Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Helduen alfabetatze lanak Kultura Sailekoak eta ez Hezkuntza Sailekoak izateak badu ondoriorik?

Oraingo egoeran euskaltegiek estatus extra-akademikoa-edo daukate ofizialki, irakaskuntza ez araututzat hartzen da ofizialki.

Urtetan HABE erakundeak eskatu dituen programazioak, memoriak eta bestelako burokraziak betetzen ibilitako irakasleak, helduen euskara irakaskuntzatik hezkuntza sistema publikora igaroko balira urtetan egindako lana ez araututzat joko litzateke ofizialki eta lan poltsa batean edo oposizioren batean 0,0 punturen saria izango lukete. Horixe da egungo egoera.

Kanpotik etorritako pertsona heldu batek hemengo bi hizkuntzatan alfabetatu nahi izango balu, gaztelania ikasteko hezkuntza sistemara jotzea luke, euskara ikasteko, ordea, oraindik ere gau-eskola kutsua duen euskaltegi batera jo beharko.

Kontu hau guztiaren erakusgarri: duela gutxi jakin dut didaktikarekin ardura berezia daukaten HABEko teknikariek ofizialki "itzultzaile" lanpostua daukatela.

Behar bada foro hau ez da egokiena izango horrelako kontuei buruzko matrakak zabaltzeko, baina gonbitea aprobetxatu behar.

Eskerrik asko, beraz, Benito eta.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Ez horregatik, Gorka, hau komunitate irekia da eta badakizue hemen kantxa daukagula berba egiteko, galdetzeko eta konpartitzeko, beraz eskerrak parte hartzen duzuenok merezi dituzue nik baino gehiago.
Asuntora etorrita, aurrekoan esan nuen legez, ez nau bereziki kezkatzen hezkuntza-kultura dikotomia honek (talde honetan jardutea ez ahal da ulertuko erabateko atxikimendu gisa!).
Zehaztapen bat egin nahi nuke hala ere, EAEko Hezkuntza sailaren menpean badago euskara ikasteko tokia: hizkuntza eskolak. Euskara eskolak ematen dira EAEKo HE guztietan hain zuzen, beste hizkuntzekiko baldintza beretsuetan (teorian).
Horrela bada, euskaltegiak baten edo bestearen menpean egon behar diren baino, kezkagarriagoa iruditzen zait urteetan helduen euskalduntzea euskararen normalizazio prozesuarekin lotuta dagoen neurrian administrazioaren atal desberdinek izan duten erlazio, koordinazio eta estrategia bateratuen falta. EGA eta tituluen parekidetze-faltak, sareen arteko inkomunikazioa, zuk aipatu duzunaren moduko hutsune legal-funtzionalak (itzultzaileena)... eta abar.
Hezkuntza-kultura dikotomia hori planteatzen den modura, beste zalantza bat planteatu daiteke akaso: Hizkuntz-politikarako zuzendaritza (HABE haren menpean dago), zergatik dago Kulturaren barruan? Hizkuntzaren normalizazioa kontu "kulturala" baino ez da?
Edozelan ere, normalizazioaren ikuspegi globalagoa behar dugu, administrazioaren aldetik, baina honetan dihardugun aldetik ere bai.
Gauzatxo bat komentatu gabe ezin utzi: "oraindik ere gau-eskola kutsua duen euskaltegi batera" horri ez dakit zer ñabardura eman nahi izan diozun, baina interpretazio arriskutsuak ekar ditzakeela begitantzen zait.

Erantzun honi

Bukaeratik hasiko. Ez dut inor mintzeko bota, alderantziz, kariñoz bota dut "gau-eskola kutsua..."
Hamaika urtez ibili nintzen euskaltegietan, hasieran ikasle gero irakasle, eta gau-eskola kutsua hartzen nien euskaltegiei, batez ere, gizeko (neguan goizaldeko) zazpietatik bederatzietara edo zortzietatik hamarretara lan egiten nuenean, eta areago, arratsaldeko (gaueko) zortzietatik hamarretara lan egiten nuenean. (Ostiraletan, azken saio haietara ikasle bakarra edo ikasle pare bat agertzen zirenean bai luze egiten zitzaigun!)

"Gau-eskola kutsua" hartzen nien "nire" euskaltegiei, eta bere garaian HABEren nihil obstat guztiak zeuzkaten euskaltegiei buruz ari naiz, irakasle gaixoren baten ordezkapena egiteko beti lankide beretsuei eskatzen zigutenean. 55 eskola ordu, ikasle helduen aurrez aurrean egindako euskaltegi irakasleren bat behintzat ezagutzen dut: nik neuk; gripe epidemiaren bat edo izango zen, ez dut gogoratzen arrazoia...

Gero hezkuntza sistemara igaro nintzen eta norbait gaixotzen denean, zerrenda bateko beste norbait deitzen dela, gehienetan, ezagutu dut, pittin bat harriturik hasieran. Ezagutu dut, baita, antzerkira, hitzaldi batera edo antzeko kultura-eskaintza batera arratsaldeko zortzietan joateko aukera.

Horixe nuen buruan, gaueko eskola ordu hura, zortzietatik hamarretara, "gau-eskola kutsua" baino gau eskola hutsa esan beharra nuen agian.

Aipatzen didazun beste kontu hori, Hizkuntza Eskola Ofizialak. Horretan ere badut eskarmenturik, oraingo honetan bakarrik ikasle legez. Ni ikasle izan nintzeneko garaietan, astean lau ordu eta erdi eskaintzen zitzaigun hizkuntza bakoitzeko, oso salneurri merkean, egia esan, euskaltegiak baino ASKOZ merkeago. Hortxe gakoetako bat. ASKOZ merkeago. Hori bai, jasotako irakaskuntzaren kalitatea kuantitatiboki erdia edo baldin bazen ere kualitatiboki ASKOZ urriago iruditu zitzaidan beti.

Euskaltegiaren osagarri bezala, zorioneko titulua lortzeko beste aukera bezala, aukera merke bezala ikusten genuen nik eta nire kideek HEOa, baina euskara eta beste hizkuntzak ikasteko, benetan ikasteko, edo atzerrira joan, atzerriko hizkuntzak ikasteko, edo euskararen kasuan barnetegietara edo euskaltegietara. HEOn gramatika ikasten zela esaten zen, ez erabilpena; HEOren helburua atzerriko hizkuntza bat i(ra)kastea baino, ikasleek aurretik bazekitena finkatzea eta ebaluatzea zela iruditzen zitzaigun.

Ahoberokeria ematen du euskaltegiak Hezkuntza Sailera pasatzea eskatzea, eta zeuk aipatzen dituzun koordinazio arazoak ez lituzke zertan hobetuko, automatikoki ez behintzat... Baina gure hizkuntza ofiziala izatearen ondorio naturala izan beharko luke gure hizkuntzaren ikas prozesua hezkuntza sistemaren ardurapean uztea, ez kultura eta kirolaren ardurapean.

Eta, zer esanik ez, kultura eta kirola OSO garrantzitsuak direla zalantzarik ez dut nik. Inolaz ere, baina hezkuntza, osasuna, lana eta etxebizitza bezala, esaterako, lehen mailako eskubidetzat hartu beharko genuke.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak