Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Kakotsak ipintzeko orduan zalantza etortzen zait sarri, deklinabide marka kakotsen barruan jarri ala kanpoan utzi? "Morriña"ri edo "Morriñari" adibidez.
Ez daukat arauetan eta gramatiketan bilatzeko gogorik orain, apur bat nekatuta nago. Lagunduko didazue?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Neuk ere zalantza hori izan dut inoiz, eta gramatikaren uretan murgildu eta itolarrian ibili ostean hauxe ondorioztatu nuen:
- Hitz arruntak direnean deklinabide marka komatxoen barruan. Adibidez: autorik "azkarrenean" joan ginen.
- Atzerriko hitz ezezagunak direnean komatxoetatik kanpo. Adibidez: "New Yersei"n ere Obama garaile.
Dena dela, ez dut uste horren gaineko araurik-edo dagoenik, erabilera kontua baino ez.
Eta, bide batez, hona puntuazioaren gaineko beste zalantzatxo bat:
Sarritan ikusi izan dut bi puntuen ondorengo lehen hitzaren hasierako letra larria izaten dela, eta nik uste dut kasu batzuetan ez dela horrela idatzi behar. Esate baterako, ondoko kasuan:
Ez zaitezte zoratu: erraza da kakotxak non ipini asmatzea.
Ez zaitezte zoratu: Erraza da kakotxak non ipini asmatzea.
Nik lehenengoa aukeratuko nuke, lar zoratu barik. Zuek?

Erantzun honi

Puxtarri bat. Gainera tranpa harrapatu duzu. ;-)

Erantzun honi

Aupa!
Ze ondo etorriko zaidan txoko hau, kontuan izanda egun osoa ikasleen akatsak zuzentzen pasatzen dudala... Askotan, zuzendu behar ez direnak zuzentzen ditut; eta, bestalde, hortxe joaten da bakarren bat (edo gehiago...) zuzendu gabe. :-)

Harira. Oker ez banago, Igor, bi puntu ondoren, kasu hauek ematen dira orokorrean:

1. Norbaiten hitzak bere horretan aipatzen direnean eta gutun hasieretan, maiuskulaz (aipuetan, gainera, komatxoen artean):
Honela dio Benitok: "Anima zaitezte txoko honetan parte hartzera".
Irakasle maiteak:
Barkatu lehenago erantzun ez izana, baina azterketak zuzendu eta zuzendu nabil...


2. Adibideak ematerakoan edo esaldiaren lehen zatia argitu nahi denean, minuskulaz:
- Hiru gauza behar dira: osasuna, maitasuna eta dirua.
- Arazoa zera izaten da: ordu gehiegi ematen ditugu zuzenketetan.

Beraz, nire ustez, zuk emandako adibideetatik hauxe legoke ondo:
Ez zaitezte zoratu: erraza da kakotxak non ipini asmatzea.

Erantzun honi

Horren inguruan, Maitek dioena konfirmatuz, Azpidazkin bi atal hauetan daukazu informazioa: Puntuazio zeinuak eta Letra larriak eta xeheak.
Ondo ipini ditut maiuskulak hor goian?

Erantzun honi

Igorrek dio: "Ikusitakoaren arabera, hirurok bat gatoz; beraz, kakotxen eta bi puntuen zalantzak nolabait argituta, datorrela hurrengoa, esaterako: zein alde dago kenduta eta izan ezik formen artean? Berdin-berdin erabiltzen dira? Zuzenak dira ondoko esaldi guztiak? a) Niri izan ezik, ez zaio inori jaka falta b) Niri kenduta, ez zaio inori jaka falta c) Ni kenduta, ez zaio inori jaka falta. EGA taldean sortutako zalantza da.

Erantzun honi

Aupa, Igor!

Izan ezik horrekin hasiko naiz. Euskaltzaindiak dio izan ezik aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka hartzen duela. Beraz:
a) Niri izan ezik, ez zaio inori jaka falta.
NORK kasuan NOR erabil daiteke:
- Denek amaitu dute, zu izan ezik (zuK izan ezik)

Kenduta esan esaten da, baina zuzena da? Nik ere zalantzak ditut; halere, Ereduzko Prosan adibide ugaritan azaltzen da izan ezik-en baliokide gisa. Beraz, ontzat emanda, eta aurreko guztia kontuaz izanik, nire uste apalean:

Zuzenak:
a) Niri izan ezik, ez zaio inori jaka falta
b) Niri kenduta, ez zaio inori jaka falta
Okerra:
c) Ni kenduta, ez zaio inori jaka falta.

Amaitzeko, kuriositate bat: izan ezik-en erabilera argitzeko kontsultatu ohi ditudan toki guztietan jarraian datozen esaldiak beti baiezkoak izaten dira (ez dut ezekorik inon topatu, zuk planteatzen duzun moduan).
Adibidez:
Jon izan ezik, gainerakoak neskak dira.
Denak etorri dira, zu izan ezik.
Oporretan daudenekin izan ezik, guztiekin hitz egin dut.

Kasualitate hutsa?

Erantzun honi

Gauza bat Igor, gai edo galdera berriak bota nahi badituzu, hobe da taldearen foroan mezu berria idaztea. Orain hari baten izenburuaren azpian izenburu horrekin bat ez datozen gauzak daude, eta kontsulta edo parte hartu nahi duenarentzat nahasgarria izan daiteke.

Erantzun honi

Arrazoi duzu, Benito. Hurrengoan zeuk esan legez egingo dut argitasunaren mesedetan; oraintxe bertan gainera.

Erantzun honi

Aupa, beno denbora pasa da idatzi zenuenetik, baina oraintxe topatu egin dut eta hurrengoa etorri zait burura:

"Niri kenduta, ez zaio inori jaka falta", ematen du (ematen dit) niri kendu didatela jaka eta horren ondorioz (niri kenduta) orain ez zaio inori falta.

Dena dela, oro har, "kenduta"ren (edo "kendutaren"? :)) asuntoa ("izan ere" esanahiarekin) dela eta Maiterekin bat nator: esan esaten da, baina zuzena da?

Idazten nengoela bururatu zait "online" Elhuyar hiztegira jotzea, eta zera aurkitu dut:

quitando
1
kenduta, izan ezik, salbu
Quitando los diez primeros minutos, el partido fue un tostón: lehen hamar minutuak kenduta, partidua aspergarria izan zen oso.

Beraz... ez dakit zein den erantzun zuzena... hauxe aurrerapena!

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak