Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Duela urtebete luzetxo argitaratu zen McKinsey txostena (gazteleraz eta ingelesez). Bertan, Mona Mourshedek eta Michael Barberrek, 2003ko PISA txostena erreferentzia lez erabiliz, hainbat naziotako hezkuntza-politika aztertu zuten sistema arrakastatsuenen gakoak identifikatze aldera. Jakin nahi zuten zergatik hezkuntza sistema batzuek beste batzuek baino emaitza hobeak ateratzen dituzten.

Hiru ondorio atera zituzten:

1. Sistema arrakastatsuenak irakasle onenak dituztenak dira.

2. Sistema arrakastatsuenek formazio eta laguntza etengabea eskaintzen dizkiete irakasleei gero eta heziketa-praktika hobeak eta eraginkorragoak gauza ditzaten.

3. Sistemak ikasle bakoitzari ahalik eta heziketa onena ziurtatu behar dio.

Txostena ez da horretan bakarrik geratzen, hiru helburu horiek nola betetzen diren ere azaleratzen du.

Kritika ugari egin lekizkioke McKinsey txostenari. Batzuk egingo dizkiot:

  • Ez ditu prozesu didaktikoaren ardatz guztiak neurtzen: ikaslea, irakaslea, edukia, komunitatea.
  • Metodologia alde batera uzten du neurri handi batean.
  • PISA txostena erabiltzen du ia erreferentzia bakartzat eta txosten honetan jasotzen diren emaitzen baliagarritasuna partziala eta zalantzazkoa da oso. 
  • Administrazioaren ikuspuntutik, beroni baliagarri izateko miratik, abiatzen da gehienbat.
  • Eta abar.

Hala ere, kritikak kritika, zenbait sintoma azaleratzen ditu eta guretzako ere baliagarria izan liteke. Astun ez izatearren, apurka apurka McKinsey txostenaren zenbait ertzi ekiteko asmoa dut, galderak luzatuz gehienbat. Hona lehenengoak:

'Hezkuntza sistemaren muga ('sabaia' jatorrizko testuan) irakasleen kalitatean datza'

Ados?

Nolako irakasleak gara euskaltegietakoak? Kalitate altukoak ala baxukoak, oro har?

 


Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Nik honetan konstatazio moduko pare bat.
Ikasle ibilitako askorekin euskara ikasten matrikulatuta ibili den sasoia mintzagai, eurentzako unerik errelebante askok irakasleren baten izena izaten dute. Ez beti, baina nahikoa orokorra izaten da. Edonola ere, interesgarria izan liteke gure ikasle eta ikasle ohiei honelako galdera bat botatzea: Zeintzuk izan dira zure ustez gehien "ikasi" duzun uneak? Eta une horietan zer izan da garrantzitsuena (irakaslea, ikaskideak, lekua, motibazioa, animoa...)?
Bestalde, lehengo egunean Atoanen egin nizun iruzkinaren bidetik, deigarria egin zitzaidan txosten horretan arrakasta handiena duten sistemetan zein den irakaslearen egoera: soldata onak, prestigio soziala, prestakuntza luzea eta trinkoa, lanpostu bat betetzeko hautagai kopuru handia... Hezkuntza sistemak eta helduentzako hizkuntza eskolak noraino konparatu daitezkeen aldeak alde, bistan dago gure egoera une honetan ez dela hortik oso hurbila oro har.
Dena dela, uste dut planteatu duzun galderari beste galdera bat jarri behar zaiola aurretik (beharbada, zeharka hori da bilatzen duzuna). Zein da irakasle ona-kalitatekoa? Zerk esaten digu hori?
Adierazle posible batzuk: emaitza akademikoak, esperientzia, prestakuntza, prestigioa (ikasleen artekoa eta lankideen artekoa berdinak ote?), sortutako materialak eta ikerketa-lanak, sinpatia eta "buenrollitoa", entusiasmoa edota "militantzia"...

Erantzun honi

Lehenago ere esana dugu txostenaren arabera, sistema arrakastatsuenak irakasle onenak dituztenak direla. Baina nola lortzen dituzte irakasle onak? Hiru modutan, batik bat:

  • Irakasle izateko hautatze-sistema zorrotza ezarriz. Honetarako, hiru arlo neurtzen dituzte: emaitza akademikoak, komunikagaitasuna eta ikas-irakaskuntzarekiko motibazioa.
  •  Lanbidearen estatusa altxatuz, gaitasun handiko jendea erakartzeko. Lanbideak estatus baxua duen lekuetan gaitasun gutxiko jendea ari dela lanean dio txostenak.
  • Hasierako soldata antzeko lanbideetakoarekin parekatuz.
Gurera etorrita. Hau al da jarraitutako bidea? Hala ere, kalitate handiko irakasleria al dugu? Salbuespena al gara?

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak