Aupa zuek!
Tira, orain arteko ahalegin guztiak alferrikakoak izanda ere, ea oraingoan zalantza madarikatua dagokion tokian ipintzen dudan. Espero dut nire ezjakintasun teknologiak zuen patxada eta bakea lar izorratu ez izana, baina zurea batez ere, On Benito.
Hona duda andana:
Zein alde dago KENDUTA eta IZAN EZIK formen artean?
Forma jatorra da KENDUTA hori? Balekoa? Vade retro satanas? Berdin-berdin erabiltzen dira biak? Zuzenak dira ondoko esaldi guztiak? a) Niri izan ezik, gainontzekoei / beste guztiei dirua falta zaie b) Niri kenduta, gainontzekoei dirua falta zaie. c) Ni kenduta, gainontzekoei dirua falta zaie.
EGA taldean sortutako zalantza andana da, eta erabili eta begiratu ditudan berridazketen soluzioetan denetarik ikusi ahal izan dut. Dena dela, eta nik ikusitakoaren arabera, badirudi KENDUTAren aurrean NOR kasua nagusitzen dela gaurko prosan- beste esaldiaren deklinabide-marka edozein izan arren-, IZAN EZIK araututako formarekin gertatzen ez den bezala. Horrexek berak nahasten nau: IZAN EZIK araututa egonda, zer demontre gertatzen da bere baliokide izan daitekeen KENDUTA formarekin? Zein deklinabide-kasuk lagundu beharko luke?
Nik neuk ez dakit, eta ez daukat batere argi. Maitek DEKLINABIDEA ETA KAKOTXAK eztabaidan dioenarekin ados nago -aupa Maite! -, hau da, KENDUTA forma hori ez dela oso jatorra izan behar, antza; eta erabiltzekotan, IZAN EZIKen antzera erabili beharko genukeela, ezta? Maite? Hala ere, erabilerak batzuetan aurkakoa adierazten duela ematen du. Duda Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzura bidali eta erantzunaren zain nago. Eta horren zain jarraitzen dut. Eta zain darrait. Aiduru, itxaroten... Ea zuetako batek aurre hartzen dion Jagonet zerbitzuari. Ez da gaitza izango.
Etiketak:
Partekatu
-
▶ Erantzun honi