Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Zalantza 'tonto' bat sortu zait, txikikeria bat egia esan, 'Google' eta 'Moodle' bezalako maileguekin. Zeren kasuan, adibidez, Googleren eta Moodleren idatzi behar dugula begitantzen zait . Honela 'ziurtatu' dut erabilerari begiratu ostean ere. Ahoskatzerakoan, ostera, Googleren 'r' hori galdu egiten da (Gugelen ahoskatzen dugu). Bitxia iruditzen zait. Eta honetara etorrita, nola ahoskatu behar dugu Saint Etiennerekin? Idatzi dugun moduan ala Saint Etienekin? Jokaera bera al dugu Googlerekin eta Saint Etiennerekin? Jokaera bera izan behar al dugu?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Nik orain arte moodle deklinatzean marratxoa erabili izan dut eta halaxe onartu digute EHUko hizkuntza zerbitzuek egindako orrazketan. Beharbada moodle ez delako google bezain ezaguna, ez dut hain argi ikusten marratxoa kentzeko aukera baina gerta liteke googlerekin bezala gertatzea epe laburrean.
Dena dela, iruditzen zait arazorik ez dagoela ahoskera eta idazkera bereizteko. Moodle forma askotara entzun dut ahoskatzen, baita moodlezaleen artean ere, eta ez da logikoa idatzizko forma ahozkoaren arabera erabakitzea.

Erantzun honi

Nik neuk nahiago izaten dut marratxoa ipintzea halako zalantza sor dezaketen kasu horietan: Google-en eta Moodle-en adibidez. Ez da oso txukuna izango, baina argiagoa dela uste dut. Egia esanda gure hiztegia halakoekin hasi da betetzen azkenotan: Flickr, Yahoo, Scribd, Ning....
Beste aukera bat aposizioa erabiltzea da: "Google bilatzailearen" edo "Moodle software-aren" (aghhhhhh!).

Erantzun honi

Antzeko zerbait gertatu zait 'spa' hitzarekin. Ikasle batek galdetu dit ea nola esan behar duen spaetan ala spetan? Spaetan esateko esan diot baina ez dakidala, begiratzeko berak bere aldetik Googlen edota Elebilan eta nik ere begiratuko eta galdetuko nuela. Hitz egingo dugula horretaz esan diot. Baina Elebilak eta Googlek ez didate lagundu. Euskaltegiko irakasleei galdetuta, gehienek spaetan esango luketela esan didate. Mailegu berri berria denez, oraindik jendeak ez lukeela spetan ulertuko. Beste batek, berriz, spetan nahiago du... Eta orduan, zuekin akordatu naiz... nire azkenaurreko esperantza zarete.

Erantzun honi

Begira, niri aspaldian gertatzen zait gauza bera "sofa" hitzarekin, bai ahoz bai idatziz.
Singularrean ez dago arazorik: sofan, sofatik, sofako, sofara... Baina pluralean? "Sofetan jezarrita daude guztiak"? "Sofaetan"? "Sofa-etan"?
Ea azkenaurreko esperantzaren ostean azken-azkenengo esperantza dagoen.

Erantzun honi

"Spa" dela eta ez dela hari hau aurkitu dut Itzul posta zerrendan: http://thread.gmane.org/gmane.culture.language.basque.itzul/32062

Erantzun honi

. Biblia Santuak, hau da, Hiztegi Batuak esaten duenari erreparatuta, nik sofarena holaxe egingo nuke: sofetan (halere, ajjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjj) (sofa hitza onartuta dago; beraz, a+e= e)
. Spa-ri marratxoa ipiniko nioke testu bateko lehen erabileran, hortik aurrera marratxorik gabe eta normal deklinatuta (halere, ajjjjjjjjjjjjjjjjjjjjjj)
.Eta besteekin (Google, Flickr, Yahoo, Scribd, Ning....) ia beti tranpa egiten dut: Google bilatzailea, Delicious marka-gune soziala, Google Reader jario-irakulea... Dena den, gehiegi pentsatu gabe, aurrekoan bezala izan daiteke logikoena: testu batean azaltzen den lehen aldian marratxoz eta beste guztietan deklinatuta. Orain, zuek esaten duzuena, nola deklinatuta?????? Google edo gugel irakurrita?????

Erantzun honi

Bai, a-z amaitu eta azkenengo a horrek azentu tonikoa hartzen duten mailegu-hitzekin arazoa behin eta berriz agertuko da: sofa, spa, marakuia...
Printzipioz Maitek esan duen modura erabili beharko genituzke, baina egia da belarriak zulatu egiten dizkigula "sofetan" edo "spetan" entzuteak (edo pentsatze hutsak). Kasu gutxi dira eta tranparen batekin saihestu daitezke: "Euskal Herriko spa zentroetan" adibidez.
Lehengo egunean aipatu ziren txikikerien artean ditugu duda barik,eta orduan bezala, gurean arazo nagusia ikasle preguntategi bati horrelako bat botatzea okurritzea izan daiteke, batez ere Cillit Bang papera geureganatuta badaukagu: dena garbitzeko balio dugu eta ez dago utziko dugun zikinkeriarik.
Nik neuk horrelako baten aurrean lan honetan hasi ginenean egin genuen zinari eutsi egingo nioke: "egia, egia osoa eta egia besterik ez esan" (Zelan? Hura ez zen izan lanerako elkarrizketa?).
Eibarko euskara liburua egiten ibili zirenei ere buruhausteren bat ekarri zieten horrelakoek (pdf, 264. orr.), dialektologia lana izan arren.
Orduan, Biblia Santuak ere "bug" txikiren bat eduki dezake.

Erantzun honi

Zure sofa dela-eta, atzo natural-natural :-) berba egiten duen lagun bat apur bat xaxatu eta honela bota zidan: Denda hortan errebajak eitxen dabez sofatan. Sofatan hitzeko a hori apur bat luzatzen zuela begitandu zitzaidan. Baina ni desastre hutsa naiz kontu filo-logiko hauetan eta ez egin bape kasurik.
Galdetzen hasita, arrazoiren bat egongo da seguru, baina ba al dakizue Euskaltzaindiak zergatik dakartzan hizkuntza idatzira hizkuntza mintzatuko forma batzuk (baikara, baita...) eta ez beste batzuk (bat-batean...)?

I.O: Spa-ren kontua dela eta, esandako guztiak erakutsiko dizkiot ikasleari. Primeran geratuko naiz zuei esker. (Mila esker).

Erantzun honi

Sofaren kontuari helduta, nik uste dut -plurala egiteko- sofatan dela sarrien erabiltzen dena. Geure amumarenean sofa bakarra zegoenez, horretan bizipen gutxi; hala ere, kezka berria etorri zait: bizkaieraz toki askotan singularra egiterakoan sofa+a= sofia litzateke erabili beharrekoa? Esate baterako: "Pasaistazu kopia (edateko ontzia)", konforme; baina "txo, lagunduko nazu sofia altxatzen?" Sofia ez da Zarzuelan bizi den bizkarroi hori? Altxa gonia date la buelta Maria...

Erantzun honi

Ez dakit, boteprontoko inkesta egin beharko da inguruan. Nik ez nuke baztertuko "sofaia" (sofa+e-+a) adibidez. Inoiz halakoren bat entzun dudala esango nuke. Pluralean berriz "sofaetan", "sofai(e)tan" edo "spai(e)tan" bezalakoak ez nuke esango posibleak ez direnik. Beti ere mendebaldeko euskalkietan kokatuta.
Hala ere, argi dago hemen arauak arazoren bat daukala, eta ez soilik euskara batuan.
Hau ikusita gogoratu dut inoiz buruhausteren bat ekar dezakeen beste bat, aditza kasu honetan. Zer forma beharko dugu NNN paradigman "Nor" lehenengo edo bigarren pertsona denean? Adibidez: Zuk ni etsaiari saldu ...... (nauzu? naiozu?...Uste dut Euskaltzaindiaren testuetan badagoela honen aipamenen bat).
Hauek denak araua kolokan ipintzen duten kasuak dira noski, arauetan hutsunea dagoelako batzuetan (naiozu), edo arauak ematen duen konponbidea ez delako onartzen erraza beste batzuetan (sofetan).
Baina sarritasun gutxikoak direnez ez digute aparteko arazorik ekartzen, eta normalean hiztunak ondo jakiten du momentuan halakoak gainditzen: forma-arau berriak sortuz, araua berregokituz, edo beste modu batera esanez.
Beharbada gramatika kontuetan araua ez da hain arau izaten, eta estrategia apur bat behar du hiztun konpetenteak ere, edo gramatikak ere, ikasleak bezala, bere errore eta hutsuneetatik ikasten du.

Erantzun honi

Beste lagun natural-natural batekin hitz egin dut eta azentu kontua aipatu dit. Berak oso ondo bereizten du Gótzonek (mutila) eta Gotzónek (neska); eta, modu berean, sófatan (plurala) eta hainbat sofátan (mugagabea). Sparekin, berriz, ez du bereizketarik egiten egon naizen spátan (plurala) eta edozein spátan (mugagabea) berdin egiten ditu. Jainko maitea! Zoratu baino lehen, utzi egin beharko diogu kontu honi eta spa batera joan apur bat erlaxatzera.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak