Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Gure kolaborazio izpiritua probatzeko lehenengo proba, neska-mutilok.
Ikasbilen bideo hau ikusi dut. Postdata saiotik atera dute, ezinduentzako kirol egokituez hitz egiten digu. Ikasbileko fitxak honako informazioa ematen digu:
Gako hitzak: kirola, elbarria, ezindua, osasuna, pilota, saskibaloia
Euskalkia: Batua
Estilo periodistikoa: Erreportajea
Testu mota: Deskribapena
Ez du maila zehazten.
Bideoaren inguruan informazio gehiago duzue Eitb.com-en: POSTDATA. "Eserita kirolez kirol" (09.02.10)
Hemen duzue bideoa dena dela:

Ea ba, Ikasbileko fitxaren laguntzarekin edo barik. Zer egin dezake irakasle batek bideo honekin?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Ummm... kezkagarria. Ikus-entzunezko dokumentuak gero eta gehiago, gero eta erabiliago eta gero eta eskuragarriago diren honetan, ez dakigu bideo batekin zer egin? Ai, ai, ai....

Ideia bat botako dut:

  1. Batu irakasle koadrila: euskaltegikoak, promoziokoak edo mus-taldekoak...
  2. Banatu txarteletan edo arbelean idatzi Ikasbilekoek eman dizkiguten gako hitzak.
  3. Pentsatu gai horien inguruan zer nolako aktibitateak egin daitezkeen, ideia-jasa modura apuntatu.
  4. Komentatu edo aukeratu onenak edo egokienak.
  5. Erakutsi bideoa
  6. Bideo hori aktibitate horietan kokatu. Zeinetan? Non? Zein fasetan? Zertarako?
  7. Marko horretan bideoarekin zer eta zelan egin daitekeen pentsatu.
  8. Landu daitezkeen gauzak bilatu, eta lantzeko erak proposatu..
  9. Klasera eraman eta hurrengo batean komentatu.
  10. Atera dituzuen ideiak eta ondorioak hona ekarri (nahi baduzue eta aukeran, jakina!)

Erantzun honi

Mezu hau ez dut atzean geratzerik nahi, oso joko polita proposatu diguzu eta ez dut nahi isiltasuna izatea erantzuna, baina ditxosozko lan honek ez dit uzten gustuko lanak egiten, aix!!

Astean zehar erantzuten saiatu nintzen baina bat-bateko erantzuna ez zitzaidan egoki iruditzen eta hobeto pentsatzea erabaki nuen. Aurreko batzuetan bezalaxe, halako zirriborro luzexkak prestatu ditut bideorako proposamen didaktikoak idazteko.

Bi proposamen ditut pentsatuak: batean, bideoa ataza-aurrean erabiliko nuke idazmena lantzeko eta bestean, bideoa izango litzateke hurrenkeraren ataza nagusia. Hauek nire zirriborroak:

mezuaren zirriborroa

Ea norbait aurreratzen zaidan! Bizioak astebururako atzeratu beste aukerarik ez dut!
>

Erantzun honi

Hiruzpalau egun daramatzat zirriborroak prestatzen, proposamen "klasiko"enetatik gauza bereziagoetara, eta azkenean testuinguru honetarako egokia izan daitekeen proposamen hauxe egingo dut bideo hau eskolaratzeko:

Helburu orokorra: testuinguruaren arabera gure ikuspegia idatziz adieraztea
Helburu zehatzak: ikus-entzunezkoak diskurtsoan integratzea, blogean idazten trebatzea, interneten idazteko jarrera aktiboa sustatzea (hitz gutxitan esatearren)
Ataza: bideo bat integraturik duen blog bateko mezua eraikitzea
Maila: 2. maila begitandu zait egokien, irudiz lagundutako testu bat eraikitzean ideien adierazpenaren kargaren parte bat arintzen dugulako bideoaren erabilerarekin

Atazaurrea:
1) Pauso hau ez dut ezinbesteko ikusten baina bai baliagarria gure ikasleak interneteko "saltseroak" ez badira:
Hauxe behar dugu: bideo bat integraturik duen blog sarrera bat, bideoaren inguruko iruzkina duena, zer bilatzen ari garen ikus dezaten, baina bideoko gaiarekin zerikusirik ez duena. Ideia hartzeko baino ez.
Bila ibili naiz baina orain ez dut halakorik topatu, seguru zutako norbaiti bururatuko zaiola proposamen zehatzik (ez "ikusi bideo interesgarri hau" erakoak baizik eta bideoan oinarrituta idatzitako iruzkina).

2) Bideoa ikusi aurretik emango nituzkeen instrukzioak:
"Demagun telebista piztuta dugularik programatxo hau ikusten dugula. Zein hausnarketa etortzen zaizue burura? Ez oharrik hartu, besterik gabe ikusi eta pentsatu aipatzen diren kontuetatik zertaz hitz egin nahiko zenuketen"

3) Bideoa ikusi

Prestakuntza (15-20'):
Bideoa ikusi ondoren, kontzeptu-mapa bat egin taldeka, azaltzen diren gaien arteko harremana eta antzeko beste gai batzuk konektatzeko. Bi gai handi daude bertan: kirola eta ezintasuna. Gai bakoitzarekin adarrak zabal daitezke, adibidez: kirola zertarako den, lehiakortasuna, kirolaren lekua gizartean, kirola eta aisia, kirola eta integrazioa... eta ezintasunaz gizarteak duen ikuspegia, integrazioa, ezintasunaren egoerari nola egin aurre...

Nolabait, ikasleek ikusi behar lukete ikus-entzunezko oinarri berarekin oso iruzkin desberdinak egin ditzaketela. Horrela, ikasleak gai jakin bati buruz idaztera "behartu" beharrean, gai-aukera zabalaren artetik hautatu ahal izango du, bere interesetatik hurbilen dagoen gaia.

Ataza: bideo bat integraturik duen blog bateko mezua eraikitzea
Egitura jakin bat ez dugu horretarako baina normalean hiru atal izaten dituzte halako iruzkinek: bideo-pasartetik iruzkindu nahi dugun gaiaz bideoan dagoenaren aurrerakina, ondoren bideoa txertatuko genuke eta gero, gure tesia aurkeztu.
Hala, lehendabizi ikasle bakoitzak hautatu behar du bideoaz zer aurreratu nahi dien irakurleei eta hori hitz gutxitan azaldu.
Ondoren, tesia idatziko du irakurleek bideoa ikusi dutela kontuan hartuta (bideoko pasarteren bati erreferentzia egin diezaioke)

Feedback:
- Idatzitako iruzkinak trukatu gelakideen artean, bakoitzak bideo berari buruz eraiki duen testua alderatzeko
- Irakasleak ikasleen lanen hizkuntza kalitateari buruzko iruzkinak egingo ditu (badakizue, akatsak eta halako "huskeriak")

Ataza-ostea:
Aukera bat: taldean mezuak trukatu eta bizpahiru mezutan iruzkinak idatzi
Beste aukera bat: eztabaida bideratu talde txikitan hautatutako mezu bat abiapuntu

Buff, hau findu egin behar da baina halaxe bidaliko dut. Kritikak eskertuko ditut, uste dut "desentrenatuta" nagoela!

Erantzun honi

Zuk bai postit-ari etekina atera! ;-) Egin duzunaren gainean ekarpentxo batzuk, boteprontokoak:

  • Gustatu zait "Ikusi bideo interesgarri hau" iruzkin hori. Askotan horrelako formula zikuetara mugatzen gara eta. Egia da irudimena eta umorea behar izaten dela eta iturri horiek ez ditugu beti oparoak izaten, baina ahalegintxoa behintzat... Dena dela, ez dut ondo ulertu zer-nolako sarrera proposatu nahi duzun. Honelako zerbait akaso?

ETBn Postdata saioan, Gaur Egun albistegiaren ostean ematen duten saio laburrean, interes sozial eta kulturaleko gaien inguruan erreportaje laburrak eskaintzen dizkigute egunero. Gure artean, eguneroko bizimoduan komentatu ohi ditugun gauzak izaten dira, pertsonak, gizartea, espektakulua, musika... Horrelako bat ikusiko dugu gaur, seguru zer komentatua emango digula.

  • Bideoa ikusi aurretik, gaien mapa mentalekin batera, interesgarria izan liteke gaiak ez ezik, gai horiek buruz zer esango genukeen pentsatzea. Seguruenik ez dugu ideia edo hausnarketa berezi eta original askorik izango, topikoak izango dira gehienetan, baina burua martxan ipintzeko baliagarria izan daitekeela begitantzen zait. Era berean interesgarria izan daiteke bideoa ikusi ostean errebisatzea, ideia edo hausnarketa berririk sortu bada aurrekoak osatzeko eta tesia osatzen laguntzeko.
  • Tesia idazteko orduan, blog batean edo nonbait publiko egingo den testua izango bada, publikatzea justifikatzen duen zerbait bilatu beharko genuke. "Zergatik publikatuko dut testu bat ez badut ezer berririk esango edo betiko modura esango badut?".  Agian asko eskatzea da, baina horretaz ere pentsa daiteke: "Zer esango dut nik honetaz lehen esan ez dena, edo betiko modura esan ez dena?", "Zer ekarpen egin dezaket testu idatzi batean?". Aukerak. ikuspegi bereziak, sentimenduak eta norberaren emozioak, proposamenak, norberaren esperientziak eta pasadizoak, bideoak gogora ekarri dituenak (bideoak komentatzen ari gara azken batean)....
  • Blog mezuak iruzkinak izan ditzake. Rol jokoen beste bertsio bat egin daiteke: horrelako mezua irakurrita zer iruzkin egingo luketen adibidez: bideoak agertu diren pertsonetako batek, haien senide batek, kirolari profesional batek, erreportaia egin duen kazetariak... Ondoren iruzkin horiek "errealismoa", sinesgarritasuna, estiloa eta hizkuntza baloratu eta komentatu daitezke.
  • Hizkuntza eta halako "huskeriak" tratatzeko orduan hasteko modua izan daiteke bideoan hizkuntza dela eta ez dela zeri erreparatu dioten gehien bat: hiztegia, ahoskera, diskurtso-baliabideak, estiloak... Alegia, euren ikasteko to-do zerrendan zer sartu(ko) duten.

Tira, kritika eskatu duzu, eta susmoa dut ez naizela oso kritiko(i)a izan. Egurra emateko makina ere desentrenatuta daukagu nonbait. ;-)

Erantzun honi

Arraioa, oraintxe konturatu naiz funtsezko kontu bat falta izan zaidala: emaitzaren adibide bat edo antzeko ekoizpen baten adibidea. Hori igande arratsaldeko paseoaren ostean izan beharko.

Esaten dituzunen inguruan:

1. Ez dira asko gai orokorren inguruan euskaraz bideoak baliatuz egiten diren iruzkinak. Euskal Jakintza izango da adibide on horietako bat, baina neuk behintzat ez dut askorik ezagutzen, boteprontoan behintzat (googleprontoan esan beharko hobeto). Goiena eta halakoetan, bidea paratzen dute baina huts-hutsean ia, edonola ere albisteak dira eta ez iritziak. Zein blog dira zuentzat erreferentzia? Ahal izanez gero teknologia edo politika hizpide ez dutenak esan nahi dut, gai sozialen inguruko iritziak ematen dituztenak esan nahi dut

2. Rolena pentsatu dut baita ere, baina beste bideo baterako gorde nahi nuen ideia. Foro honetan hasteko egokiagoa ikusi dut ikasleek bideoari lotutako testu bat ekoiztea. Nolabait, iruditzen zait lehen pausoa izan daitekeela pauso konplexuagoak ematen hasteko.

3. Mapa taldeka egitea irudikatu dut, mapa modu dialogikoan egiteko. Kontua ez litzateke hitzak jartzea, baizik eta hitzak eta kontzeptuak jartzen dituzten neurrian horretaz aritzea. Hala ere, mapa proposatu dut eta ez "bideoa komentatu" edo antzeko proposamen irekia ze askotan gai bakar baten haritik hasten da eztabaida eta idatziz jartzen dutena da eztabaidan jorratutakoa eta ez norberak sortutako iritzi bat. Bloga komunikazioa bada ere, blog mezuak bakardadean idatzi ohi dira.

4. Argitaratzeko arrazoi horiei buruz, hori hurrengo faserako utziko nuke. Hurrenkera honetan ez dut proposatu azkenean benetan argitaratzea blog batean, ez zait operatiboa iruditzen, ezta "onena aukeratu argitaratzeko" edo antzekorik. Entrenamendurako ikusten dut neuk, hurrengo pausoan adibidez ikasleek hautatuko lukete bideo bat eta post-a eraiki. Kasu horretan bai, zentzua izango du horretaz pentsatzea.

Hitz gutxitan, iruditzen zait ikasleak blogetara erakartzeko ez dela nahikoa blog bat zabaldu eta bertara eramatea; lehenik, irakatsi behar zaizkie hainbat idatz-teknika eta estrategia eta horrela, bide naturaltzat hartuko dute blogeatzea.

"Huskeriena" noski, txantxetan aipatu dut, funtsezkoa da ikasleek konfiantza izatea idazten duten horren hizkuntza kalitatean. Neuk behintzat, ez nuke argitaratuko blog bat ingelesez laguntza pixka bat emango ez balidate, nire irudia jokoan legoke bestela, gainera bestela horretarako ez nuke irakaslearen beharrik izango. Irakaslea behar dut proposamenak izateko (hobeto esanda, erronkak proposatzeko) eta nire testuak pittin bat orrazteko (ikasteko bide gisa)

Nolanahi ere, hurrenkera honetan bideoan darabilten diskurtsoa ez da arretagune izan eta beraz, ez nuke bideora joko hizkuntzaz aritzeko. Ikasleek idatzitakoaren gainean egingo nituzke alderaketak: zein baliabide hautatu dituzten, oso homogeneoak badira zer dela eta diren hain homogeneo, eta baliabide berriak proposatu ideiak zehatzago edo indartsuago adierazteko.

Eta, orain bai, igande arratsaldeko paseo zozo eta goxoa ematera goaz. Burmuina oxigenatzea komeni omen da!

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak