Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Porrot ala parrat? Harro ala putz? Oraingoan ere kezka berri batekin natorkizue: eskola-porrotak eragiten didanarekin, hain zuzen.

Zaila da definitzen, zaila kuantifikatzen. Eskola-porrota gure unibertsoko zulo beltza da. Arrasto guztien arabera egon badago baina inork ez du ikusten edo ez du ikusi nahi.

Halere, sumatzen dut badela etsituen elkarte sekretu bat eta bertako zoko ilunetan biltzen direla inoiz euskara ikasi nahi eta ezin izan zutenak, euskal mundura ilusioz hurbildu eta buru makur atera zirenak eta baita bestelako kide ernegatu multzo handi bat.

Baina gatozen geurera, galderak egiteko makina piztu eta abia dezagun eskola-porrotari buruzko eztabaida: Zer da eskola-porrota? Zenbatekoa da? Zerk eragiten du? Nola konpondu/gutxitu daiteke?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Eskola-porrota, bost ogerlekoko berba gero! Euskara ikastean gertatzen den porrotaz ari zarela argi dago.

Ez dakit zelan konpondu, ezta zenbatekoa den ere, baina argi daukat porrot horrek bi agerraldi dituela:

  1. Euskara ikasten aritu duenaren espektatibak edo asmoak bete ez direnekoa. Ikaslearen porrota alegia.
  2. Euskara ikastea sustatzen duenaren espektatibak ez betetzearena. Erakundearen, mugimenduaren edo irakaslearen porrota izan daiteke.

Bata nahiz bestearentzat ez bide dago neurgailu zehatzik, baina biak ala biak hor daudela argi dago. Eta ez naiz ausartuko esaten bietatik zein den zabalduena edo larriena. Ez nuke esango bata bestearekin etortzen denik ere. Pentsatzen hasteko:

  • Porrota espero edo nahi dena bete ez delako sentsazioa da. Zer espero/nahi da bada? Argi dugu?
  • Lortu nahi den hori lortzeko moduan gaude? Lortzeko kapaz gara?
  • Lortu dena baloratu dugu? Merezi izan du?

Tira, geldi nadin auto-laguntza* eskuliburua idazten hasi baino lehen.

*Auto-laguntza, autoikaskuntza, auto-... "Kontzientea da" zioen Ilich-ek lehengoan, interesgarria. 

Erantzun honi

Eskola-porrota, orduan, aldez aurretik edo ikasprozesuan bertan jarritako helburuak ez betetzea da. Direla ikaslearen helburuak, direla irakaslearenak, direla euskaltegiarenak edo erakundearenak. Ondo, ados. Gatozen ikaslearen ildora. Porrot hori arina izango da helburuak bete ez, baina ikas-prozesua eteten ez bada; eta larria, aldiz, ikas-prozesuak aurrera jarraitzen ez badu (tarteko porrot modu bat ere bada, prozesua eteten duena baina ez behin betiko). Hala ere, zergatik ez ditu betetzen ikasle batek bere helburuak? Arrazoi ugari antzematen ditut. Kontua da arrazoi horiek identifikatu beharra dagoela, gure esku zeintzuk dauden jakiteko eta horiexetan eragiteko. Burura datozkidan batzuk zerrendatuko ditut:

  • Ezintasuna (adimen aldetikoa).
  • Helburu argirik gabe ekitea ikastaroari.
  • Euskara ikasteak eskatzen duen ahaleginaren kalkulu okerra.
  • Bizimoduan gerta litezkeen aldaketak (lanean...)
  • Motibazio akatsak.
  • Euskararen mailaketa 'ez errealak' eragindako espektatiba faltsuak.
  • Euskal komunitateak eskain lezakeenarekiko desengainua.
  • Euskaltegiak egin diolako huts (irakasle eskasa...).
  • Metodologiarekiko arazoak.
Badakit, gehiago ere izan litezkeela eta horietako bakoitzak aparteko mezua beharko lukeela. Eta  gainera, ikaslearen ildoari besterik  heldu ez diodala. Baina, bego horretan gaurkoz, hitz luzeek eguna laburtzen dute eta. 

Erantzun honi

Zerrendatuetakoetik hainbat ez dago gure esku baina beste batzuk bai. Horiek horrela, iruditzen zait ahalegin berezia egin behar dugula hiru edo lau arlotan:

  • Informazioaren arloan. Ikasleak argi eta garbi izan dezan prozesuak eskatzen duen esfortzua. Honela kalkulu egokia egin eta helburu argiak formulatzeko modua emango baitiogu.
  • Motibazioaren arloan. Azpimarra jarri behar dugu honetan. Irakasleon lana da inguru atsegina sortzea, atxekimendu emozionala; hizkuntzarekiko ez bada, sikieran ikastaldearekiko.
  • Antolaketaren arloan. Gizabaliabideak egoki kudeatuz. Jokalari/Irakasle bakoitza bere lekuan kokatuz eta espezializatuz. Mailaketa errealak ezarriz. Ikastaroak aniztuz. Komunitatearekiko loturak sortuz...
  • Metodologiaren arloan. Erabakimena ikaslearen esku utziz. Didaktikari euskarari bezainbesteko garrantzia emanez, behintzat. Ikuspegi malguekin jokatuz. Sotacaballorey hori gaindituz.

Irakaslearen porrot sentsazioari buruz ez naiz luzatuko, horretaz ari baitira neurri batean behintzat  Benito, Aitor eta Txerra Euskalduntzea eta Normalizazioa taldean. Dena den, begira zer entzun dudan gaur bertan metroan:

- No sabes lo bien que nos vino a Isabel y  a mí el aprovechar la horita de viaje para hablar en euskera.

- Aprobasteis las dos ¿no?

- Si, nos vino de cine esa horita que hablabamos todos los días. Pero sacamos el título y a tomar por culo. (sic)

Frustrantea, ezta? Izan ere, seguru Isabel eta bere laguna taldeko onenetakoak eta beren irakaslearen ustez euskara ikasteko gogotsuak izango ziren. Zenbat halako! Bestelako batzuk ere bai, eskerrak! Baina bada kontu honetan nolabaiteko eskizofrenia bat. Enfin!

Aitortu behar dizuet, dena den, apur bat ihes egin didala eskuetatik eztabaida hari honek. Planteatu nuenean, beti isilean geratu eta aztertzen ez den gai bat plazaratu nahi nuen, gai tabu bat alegia: eskola-porrota. Eta kausak, deskripzioak... baino, nahiago nuen zuen inpresioa jaso. Eskola-porrotak kezkatzen zaituzten jakin. Eskola-porrot altua dugula uste duzuen. Arazo honen aurrean zer sentitzen duzuen jakin, finean.

Erantzun honi

Porrotaz ari garela, bistan dago elkarrizketa horretakoak ez direla frustratuta sentitu. Alderantziz, nahi zutena lortu dute eta gainera estrategia eraginkorra aurkitu dute.
Frustrazioa -argi dago- geurea da. Baina, zer espero dugu? Isabel eta haren laguna aurrerantzean euren artean euskaraz egiten jarraitzea? Euren harremana hain zuzen ere ez da eratu euskararen eta titulua lortu beharraren inguruan? Harreman horrek hortik haragoko funtzioren bat hartu du?
Beharbada gutxiagorekin konformatuko bagina. Adibidez, bi pertsona horiekin euskaraz jardun daitekeela jakitearekin, eta beharbada beste testuinguru batzuetan (pertsonalak, laboralak edo kulturalak) partaideak izan daitezkeela. Kontua, beharbada, testuinguru horiek eraikitzean datza, eta ez hainbeste ekimen pertsonaletan.

Erantzun honi

Buff, galdera eta gogoeta asko. Ahal dudan moduan eta neure erara jarraitzen ahaleginduko naiz.

Lehenengo eta behin noiz ikusi edo esperimentatu dudan porrota zehazten saiatuko naiz, neure esperientzia luze samarra (21 urte, nahikotxo, nahiz eta oraindik HABEren oroigarria jasotzeko lain ez izan) kontuan hartuta: ikasle batek, ahaleginak eta bi egin ondoren, bere helburua(k) bete ez eta bere ikasprozesua etetea erabaki duenean. Baldintza guztiak bete behar direla uste dut. Hau da, ikasle bat erdiska aritu eta "baja" hartu duenean, ez da,nire ustez, porrota (asko jota, neure porrota izango litzateke, motibatzen eta entusiasmatzen jakin ez dudalako); kostatu, astiro-astiro joan... baina goiari eusten dionaren kasuan ere ez dut porrotik ikusten..

Horiek horrela, ondo gogoan dut aritu eta aritu ondoren, bi ikasturtetan 2HE atera ezinik ibilita, euskara ikasteari utzi zion emakumea; iltzatuta daukat ikasturte osoan "dale que te pego" ibili ondoren, idazlan ganorazko bat egitera ailegatu ez zen 3. mailako neska gaztea; ezin izango dut ahaztu bi ikasturte eta erditan 4HE atera nahian jo eta ke aritu zen emakumea: batean Atarikoa, bestean idatzia, azkenean, helmuga hurbil-hurbil zuela, Ahozkoraino heldu eta bertan geratu zena...

Eta arrazoien bila arituta, ezin dut baztertu neure ardura lehenengo bi kasuetan. Aspaldikoak dira eta seguru nago gaur egungo esperientzia eta jakituriarekin zerbait gehiago lortuko zutela neure esku baleude. Hirugarrenari dagokionez, pelikula baten izenburua jartzekotan, "Misión Imposible jarriko nioke", baina ez ikasleagatik hain zuzen.

Erantzun honi

Kontua, beharbada, testuinguru horiek eraikitzean datza, eta ez hainbeste ekimen pertsonaletan.
Oooooooooooooooooopsss! Horixe da, bai jauna! Bete-betean asmatu duzu. Baina esaldi xume (ez sinple) horrek euskalgintza politikaren erabateko aldaketa beharra dakar gordeta barnean. Ez da esaldi bat, Troyako zaldia txuria baizik.

Mila esker, Aitor zurea kontatzeagatik. Ondo interpretatu duzu nire asmoa. Sarritan, neuk inork baino gehiago, azalpenaren edo argudioaren estilo hotza erabiltzen dugu, lehenengo pertsona eta estilo narratiboa erabili beharrean. Ohitu egin beharko dugu horretan; baina garrantzizkoa deritzot elkarrizketa hauetan irakasle guztiok barruan dugun pertsonatxoa ere azaleratzeari. Eskerrik asko, berriro ere.

Erantzun honi

Ez da ideia berria plisti, ezta neurea ere. Aspaldiko kontua da, euskararen normalizazioak inguruneak eraikitzea eskatzen du, ofizialtasuna eta hizkuntz-eskubideetatik hasita harreman sare pertsonaletaraino.
Beharbada euskalgintzan gauzak maila pertsonalera ekartzeko joera bat nagusitu da historikoki, erabilerari dagokioenez gehien bat: "kontzientzia", "egin euskaraz", "euskaraz egiten ez baduZU....". Baina nekez eskatu daiteke halakorik inguruneak laguntzen ez badu.
Euskara ikasleen kasura etorrita, sarritan ikaslearen esku utzi da euskara erabiltzearen ardura: "ikusi telebista, entzun irratia, irakurri egunkaria, hitz egin euskaraz". Hau da, heldu den azkenari eskatzen diogu sarritan aurretik gaudenok nekez egiten duguna, eta ez "militantzia", "konpromiso" edo "kontzientzia" faltagatik.
Euskalgintzako sektore batzuetan "testuinguruak" eraikitzearen ideia uste den baino zabalduago dago hala ere, zorionez. Ez da beharleku erraza baina, orain artekoaren bestekoa edo handiagoa akaso, baina behar-beharrezkoa.

Erantzun honi

Gainera esango nuke askotan ikaslea soilik gure euskaltegietako lau hormen artean sartuta daudenean dela gure ardura, eta gero? eta lehenago?.. bere kontu pertsonala baino ez da. Horretaz gain eztakit noraino asumitua daukagun hizkuntza irakastea kode jakin batzuk transmititzea baino gehiago dela eta badirela gure gain hartu beharreko "ardura" batzuk, orain arte oso gutxitan gauzatzen ditugunak. Adibidez noraino izan beharko luke gure ardura ikaslearen ingurua soziala dinamizatzea?

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak