Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Lotsagabe hutsa naizela iritziko diozue baina lapurtu egingo diot Benitori berak igorritako mezu bat, honela eztabaida berri bati ekiteko. Iruditzen zait lehengo planora ekarri behar dela kontu hau, eta ez, beste eztabaida baten erantzunen zoko gordean utzi. Beraz, aldez aurretik barkamen guztiak eskatuta, hona hemen Benitoren mezua:

Nik hurrengo jokorako kartak botako ditut. Inplikazioak zerrendatu dira. Ondo. Irudikatu ahal dugu hori guztia zertan gauzatu litekeen?

1. Zer gehitu, aldatu, indartu beharko genuke oraingo euskaltegietan eta euskara
eskoletan oro har?
2. Zer aukera berri zabaldu beharko genituzke euskararen i(ra)kaskuntzan?
3. Zer tresna, baliabide edo material beharko genituzke?

Galderok ez ditut bota psikolastoekin jarraitzeko, adibide, eredu eta gauza konkretuen bilduma egiteko baino. Ideia-jasa modura, nahi baduzue. Bota adibide edo proposamen zehatzak.
Eskatzea eta amets egitea libre da, baina seguru ideia interesgarriren bat agertzen dela.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Eskatzea eta amets egitea libre dela diozu, ezta? Hemen doaz, bada, nireak, anabasan, ideia-jasa moduan.

Euskaltegietan IKTak ezartzeko plan estrategikoa abian jarri behar da. Plan, plan, rakataplan… eta
beronetan, eginkizunak ez ezik, tenpusak, aplikazio-eremuak, baliabideak… Eta honelakoak, besteak beste:

- Hornidura: wifia honela eskatzen duten euskaltegietan eta ikastoletako ikasyz programan erabiltzen
dituzten bezalako laptop merkeak.
- Formazio plana : ez ikastaro solteak. Teknikoa eta, batez ere, didaktikoa. Irakasleok ezagutu egin behar
ditugu birtualitateak eskaintzen dizkigun aukerak bai ikaskuntza presentzialean, bai autoikaskuntzan eta
horiek ezagutzeaz gain, gutxieneko gaitasun teknikoa lortu. Formazio plan honek, aldi berean, proiektu
didaktiko batzuk abian jartzeko balio lezake.
- Autoikaskuntzan arituko diren irakasleentzako formazio plan espezifikoa.
- Autoikaskuntzarenaz gain, talde presentzialetan ere b-learningak izan lezakeen sarbidea aurreikusi.
- Europako Markoak zerrendatutako helburuei begirako material bankua (atazak, proiektuak…). Ariketa
analogikoetatik at, autoikaskuntzara begira sareak eskaintzen duen potentzialitateaz baliatuz (wikiak…).
Material hau etengabe berriztagarria izango da, zabala (ikas-ibilbide ugari ahalbideratzen dituena), askea
(sistema jabedunik gabea) eta estrukturatua (Europako erreferentzia markoak maila bakoitzerako ezartzen
dituen helburuak betetzeko beste).
- Material banku ‘nuklear’ honez gain, zenbait zeharkako material: tailerrak, aparteko proiektuak…
- Ikasketa informala ahalbideratzeko gaur egungo Ikasbilen kalitate didaktikoa potentziatu.
- Ikasleen sareko elkarguneak eraiki eta jarioa sustatu.
- Eraketari dagokionez, euskaltegi bakoitzak bere urteroko planean eta memorian IKTen alorra jaso. IKT
arduradun bat, gutxienez, zentroko. Euskalduntze erakunde nagusien didaktika sailetan full-time plan
honen inplementaziorako eta prospektibarako taldeak sortu.
- Autoikaskuntza arautzen duen legedia malgutu. Estandar bakarra baino aukera gehiago ahalbideratu.
- Unibertsitatearekin eta zenbait enpresarekin konbenioak sinatu: prospektibarako eta material zehatzen
inplementaziorako (m-learning, sareko jolasak, telebistaz+sareaz balia litezkeen ikastarotxoak…)
- Planaren ebaluazio dinamikoa zehaztu.

Honez gain, ametsetan jarrita, garrantzitsua iruditzen zait gizarte zibilaren sarea potentziatzea gure ikasleek bertan integrazio aukera hobeak izan ditzaten baina beste plan bat beharko genuke horretarako. Plan, plan, rakataplan.

Eta hau guztia ondo ateratzen bazaigu, urte batzuk barru denok BECera, Expo-irakaskuntza feriara ;-)

Erantzun honi

Izena aldatu diot ikastolen proiektuari Ikasys idatzi beharrean, Ikasyz idatzi dut. Barkatu akatsa.

Erantzun honi

Ideia gehiago:

  • Euskararen i(ra)kaskuntzarako "negozio eredu" berriak aurkitu. Matrikula-dirulaguntza binomiari alternatibak eta gehigarriak.
  • Ikas-prozesuaren bestelako eragileak sustatu: irakaslea, erakundea, ikastalde eratua edo matrikulatutik harago: hiztun komunitatea, ikasleen komunitatea, baliabide banku irekiak (edo ez hain irekiak), jarduerak (praktika, trebakuntza, ikaskuntza autonomo ez arautua...).
  • Euskara ikasteko eskaintza dibertsifikatu eta modularizatu: jarduera txikiagoak, zehatzagoak eta fokalizatuagoak eskaini, aukera desberdinekin nork bere neurrira ikas-prozesua diseinatu ahal izateko. Balizko adibidea: online ikastaroa + mintzapraktika jarduera + kontsultak egiteko "adituen" sarea + ikasteko baliabideak sarean + barnetegi laburra + probak prestatzeko ikastaro berezia + zuzenketak egiteko zerbitzuak + ikasle-irakasleen sare sozial moduko zerbait. Hau guztia igoal ez da hain balizkoa, ezta?
  • Ikaslea normalizazio prozesuan eta planetan partaide egin. Proposamen hau ez da nirea, Arkaitz Zarragak bota zuen aspaldi.
Hara! Eutsi horri!

Erantzun honi

Ez dut uste joku izugarria dudanik baina hona "enbidoa":

1- Akademien garaia pasatu da. Interesgarria litzateke lehenik eta behin euskaltegiak ingurutik banatzen dituzten hormak eraisten saiatzea edo besterik ez bada ateak zabaltzea. Guztiak gara ikasleak hormaren alde batean eta bestean (baita irakasleak ere) ez bakarrik matrikula ordaindu dutenak. Matrikuladun ikasleak ez dira gure ardura bakarra ezta gure propietatea ere. EUSKALTEGIETAKO ATEAK ZABALDU BEHAR DITUGU.

2- Gainera, irakasle bat = talde bat kontzeptua (nire taldea, nire ikasleak...) eta ondoko gelan pasatzen denak bost axola!!..... gure gaixotasun larrienetako bat da. Irakasleak funtzioaren arabera antolatu beharko genituzke? Agian.

3- Euskaltegiak eskolak baino askoz ere zerbitzu gehiago eskaintzen dituzten guneak izan behar dute eta zerbitzu horiek dohainekoak izan beharko dute gehienetan:

- Aholkularitza didaktikoa.
- Aholkularitza administratiboa.
- Baliabideak eta tresnak eskuratu/ erabiltzeko aukerak eta sustengua.
- Topaguneak.

4- Guri ikasleak soilik euskaltegian dauden bitartean eta ordaintzen diguten artean interesatzen zaizkigu, eta gero? Euskaltegien ikuspegi merkantilista hori gainditu behar dugu.

5- Euskara ikasi edo euskaraz ikasi? Hau ez da berria, baina IKTen "iraultzarekin" (ez zait hitz hoberik etorri burura) berreskuratu beharko genukeen kontua da.

6- Sozializazioa/ pertsonalizazioa ez da dikotomia bat. Gureak SOZIALIZAZIOA + PERTSONALIZAZIOA izan behar du. Eta bi alorrak garatu behar ditugu eta horretarako tresnak/estrategiak/aukerak bideratu.

7-.........

UUUFA..... ederra mitina, zer gutxi behar den mundua konpontzeko...

Erantzun honi

Tira, ba nik baloiak kanpora botako ditut, eta gure esku ez dagoena aipatuko. Ze, klaro, dena ez da izango autoflajelazioa... (*)


1. Gauzak argi. Helduen Euskalduntzearekin zer egin nahi dugu? Bueno, bale, guk badakigu, baina urte hauetan guztietan hizkuntza politika arautu duenak ere argi dauka zer egin Helduen Euskalduntzearekin? Argi eduki du inoiz? Ez al da ordua kontu hau argitzeko? Helduen Euskalduntzeak merezi badu, aurrera; ondorio guztiekin: estrategia bat, erabakiak, baliabideak... Eta merezi ez badu –gizarte deitzen dugun horrek nahi ez badu- ba, itxi dezagun txiringitoa eta ez dezagun denbora gehiago galdu kontu honekin. Hiru-lau txotxolok jarraituko dugu berriro Gau-eskolak sortuz.
2. Aurrera. Euskalduntzearekin jarraitu nahi badugu, beraz, ados: iraultza behar dugu, txanpa hartu behar dugu berriro. Baina horretarako babesa behar dugu atzetik. Kursaaleako ekitaldian Juanjok oroigarri bat emango dit (baldin eta banoa) honetan 25 urte baino gehiago daramatzadalako. Ez dut nahi. Besterik nahi dut nik: enbidioso deituko didazue baina geure gremiorako nahi ditut nik eskola publikoetan eta institutuetan dauden baliabideak, lanbidearen “prestigioa”... Eta hori udal euskaltegi publiko batean nabilela.
Gordin esatearren, tristea da –tristea bezain esanguratsua- AEK “negozio eredu” berriak asmatzen ibili behar izatea, oraindik ere “pegatak ipintzen / ta dirua biltzen”. Euskalduntzerako, lagunok, diruak tantaka.



(*) Ez hartu hau txartzat baina igande goiza da eta halako kontuekin...

Erantzun honi

Portzierto. Baten batek nahi du loteria? ;D :D ;)

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak