Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Aupa zuek:

Atzo EGA azterketetako berridazketetan agertzen diren konparazio mota ezberdinak jorratzen ari ginela, honako zalantza hau sortu zen: "noren/zeren aldean" egitura erabiltzen denean, -ago(a) erabil daiteke? Nik neuk ez dut erabiltzen, baina hainbat atazatan, zenbait liburutan eta sarean bertan erabiltzen dela ikusi dut. Ea baten batek ilustratzen gaituen! "Zu nire aldean zaharra zara" ala "Zu nire aldean zaharragoa zara"?

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Beno, halakoak ere gertatzen dira gaztelaniaz: "comparando contigo soy más alto" eta arrazoi beragatik ez da zuzena: errepikatu egiten da egitura. "nahiz eta etorri arren" esatearen antzerakoa da baina onarpen sozial zabalagoa du.

Beraz:

- Zu ni baino zaharragoa zara
- Zu nire aldean zaharra zara

Erantzun honi

Ez dakit ba:

  • Sagardoa, ordea, Eliza zergazale eta bizitza-lapurren aldean zaharra da, zaildua eta amoranteek nahiago, nonbait.(hemendik)
  • «Bertan Bilbo!», entzun izaten nien umetan nire aldean zaharrak zirenei, harridura adierazi nahi zutenean.(hemendik)
  • Cardaberas eta Mendiburu, Larramendiren ondorengo ikasleak izan ziren. Hauek ere Moguelengan eragina izan zuten. Moguelek Lapurdiko tradizioa ere ezagutzen baitzuen. Tradizio hau, gipuzkoarraren aldean zaharragoa zen (hemendik).

Hau Tio Google-i (ala Osaba Google) "aldean zaharrago" eta "aldean zaharra" bilaketak eskatuta (komatxoekin)

Akaso?

  • Ni zure aldean zaharra naiz. Zurekin konparatuta zaharra naiz Jedi ikastaroa egiten hasteko, baina Yodaren aldean umetxoa baino ez naiz oraindik.
  • Yodaren aldean gaztea da gure Obiwankenobi, zaharra ordea Vader traidorearen aldean, eta  Skywalker ume-mokordoaren aldean zaharrago.

Erantzun honi

Ehh, horiek bai adibideak!!

Asko gustatu zait bereziki azken esaldia, baina tranpa txiki bat du: azken "zaharrago" hori da aurreko konparatibari dagokion -ago partikula, alegia, zaharrago Yoda eta Obiwankenobiren arteko aldea baino. Bihurria benetan! (esaldiak, autorea eta eztabaida honetara ekarri duena)

Esan bezala, orokorrean egitura errepikatzea bada ere, ez digu min handirik ematen. Beti bezala, zuzentasun hori zorroztasun bihurtzeko, bietako bat soilik, eta bestela, segur aski akats larriagoak dabiltza hor zehar.

Erantzun honi

Hara, Obiwankenobi, Lord Vader eta Skywalker pantailan eta Enterprise espazio-ontziaren burrunba eta Spoke delakoaren irudia leihoaren bestaldean, Patxiren alienigenak badatozela ohartarazi nahian-edo. Ez dakit Lord Vader-en aldean, Spoke eta Patxi gaiztoak ala gaiztoagoak diren, baina argi daukat indarraren orekan halako perturbazio bat igarri dudana. Dena dela, martxoaren 2an ezer gutxi aldatuko da geure unibertso honetan, eta oztopoek oztopo eta zalantza askok zalantza izaten jarraituko dute, zuei esker hemen plazaratutakoa argitze bidean badago ere. Eskerrik asko eta kontuz ibili indarraren alde ilunarekin. Euskaljakintzakoek ere edonon ezkuta litekeela ikusi ahal izan dute. Adi egon.

Erantzun honi

Leia printzesa ez zen Luke baino zaharragoa izango baina bai jakintsuagoa, alde ilunaren tentazioaren aurrean,
Indarra izan dadila zuekin.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak