Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Informazioaren kalitatea eta kalitatezko informazioa garrantzitsuak direla dio Guillermo Lutzkyk. Esan eta egin. Nire ustetan behintzat, bideoan igortzen digun informazioa  urrezkoa da  eta ia puntuz puntuko eztabaida merezi duena. Dakartzagun puntuok hona:

  •  Arretaren ekonomia.
  •  Kaosaren gestioa.
  •  Adimenaren teknologiak.
  •  Informazio zatikatua.
  •  Afektibitatearen garrantzia.
  •  Pertsonalizazioa.
  •  Praktika-komunitateak eta sareak.
  • Harremanen balioa.
Animatu eta ikusi bideoa (9 minutu inguru) eta ea zer irizten diozuen. Hari mutur asko ditu Lutzkyren ekarpenak ia guztion artean irun, astalka, harilka, irazki eta josten dugun eta gero,gero, gero jinen gire ohera.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Erantzun honi

Bideoa ipini dizut behean, erosoago ikusteko.
Gauza asko, eta azkenotan behin eta berriz entzundakoak. Ken Carroll-en artikulu bat irakurtzen egon naiz orain, Atoanera ekarri dut pasartetxo bat.
Ideia bat ikusi dut bietan: kaosari aurre egin beharra. Carroll-ek Google-n dagoen anabasan norabidea hartzea zaila dela dio. Lutzky-k adituen eta gidatuko gaituztenekin konexioak topatzeaz dihardu. Carroll-ek "markoaren" beharra azpimarratu du bestealde: adituak, irakasleak eta laguntzaileek bidea erakutsi eta edukiak bereizten eta aukeratzen lagunduko dutena. Lutzky-k lidergoa konektatzeko gaitasunarekin lotzen du besteak beste.
Irakaslearen paperaz dihardutela pentsa daiteke. Eta azkenotan entzuten direnak entzunda pentsatzen hasita nago irakasleari, neurri batean, halako esploratzaile-kartografo papera ez ote zaion egokituko. Kartografoak lurralde ezezagunen mapak egin, eta aldi berean, lurralde horietan bideak eta mugarriak markatu beharko ditu.
Bide batez, Lutzky-ren berbetatik ondoriotxo bat, ez da oso argia izan behar esateko baina gure kasuan gauza hauek guztiak bi markotan kokatu beharko ditugu gutxienez: hizkuntzaren ikaskuntza batetik, eta hobekuntza profesionala edo prestakuntza bestetik (bi gauza desberdin balira), ezta?

Erantzun honi

Kaosari aurre egin behar horretan, hala ere, nik hiru modu ikusten ditut. Lehenengoak, Pandorak bezala, kaosa ordenatu eta kutxa batean sartu nahi du, lehengo moldetara ekarri alegia, konpartimentu estankoak sortu interneten barruan, etxetxoak. Bigarrenak, kaosa ordenatu nahi du baina informazioaren selekzioaren bidez, konpartimentuak sortuko ditu baina gardenak, zabalak, herriko plazaren tankerakoak. Hirugarrenak ez du kaosa bera ordenatu nahi, kaosa ez du gauza solidotzat jotzen, errealitatea likidoa da eta bertan igeri egiten (kalitatezko informzioa aurkitzen, kritikoa izaten...) ikasi behar da, beste gauza bat da burmuinak egiten duen buruhauste horren gestioa, mapa mentala eta ibaia.
Aukera egite aldera, nik neuk zabal jokatuko nuke. Hitz-gakoa erabakimena da. Ikasleak berak izan behar du gehien komeni zaion ikasbidea aukeratzeko modua eta irakasleok horren arabera jokatzeko prestatuta egon behar dugu: dela irakasle gida moduan, dela irakasle sherpa moduan, dela irakasle kartografo moduan, dela... Ikasleak aukera izan behar du nahi duen besteko autonomia bereganatzeko. Beraz, garrantzitsua izango da espazio birtualek ere ezaugarri anitzak izatea.

Erantzun honi

Lutzkyren hitzalditxoa dela-eta, apunte labur, azkar eta eskas batzuk hartu ditut. Zuen esku jarri nahi ditut.

7.000 ikasle, 1000 irakasle. Praktika komunitatea (400 blog / 100 atari) kolaboratiboa.
Ikasle berriak eskola eredu berria dakar, nahiz eta ohiko hezkuntza sistemak lehengoari gogor eutsi. Espazio errealari digitala gehitzeak aldaketak ekarriko ditu ezinbestean.
Testu sekuentziatuaren egokitasuna zalantzan, gaur egun lenguaia zatikatu egin da (testua + irudia, hotsak +...)

Arretaren ekonomia
Kontzentrazio gaitasun urriagoa / arreta paralelorako eta informazio sakabanatua lotzeko gaitasun handiagoa. Tarte laburreko memoria. Garrantzitsua da oso, adabegiak ordenatzen ikastea.

Kaosaren gestioa
Ziurgabetasunean eta inprebisibilitatean igeri egiten ikasi beharra. Estandarra kolokan (honela hasi, honela bukatu). Ikasleek eta irakasleek ikasitakoa alde batera utzi eta errealitate berriari egokitzeko gaitasuna garatu beharra.

Adimenaren teknologiak
Teknologiaren asmakizun teknikoek gauzak ekoiztea dute helburu; adimenaren teknologiak, berriz, burmuina eta bere antolamendua eta funtzionamendu berria dute helburu (eskuko telefonoaren adibidea). Zer ebaluatu? Pertsona bera? Tresnekin duen harremana? Tresnon erabilera? Hirurak, agian.

Informazio zatikatua
Informazioa ez dago leku bakarrean, leku askotan dago, espazio ugaritan, bai espazio errealean bai birtualean.
Garrantzitsua da mapa mentalak egiten ikastea. Kalitatezko informazioa bereiztea. Adituak bilatzen jakitea. Ezagutza lineala ezagutza zatikatuari egokitzea.

Afektibitatearen garrantzia
Emozioekin jokatzen ikasi behar dugu. Gogatzen ez dakienak ez daki eragiten. Liderrak komunikaziogaitasuna eta ikas-irakasgaitasuna du ezaugarri. Liderrak konbentzitzeko gaitasuna du ezaugarri eta ez hierarkia.

Pertsonalizazioa
Ikasteko gune pertsonalizatuak sortu eta berauek indartzeko eta elikatzeko gaitasuna (norberak sortu behar du bere eskola pertsonala)

Praktika-komunitateak eta sareak
Ingurunea ezagutu behar da, elkarlanean aritu, harreman sareak sortu, norberaren nortasuna eraiki. Gardena izan behar da eta lana eta ikasketa-prozesua partekatu.

Harremanen balioa
Langile konektatuenak dira errentagarrienak. Teknologiaz baino gehiago ari direnak teknologia horrek ahalbideratzen dituen aldaketez. Datuak prozesatzetik, trebetasunak prozesatzera jo behar da. Langile onenek istorioak kontatzen dakite, bizi aritzen dira eta umore punttua dute.

Erantzun honi

Benetan interesgarria bideoak dioena. Baina aplikagarria al da hizkuntzen irakaskuntzan? Zein neurritan? Iruditzen zait hau aztertzekoa genukeela, besteak beste, akaso euskararen ikaskuntza bide horretatik etorriko baita.
Plisti-plastak egindako eskemari jarraituko diot nire usteak adierazteko.
Lehenengo eta behin kontuan hartu behar dugu Lutzky informazioa eskuratzeko prozesuez eta beronen gestioaz ari dela hitzaldian eta, gainera, hizkuntzen irakaskuntza EZ den ikas-prozesu batean. Azken honi oso garrantzitsu deritzot, “ikaskuntza reglatuaren edo ohikoaren” zenbait ideia gure jardunean aplikatzekoak direlako; baina beste zenbait, ordea, inola ere ez. Adibidez:
Uste okerra litzateke, nire ustez, testu sekuentzializazioaren egokitasuna zalantzan jartzea. Lutzkyk hau aipatzen duenean, esaten du informazioa (ez du lenguaia –hizkuntzaren sinonimoa, gure kasuan- hizpide) hainbat iturritatik jaso ahal dela eta jaso behar dela. Alegia, XVIII. mendeko matxinadak ikasteko ez da testu idatzia nahitaez erabili behar, beste iturri batzuk ere bai baitaude. Ados, eta uste dut hizkuntzen irakaskuntzan ere horrela egin behar dugula; alegia, in-puta ahalik eta aberatsen izan behar du. Baina (eta hau badaezpada baino ez diot) horrek ez du esan nahi testu bakoitza –idatzizkoa izan zein ikus-entzunezkoa izan- sekuentziaz osatua ez dagoenik. Ez horixe. Testu sekuntziatuaren egokitasuna zalantzan diozu Plisti-plasta, eta informazioa lortzeko iturriez ari gara, ez informazioa hori gauzatzen duen testuaz. Testua sekuentziaz osatua dago.
Arretaren ekonomiaz, arreta paralelorako eta informazio sakabanatua lotzeko gaitasun handiagoa. Antzematen da hezkuntza reglatuan arreta mota hau eskatzen duten jarduerak bultzatu behar direla. Alabaina, hizkuntzen irakaskuntzan aplikatzekoa al da?. Hizkuntzak ikasteak kontzentrazio handia eskatzen al du? Nik esango nuke baietz. Adibide bat jar dezagun: jarduerazko zuzentasun akatsak. Zenbat ikaslek (ohiko ikaskuntzan ari direnak bai eta autoikaskuntzan ari direnak) egiten dute kale zuzentasunean, jarduerazko akatsengatik? Askok. Argi dago, nire ustez, hizkuntzen irakaskuntzan arretaren lanketa oso garrantzizkoa dela; alegia, gure lana batzuetan da, hain zuzen ere, arreta bultzatzeko teknikak garatzea (arretari eskaintzen diogun balioaren seinale). Alde honetatik Lutzkyk dioenak hemendik aurrera, agian, gure lana zailagoa izango dela.
Kaosaren gestioa. Estandarra kolokan. Estandarra estandarra estandarra “lo ke se dize” estandarra, hitzak berak jartzen du kolokan, estandarra bada gehiengo bati baina ez guztiei aplikatzekoa delako da estandarra. Baina, hitz hauek aplikatuta, plisti-plasta Tira, ematen du bai, azken urteotan gure ikasleek ez dutela kristoren arretarako estrategiak, aspertu egiten dira 30 minutuz jarduera bakarrean aritzen badira. Ikaskuntza reglaturako, seguru aski, totalmente aplikagarri. Baina gure arlorako... Antzina, ez izen horrekin, saiatuak ziren metodo komunikatiboak bere muturrera eramanda, honelako zerbaitean saiatu zirenak. Porrot.
Mementuz gehiagorik ez. Luze jardun dut.

Erantzun honi

Funtsean bat nator esan dituzun gauza askorekin, jakin baitakit kontuz ibili behar dela eta prespektiba apur bat behar dela itsu-itsu ez jokatzeko. Are gehiago, pendulu ospetsua gurutze bihurtu zaigulakoan nago: leheneago goitik beherako eta behetik gorakoa zena; orain, ezker eskubiko -zeharkako- bihurtu zaigu erabat. Segur aski, bietatik behar da. Baina badakizu gauzak alde batera lerratuta daudenean, zilegi dela azpimarra beste norabidean jartzea, betiere, itsukeriatan erori gabe.
Bestalde, konpetentziekin lan egiteak pentsakera aldaketa dakarrelakoan nago. Hau da konpetentzia terminoa bera ez dela unibokoa, ezin dela berdin definitu matematikak edo hizkuntza baditugu jomuga. Beraz, prozesu lanketak ere desberdinak izango dira batean eta bestean.
Dena den, ez dut uste Lutzky ikaskuntza reglatuaz edo ohikoaz ari denik. Nire ustetan ikas-irakaskuntzaz ari da, oro har. Eta ikas-irakaskuntza horrek eskatuko dituen konpetentzia berriez. Honetan, euskararen ikas-irakaskuntzak ezaugarri bereziak izango ditu, zalantzarik gabe; baina baita komunak ere.
Testuari eta sekuentziei buruzko auzia, berriz, hitz kontu bat dela uste dut. Nire ustetan ere testua sekuentziaz osatua dago (Oh, Broncart!) baina hor aipatzen den sekuentziaren ideia arruntagoa da: segida ordenatuari erreferentzia egiten diona, alegia; muturrera eramanda syllabusa bera auzitan jartzen duena (eztabaida polit bat dago hor) baina epeldu dezagun ideia eta aipatu, gaur gaurkoz, syllabusetik eta sekuentzializazio didaktikotik aparteko lerroak zabaltzea (ikaskuntza kolaboratiboa/ ikaskuntza informala...) interesgarria izan litekeela, osagarri gisa sikieran.
Beste ideia bat ere uxatu behar dugu: datorren guztia ona da edo lehengoa baino hobea. Bada, ez beti eta ez alde guztietatik begiratuta. Oso adibide ona jarri duzu gainera: arretarena. Ikasle gazteenek kontzentrazio gaitasun urriagoa izatea ez da gauza ona hizkuntza ikasteko. Arazoa ezagutu eta teknikak garatu beharko ditugu zalantzarik gabe. Horrelakoxea izango da gure lana, ikaslearen indarguneei eta gabeziei arreta eskaintzen diena dudarik gabe baina, aldez aurretik jakinda, indargune eta gabezia horien tipifikazioan aldaketak egon litezkeela epe laburrean.
Ñabardurak ñabardura, ados, bada, esan dituzun gehienekin baina (gure ortuan beti bainak) bada zure mezuan arduratuta utzi nauen gauza bat, hona zuk idatzitako pasartea: Antzina, ez izen horrekin, saiatuak ziren metodo komunikatiboak bere muturrera eramanda, honelako zerbaitean saiatu zirenak. Porrot. Ez, honekin ezin naiz ados egon, ez dut uste oraingo hau 'déyà vu-a denik; inola ere ez. Bide berriak dira, galdu ahal gara, inora heldu ez, baina ziur naiz garaiotan inoiz baino beharrezkoagoak direla esploratzaileak.
Neu ere isilduko naiz. Luze ez ezik, astun jardun baitut.

Erantzun honi

Egia da, azkenotako saltsa berri hauetan ezagutza, informazioa eta halako berbak dabiltza barra-barra. Eta hizkuntza ikastea beharbada ez da erraza testuinguru horretan kokatzen. Baina hizkuntza informazio eta ezagutza jario horren tresna nagusia da, eta hortik ikasteari begira ondoriorik?

Neure esperientzia pertsonaletik zertzelada pare bat:

Ingelesa eskolan hasi nintzen ikasten, 10 urtetik unibertsitatera joan arte. Suposatzen dut gehienok gaur egun A2 deitzen den maila horretatik harago ez garela joan eskolako ingelesarekin.

Bastante teknofrikia naizenez, ba azkenotan sarean orduak eta orduak ematen ditut (igarriko zenuten, ezta?), eta sarean zer egiten da gehien bat? Irakurri. Duela urte pare bat ez nintzen instrukzio informatikoak baino testu konplexuagoak irakurtzen ausartu ere egiten. Atzo bertan harritu egin nintzen ingelesezko wikipediako hiru artikulu eta hizkuntzen irakaskuntzaren inguruko bi blogetako artikulu "teknikoak" irakurri ostean. Ez ditut hemengo idatziak irakurtzen ditudan jario eta erraztasunarekin irakurtzen, ez, baina duela bi urte pentsaezina zena gaur egin egiten dut.

Teemu Arina informazioaren gaindosiaren (kaosa?) onuraz mintzo da (lasai, hemen daukazue laburpen moduko bat gaztelaniaz). Bai, ziberfriki erreseseomanook bonbardeoaren erdian paratzen gara masokisten modura, bonbak jaso eta jaso. Eta nola edo hala jario horri galbahea pasatu behar diogu. Hau da, irakurketa estrategia batzuk garatu behar ditugu interesgarriena dena eta ez dena bereizteko, zer-noraino irakurriko dugun erabakitzeko, zer prozesatu eta zer "berformulatu" jakiteko (Atoanerako aipamenak ateratzeko adibidez). Learning by doing izango da akaso. Edo atazetan oinarritutako ikaskuntza?

Konexioei buruz ere dihardu Lutzky-k, baita beste hainbatek ere. Ez dakit konektibitatea ote den, baina konturatu naiz ingelesa ulertzeko orduan estrategia batzuk garatu ditudala. Konexioa deitu dakieke? Hauek dira:

  • Euskalbar eta Morris hiztegia
  • Google Translate.
  • Google bera. Bai, zerbait ondo ulertzen ez dudanean testu hori hartu eta Google-en sartzen dut. Emaitzak aztertu eta originalarekin konparatzen ditut, kontestu desberdinetan zer esan dezakeen, zer testuingurutan agertzen den, nork nori diotsan... informazio asko, ezagutzen ez ditudan "konexio" batzuei esker. Beste gauza bat inoiz egin dudana, ingelesez zerbait idatzi behar izan dudanean. Suposatu dudan testua idatzi, eta bilatzailean sartu, emaitzen kantitateak ondo nabilen ala ez esaten dit sarri. Euskaraz proba tonto bat egin nuen duela gutxi, bide batez.

Ideia berri hauen defendatzaile sutsuenetariko batzuk hizkuntzen irakaskuntzaren mundukoak dira, egia esanda, neuri ere batzuetan Ekidazuri bezala pasatzen zait, ez dut asmatzen hizkuntzen ikaskuntzara nola arrimatu ideia horiek. Gauza pare bat besterik:

  • Teknologiaren bidez gertatzen ari den informazio-ezagutzaren jarioaren hazkundeak hizkuntza du tresna nagusi. Ondorioz komunikazioaren hazkundearen batera hizkuntzaren erabilerarena ere gehitzen da. Eta horrekin batera input eta corpusaren kantitatea, intereseko testuen kopurua, elkarreragina eta, seguruenik, testu generoak edo formatoak.
  • Ikaskuntza prozesua, orain esaten den bezala, gehiago "distribuitzen" has daiteke. Arreta pizten duten hizkuntzaren agerpenak han eta hemen agertzen dira, baita ikasteko baliabideak eta tresnak ere. Horrrek ez du inondik ere kentzen (eta uste dut inor gutxik defendatzen duela) ikaskuntza gidatua edo arautua edo sekuentzializatua, baina hemendik aurrera ez da (hain) bakarrik egongo.
Ba! Neuk ere bota dut txapa ederra akabuan. Nork esaten zuen hemen laburrago jardungo genuela?


Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

¡Crea tu propia red social!

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak