeta batzuk:

  • Uste dut hasierako prestakuntza eta etengabekoarekin batera hirugarren atal bat ere kontsideratu beharko litzatekeela: prestakuntza espezializatua. Izan ere, une honetan abian da adibidez 4. mailako irakasleentzako prestakuntza eta homologaziorako bide bat. Autoikaskuntzaren inguruan egiten direnak ere aipatu beharko dira. Eta ikaskuntza konbinatuak ere eskatuko du ildo berezi bat seguruenik. Eta pentsatzen jarriz gero, egongo dira gehiago.
  • Gustatu zitzaizkidan Joseba Arbelaitzek plazaratu zituen ideia pare bat. Gu ez gara euskara irakasle bakarrak (hezkuntza munduan eta hizkuntz-eskoletan ere badira adibidez), ezta hizkuntza-irakasle bakarrak ere, beste hizkuntzetan diharduen jendea ere badago gure antzeko behar izan, interes eta ideiekin. Plistik goian aipatu duen "endogamia" etorri zait gogora.
  • Ez dakit zergatik, baina sentsazioa daukat prestakuntzaz ari garenean ikastaroak eta zertifikazioak/homologazioak ditugula sarri gogoan. Prestakuntzak -edozein ikaskuntzak bezalaxe- ingurune, formato, euskarri eta kanal ugari-ugari izan ditzake. Baita funtzioak eta helburuak ere: homologazioa, hobekuntza, ezagutzaren kudeaketa, ezagutzaren transmisioa, berrikuntza...
  • Arian-arian prestatzearena gainditu egin behar dela ulertu nion Erkiziari. Arian-arian soilik esan nahi zuen, hau da, hasi lanean eta ikasiko duzu egiten, ze erremedio! Abiapuntu ona dela uste dut, sasoia da irakasleen prestakuntza horkonponmarianton horretatik harago eramateko. Hori bai, ez dezagun bihurtu ikastaroekin CVa betetzeko lehiaketa.
  • Birritan edo aipatu zen urteetan metatutako jakintza transmititzeko beharra. Egia da, urte askoan jardun duen jende asko dago, esperientzia eta eskarmentua bildu duena. Baina hori egiteko bideak eta kanalak ez dira samurrak izaten, guretik kanpo ere sarritan planteatzen den arazoa da. Ezagutza tazitoa deitzen zaiola uste dut, gauzak ondo egiten dakien pertsona aritua, baina transmititzen (azaltzen, erakusten, berbalizatzen) zaila izaten da trebezia hori. Erronka daukagu hor.
  • Arazo handi bat dago gurean, eta ez dut uste inongo misterio ezkuturik azaleratuko dudanik: irakasleak lortzea. Irakasle horiei abizen bat gehitzen badiegu: irakasle prestatuak, arazoa handiagoa egiten da. Horrekin batera mito bat dabil aspaldian gure sektorean: euskara jakinda, edonork balio dezake eskolak emateko. Ez dut ezetzik esango, ikasten laguntzeko modu asko egon daitezke, baina -berba oso popularra ez balitz ere- uste dut "kategoriak" ere egon beharko liratekeela.
  • Prestakuntza bideratzeko orduan, nire ustez, lehenengo pausoa irakasle edo irakaskuntzarekin loturiko figurak ondo zedarritu (irakasle klase guztiak, tutoreak, maila batekoak eta bestekoak, trebatzaileak...) eta bakoitzaren profila zehaztea da. Konpetentziez egiten da berba asko azkenotan, irakasle figura horien konpetentzia profesionalak zehaztea eta adostea da kontua azken batean. Baina defini ditzagun konpetentziak, ez gai-zerrendak.
  • Aspaldian esan nuen. Irakasleak (pertsona eta profesional modura) gure jardunaren giltzarria dira. Seguruenik ikasleak gehien baloratzen duen "itema", eta ikas-prozesuaren arrakastaren eragile nagusia. Marian Bidegainek ideia bat azpimarratu zuen, konpromiso handiko sektorea izan da gurea orain arte, eta horrekin batera belaunaldi berriengana konpromiso hori transmititzeko beharra. Ez da erraza, baina ideia garrantzitsu bat dago hor: ezagutza edo trebeziaz gain, beste gauza batzuk ere trasnmititu behar dira: baloreak, jarrerak, konpromisoa, ilusioa... Hori guztia ikastaroen bidez zaila da egiten. Komunikazioa, harremana, elkarlana eta partekatzea aipatu zituzten Mertxe biek, hori izan daiteke bidea.
  • Amaitzeko (a ze txapa nirea!), Aintzane Goenaga lankidearen esanetatik atera nuen ondoriotxo bat: autoikaskuntza prestakuntzarako bidea ere bada. Eta horri Lasaren errematea gehitu: bakardadea eta hoztasunari ihes egiteko "sarea" daukagu. Eta, lasai, ez ikaratu, ez nabil internetengatik (soilik).

Erantzun honi

Zaila da soka luze honi jarraipen logikoa ematea, baina saiatuko pare bat kontu gehitzen.

Jardunaldiaren inguruan, espero genezakeena bezalakoa izan zen: jende askoren desfilea, bakoitza bere azalpenarekin, paso eta beste bat.
Bi jardunaldi mota bereizten dut: erakusketa-jardunaldia eta lan-jardunaldia. Lehenengo motako izan zen azken hau. Bigarren motako gehiago behar dugula uste dut: lan egiteko, gogoeta egiteko,lan-ildo berriak irekitzeko... Ildo honetatik erabat ados Plisti-rekin "aretoan zeuden askorentzat oinarrizkoegia izan zen eta beste batzuentzat agian beren errealitatetik kanpokoa. Tailer espezializatuagoen beharra antzematen" dut neuk ere.

Esandako eta ez esandako guztien artean, bada gauza bat orain arte aipatu ez duzuena. HABEtik ez da lehen aldia ikastaro trinkoen onura eta premia azpimarratzen dela. Duela urte asko aipatu zenean, hor geldidu zen; baina oraingoan berriro aipatzeak zer pentsatua eman dit. Izan ere, ikastaroon onurak eta garuko gure gizartearen eta, bertan barruan, gure ikasleen bizikera eta jokalmodeekin aurrez aurre jotzen dute. Ikusten badugu gure inguruan, gero eta aniztasun handiagoa dago eskaintzan; ohiko moldeen atzerakada nabarmena da: alde batetik, eguneko bi orduko moduluen atzerakada; eta, bestetik, trinkoen (negu zein udako) jeitsiera nabarmena. Badago bi datu horiek ezkontzerik?

Erantzun honi

Arrazoia Aitor, jardunaldiak gai asko jarri zizkigun mahai gainean eta hari bakar batean denak bildu nahi izatea gehiegi izan daiteke.
Aipatu duzun puntu hori hain zuzen ere jende gehiagok komentatu zuen post-tertulietan, harrituta asko. Ikasleak modulu trinkoagoetara zelan ekarri? izan zen euskaltegien ordezkariei bota zizkieten galderetako bat gainera.
Eta neuri ere etorri zait zure duda berdina: Ez ote gabiltza kosta ahala kosta betiko ereduan gotortzen? Trinkotasuna, orduak... Ikasleak eurak behin eta berriz ei dabiltza eredu eta modulazio arinagoen eskean, gero eta zailagoa ei da modulazio trinkoetan ganorazko asistentziari eta errendimenduari eustea...
Horren aurrean modulazio trinkoak berretsi? Ez dago beste biderik? Trinkotasuna ikastaro batean egiten den ordu kopuruan baino ez dago? Ostrukarena egiten ote gabiltza?

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak