Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Udaberria iristearekin batera, denoi beste gauza batzuetarako gogoa piztu zaigun honetan, ikasturtea bukatzear dagoela aprobetxatuz, ebaluazioaren inguruko gogoeta txiki bat egin nahi nuke. Asteburu honetan liburu labur, argi eta gomendagarri batekin egin dut topo: Neus Sanmartíren "10 ideas clave. Evaluar para aprender". Ebaluazioaz dihardu eta hamar ideia gako ematen dizkigu:

1. Ebaluazioa da ikaskuntzaren motorra.
2. Ebaluazioaren helburu nagusia erregulatzea da.
3. Akatsak beharrezkoak dira.
4. Autoebaluatzen ikastea da garrantzitsuena.
5. Ikasgelan denek ebaluatu eta arautzen dute.
6. Ebaluazioaren alde kalifikatzaile eta aukeratzailea ere garrantzitsua da.
7. Ebaluzio kalifikatzaile hutsa ez da motibatzailea.
8. Ebaluazio tresna ugari eta desberdinak izatea beharrezkoa da.
9. Kanpo ebaluazioa ere onuragarria izan daiteke.
10. Ebaluatzea beharrezkoa da irakaskuntza-ikaskuntza hobetzeko.

Bat al zatozte hamar ideiekin? Ni, oro har, bai.
Hondartzan irakurtzeko bezain arina denik ezin esango dut, baina irakurri nahi izanez gero HEMEN aukituko duzue.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Eskerrik asko gomendiogatik Jon. Ebaluazioaz hitz egiteko sasoia dirudi honek bai.
Nik ere ados nagoela esango nuke, hala ere, formulazio horiekin bat agertuko ez denik kostako da aurkitzea, politikoki zuzenaren eremuan sartu dira horrelako baieztapenok nonbait.
Baina zer esan nahi du horrek guztiak? zer eragin du gure lanean, gure jardunbidean eta gure lan-kulturan? Hor dago gakoa, printzipio onak marko batean sartzeko, baina aplikatu egin behar dira, eta printzipio horiek "ikustea" izaten da konplikatuena.
Adibidez, zer ondorio dakar "Ebaluazioa da ikaskuntzaren motorra" baieztapenak?

Erantzun honi

Bai, arrazoi duk. Baieztapen orokorrak dituk eta denok egon gintezkek ados. Kontua da neronek laburtu ditudala 10 ideia horiek enuntziatuaren lehenengo ideia hartuta eta presaka egindako zerbait dela. Liburuak oso ongi argitzen dik ebaluatu (neurtu, aztertu, ikusi, zailtasunak detektatu...) eta oraindik ohiko den azterketa kalifikatiboaren aldea. Oro har, jende gehienak emaitza bat, nota bat, emateko ebaluatzen duela esango nikek, ez ikaskuntza proiektua hobetzeko. Gure alabak, teorian ebaluazio formatiboa indarrean dagoen eskola batera joaten dituk, baina teoriak teoria, gida-liburua azpimarratu, buruz ikasi eta errepikatu besterik ez ditek egiten. Azterketan suspenditu duenak errekuperazio gehiago izaten ditik, zertan eta zergatik huts egin duen eta nola konpon litekeen arazoa aztertu gabe. Eta, azterketa asko egin eta azterketa horiek errepikatzeko aukera dutenez, ebaluazio jarrai eta formatiboa egiten dutela esaten zigutek.
Liburua eskola giroan zagok oinarrituta, baina zenbat aldiz eginarazi ote diegu guk(nik, behintzat, bai) ikasleei behin eta berriz idazlanak, nola edo hala, hobetzeko aukera handirik gabe, egin ahala, egite hutsaren poderioz ikasiko dutelakoan?
Ebaluazioak hasieratik aztertu behar dik, non gauden, nora goazen eta bidean ongi goazen. Hori neurtu behar diagu ahalik eta tresna gehienarekin. Tira, nahikoa izango duk, beste lan batzuk ere egin behar ditiat, bestela... Eskerrik asko, azkar eta ongi erantzuteagatik.

Erantzun honi

Hori duk ba (hiketan hasita horrela jarraituko diagu ;-)). Azken batean dibortzio handia zagok curriculumean eta printzipioetan deklaratzen denaren eta praktikaren artean, eta ez gurean bakarrik, kontatu duanak eta han eta hemen ikusten denak halaxe adierazten zigutek.
Ebaluazioaren kulturaz ari garela, beharbada ebaluatu beharreko lehenengo itemetako bat predikatzen dena eta egiten denaren arteko lotura izango duk. Curriculumaren aplikazioa adibidez, ze printzipioen aplikazioa ere ebaluatu beharreko kontua baita, eta aldarriak errealitatearekin bat ez badatoz, arazo bat zagok nonbait, printzipioetan edo errealitatean.
Alde horretatik interesgarria iruditu zitzaidaan Joseba Ezeizak Hizpide 62tik abiatuta publikatu zuen artikulu sorta: Ikasle hasiberriei euskara irakasteko materialak. Materialez ari duk Joseba hor, baina gure jarduera guztirako ebaluazio-bide bat jorratzeko ildoak eman zizkigula uste diat.

Erantzun honi

Publikazio sorta baduk, lan handi samarra izango duk garai honetarako, baina emango zieat bistadizo bat. Curriculumaren eta beronen aplikazioaren delako dibortzioarenarekin bat natorrek ni ere. Futbol taldeek bezala egin beharko diagu: datorren denboraldia oraintxe bertan prestatzen hasi eta gure printzipioak zehaztu.
Hori esan erraz egiten duk, gero entrenatzailea aldatzea izaten duk, ordea, adabaki erabiliena, baita gurean ere.

Erantzun honi

Barkatu zuen solas hikateroan sartzeagatik baina deigarria egin zait ebaluazioari buruzko eztabaida autoikaskuntza taldera ekarri izana. Deigarria eta interesgarria aldi berean. Ematen al dio autoikaskuntzak ukitu berezirik ebaluazioaren kontu honi? Hara, nire ustetan bai.

Biok esan duzuen moduan badago konduktismo hutsetik (ondo/txarto, 3 ala 8, gai/ez gai) haratagoko ebaluazioa: ebaluazio formatiboa, ñabardurak ñabardura, ikas-prozesuan bertan txertatua eta ikasbide garrantzitsua dena. Ados egongo gara guztiok ebaluazio sumatiboa, gehienbat akreditazio uneari dagokiola esatean (titulua emateko…), eta ebaluazio formatibo jarraitua eta poligestionatua ikas-prozesuari. Baina honela gertatzen al da autoikaskuntzan?

Teknozentristen eta zenbait negozianteren ametsa ebaluazioa makinaren eskuetan uztea izan da eta oraindik ere bada. Makinak erabakiko luke, bada, ikaslearen jarraibidea (n test gaindituz gero, aurrera…). Ikas-prozesua, batik bat, programa informatikoaren eta ikaslearen arteko harremanean gauzatuz. Gaur egun informatikak duen garapena kontuan, krak egin du bide honek hizkuntzen ikaskuntzari dagokionean eta b-learningaren eskutik programa informatikoak ez ezik, autoebaluazioak eta tutorizazioak hartu dute pisua ebaluazioan. Konpondu dugu arazoa?

Nire ustetan ez. Programa informatikoak egiten duen ebaluazioak erabat konduktista izaten jarraitzen duelako, tutorizazioa programa informatikoaren menpe jarri delako zenbaitetan eta autoebaluazioa ez delako ikaslearen ikas-estrategia bezala behar beste garatu.

Norantz jo, orduan? Ebaluazioaren laukia osatu behar dugu: ikaslea, programa informatikoa, tutorea/k, sarea (ikaskideek eta komunitateak osatua, birtuala edo ez). Ebaluazioa ikasbidea dela eta denon ardura dela sinetsi eta bultzatu (ez da beti erraza). Ebaluazio formatiboa sistematizatu (honek ez du esan nahi fitxa batera ekartzea eta kuadrikulatzea), ikas-prozesuaren ardatzetariko bat bihurtu.
Jo dezagun adibide praktiko batzuetara:

a-prozedura: ikasleak BOGAko testa egin du eta %33 asmatu ditu –lakoan egituran. Makinak –lakoan egitura lantzeko beste ariketa bat agindu dio.

b-prozedura: ikasleak BOGAko testa egin du eta %33 asmatu ditu –lakoan egituran. Hori ikusita, tutoreak –lakoan egiturari buruzko adierazpenak eman dizkio. Ariketa gehiago egiteko esan dio.

c-prozedura: ikasleak BOGAko testa egin du eta %33 asmatu ditu –lakoan egituran. Hori ikusita, -lakoan egiturak nola funtzionatzen duen aztertu du ikasleak berak. Programa informatikoaren gramatika eta Euskaltzaindiaren Corpusa erabiliz. Tutoreak ere ikusi du portzentaia eta ea arazoa konpondu duen galdetu dio.

d- prozedura: ikasleak BOGAko testa egin du eta %33 asmatu ditu –lakoan egituran. Hori ikusita, -lakoan egiturak nola funtzionatzen duen aztertu du ikasleak berak. Programa informatikoaren gramatika eta Euskaltzaindiaren Corpusa erabili ditu. Ikasleen foroan ere galdetu du. Tutoreak portzentaia ez ezik, ikasleak foroan egin duen galdera ikusi eta ea arazoa konpondu duen galdetu dio.

e-prozedura: ikasleak Portugaleteri buruzko podcast bat jarri du ikasleen gunean. Zorionak jaso ditu, oso interesgarria dela esan diote gehienek. Ikasleak eskerrak eman dizkie baina denen artean ebaluatzeko eskatu du. Zuzentasuna du gaur kezka. Hainbat kontu aipatu dizkiote, besteak beste, -lakoan ez duela ondo erabili. Egitura horrek nola funtzionatzen duen aztertu du gramatika batean eta Euskaltzaindiaren corpusean, foroan ere laguntza eskatu du. Tutoreak podcastaren ebaluazioa osatu du. Ikasleak podcasta "Portugaletetik ziberespaziora" blogean jarri du.

Zer iruditzen eskailera? Eta horrek dituen inplikazioak?

Erantzun honi

Grafikoa eskailera, duda barik. Aurkezpen grafiko batera ekartzeko gogoa eman dit.
Baina kontua ikaslea hori guztia egin dezan heztea edo trebatzea da. Garbi dago, Jonek ohartarazi duen modura, ikasleak berez gehienetan baten batek pentsua noiz eman geratzeko joera duela gaur egun. I(ra)kaskuntzaren ideia zabalduena da eta hori da ikaskuntza-zentro batean espero duena, eta ematen ez bazaio eskatuko duena: irakasleak (makina zein pertsona) esatea zer egin behar duen, eta irakasleak ebaluatzea (zuzentzea, maila ipintzea eta zer egin behar duen agintzea). Hezi, trebatu eta konbentzitu ere egin behar dugu ondorioz. A, eta norberak ulertu eta sinistu, jakina.
Lehengo egunean MoodleMooten Anibal de la Torrek kontatu zuen nola irakasle aurreratu-teknifikatu asko zoratuta dabiltzan zuzendu eta zuzendu. Aurrez aurreko klaseetan baino gehiago zuzentzen ei dute. Autoikaskuntza online eskola partikularrak bihurtzeko arriskua dago hor nire ustez, lauki horretan irakasle-ikasle bidea zuk egin-nik zuzendu/ebaluatu katea bihurtzen bada.

Erantzun honi

Hirugarrena eztabaidara etorrita, hika hitz egiteari utzi egin beharko diogu.
Hasteko, niri egokituko zait erantzutea neuk jarri bainuen hizpidea. Liburua gustura irakurri eta astelehenean bat-batean otutako kontua izan zen, gehiegi pentsatu gabea. Nolanahi ere, autoikaskuntzan aritzeak ez du esanahi bakarka eta era isolatuan ari garenik. Nire esperientzian, behintzat, taldean ari gara eta taldearen jardunari online eusteko oso beharrezkoa da ebaluazioa; alegia, nondik hasi, zertan ari garen, zertarako eta bidean ongi ote goazen, desbideratu bagara bidai hori ere interesgarria izan den, bidea nork eta nola irekitzen duen aztertzea.
Dudarik ez da, ebaluazio poligestionatua genuke, teorian behintzat, eraginkor eta egokiena, hor eskaileraren amaieran aipatu dena, E kasua. Horrek dakartzan inplikazioak asko dira: lehenengoetako bat ikaslearen inplikazioa. Hor ikusten ditut nik zailtasunik handienak. 2004an hasi nintzen ni online taldean irakasten eta orduko taldeetan oraingoetan baino elkarreragin eta ikasleen parte hartze eta ardura handiagoa sumatzen nuen. Orain izugarri kostatzen ari zait ikasleak inplikatu eta beren txokotik ateratzea. Inoiz baino tresna gehiago ditut (ditugu), inoiz baino eskarmentu handiagoa dut. Agian, ekaineko nekearen ondorioa da eta oker nabil. Hori guztia ebaluatu eta datorren urtekoa antolatzen hasi beharko dut, etsi ez baitut egingo!

Erantzun honi

Oraindik badaude, bai, e-learning materialgintzan orduak ematen dituztenak ariketa bakoitzagatik zenbat puntu eman behar diren eta ze ponderazio egin behar den sutsuki eztabaidatzen. Informatikak ebaluazio konduktistak berpiztu ditu eta autoikaskuntzaren interpretazio okerrak ez du askorik lagundu.

Bestalde, ikasleak ikas-prozesuan inplikarazteak urteetako ikasle-esperientziako dinamika haustea esan nahi du eta horretaz ederki kontziente izan behar dugu. Lehen Hezkuntzan hasten dira, Jon, zuk aipatutako azterketen ikuspegi horrekin. 6 edo 7 urterekin hasten dira ikasle pasibo bihurtzen haurrak eta institutura iristerako lezioa ondo ikasita dute / dugu (horretan gauzak ez dira askorik aldatu). Gero, unibertsitatean, euskaltegian, enpresan, ero batzuk baino ez gara koebaluazioaz, autonomiaz eta halakoez aritzen garenok baina ordurako ikasle otzan eta pasiboak ditugu (ikas-estiloaren ikuspegitik behinik behin).

Pentsatu beharko dugu diseinatzen ditugun jardueren atal handi bat izan behar duela ikaslea irakaslearen lekuan kokatzekoak, ebaluazioaren balioa ondo ulertzeko. Adibidez, ikasleekin batera joan gaitezke ebaluazio-irizpideak definitzen guk geuk aurrez eman ordez, irakatsi behar diegu irizpide horiek (edo batzuk) aplikatzen eta halakoak. Nolabait, "agintea", "batuta" edo nahi duzuen analogia erabilita, ikasleei pasa behar diegu ikas-prozesuaz benetan jabe daitezen. Ebaluazioa ikaskuntza prozesuan integratzea halaxe ikusten dut neuk.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak