Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Parla.cat atariaren berri izan dut gaur, hemen zabiltzatenoi interesatuko zaizue seguruenik. Karrajuan idatzi dut zerbait: http://karrajua.org/klaserakoak/baliabideak/824.

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

Azaletik aztertu dut Parla.cat ataria eta azaletik arituko naiz. Nireak inpresioak besterik ez dira, beraz. Gauzak honela, esan, argiak eta itzalak dituela iruditu zaidala. Moodle-en mugak erakusten ditu proiektuak baina badirudi (ikusi egin behar) ez duela eduki estatikoetan oinarritu nahi. Metodologiaren aldetik, nahiko mistoa iruditu zait, ikasgaiek tipologia eta atzeraelikadura konduktista dute baina badira ikasketa soziala bultzatzeko guneak ere. Argi dago metodologia konstruktibistak, gaur gaurkoz, tutoretza eta kultura aldaketa kostu altuak dituela eta, esanak esan, ez dut hemen ere horren aldeko apustu argirik ikusten. Doako ikastaroak edo ikastaro merkeak eskaintzen dira baina horretarako giza-baliabideak murriztuz, itxuraz. Zenbat tutoretza jasoko ditu Parla.cat-eko ikasleak? Zenbat ikasle izango ditu tutore bakoitzak? Hor dago gakoetako bat. Beraz, atera ditzagun guk ere ondorioak. Edo apustu egiten dugu metodologia sozio-konstruktibistaren alde, dituen kostuak asumituz. Edo eredu misto batera jotzen dugu: konduktismoa + ikaskuntza soziala. Edo beste historia baterantz jotzen dugu (konektibismoa...). Hori da hartu beharreko erabakietako bat.

Edukiek berek ez naute liluratu baina argi dago BOGAren syllabus estruktural-gramatikala baino hezurdura hobea dutela. Nonbait aipatzen dute ibilbide ezberdinak ahalbideratzen dituela baina nik, printzipioz, oso egitura jerarkizatua eta uniformea antzeman diot. Hala ere, badirudi ikasleak sarbidea izango duela irakasleen baliabide gunera eta hau izan liteke ikaskuntza pertsonalizatzeko modu bat.

Interesgarria iruditu zait irakasleen harreman eta baliabide gunea, komunikazio baliabideak eta kulturari, berriei eta abarrei egindako tartea.

Proiektuaren atzean agente 'ofizialak' daude Institut Ramon LLull, Consorci per a la Normalització Lingüística eta Generalitateko Hizkuntza Idazkaritza bera. Hori ere eztabaidagarria da: honelako zerbait egin beharko genuke hemen ere? Hezkuntza sailak atera duena honen parekoa da? Eztabaidagai da hau guztia, dudarik gabe.

Bukatzeko bi kontutxo. Batetik, honelako 'euskaltegi' potente bat sortzeak euskaltegien gaur egungo funtzioak eta egituraketa alda litzake eta hau ere ondo aztertu behar da. Bestetik, nire ustez hau hasi besterik egin ez den mugimendua da, gero eta honelako atari gehiago ikusten dira sarean eta ikusiko dira aurrerantzean ere. Eta honelakoak izan litezke n-belaunaldiaren ikaslekuak epe laburrera. Gure euskaltegiko ikasgelan eserita zain bagaude, jai daukagu... geuk mugitu beharko dugu, sareratu, alegia. Baina horretarako beharrezkoa dugu perspektiba, prospektiba, eztabaida eta plangintza dinamikoa.

Erantzun honi

Zure mezua irakurrita ibili naiz parla.cat-en kuxkuxeatzen. Matrikulatu ere egin naiz (tutorerik gabeko ikastaroa doan da) eta hasierako hamar jarduerak nahiko zurrunak eta klasikoak iruditu zaizkit. Egiari zor, lehenengo unitateak izaten dira programatzen zailenak, ezta?
BOGAren antza duela esango nuke, baina oraindik gehixeago aztertuko dut. Orain arte primerako emaitza akademikoak lortu baditut ere, ez dut ezertxo ere ikasi. Ea aurrerantzean zer gertatzen den!
Ni ez naiz informatikan aditua, baina ez dutela Moodle erabiltzen esango nuke.

Erantzun honi

Epa, Jon!

Kezkatuta utzi nau bota duzun esaldietako batek: Orain arte primerako emaitza akademikoak lortu baditut ere, ez dut ezertxo ere ikasi. Bitxia, esaldia! Eta bitxia ez ezik, azterketa sakona merezi duena. Bego, oraingoz, sasoi eta burukera hobearen zain!
Ez da, dena den, Parla.cat erantzun honen helburu nagusia, zuri ongietorria ematea baizik. Oso gustura jarraituko ditugu, jakina, katalanarekin dituzun gorabeherak eta are gusturago adituko dizkizugu diasporarekin lanean izandako esperientziak. Zain gauzkazu!

Erantzun honi

Ez daukat asmo handirik katalana ikasteko, denbora behar baita horretarako. Baina, autoikaskuntzan lan eginik honek guztiak ezertarako balio duen probatzea ere ongi dago.
Apropos bota nuen esaldia. Badakit baieztapen potolo samarra, oso potoloa, dela, are eta gehiago hain gutxi ezagututa. Dena den, bitxia izan zen. Jarduera guztiak oso ongi egin nituen eta ez nuen ezer ikasi. Astia duddan batean saiatuko naiz gehiago. Gaur Benitoren mezu bati erantzun nahian nabil eta ez dut asmatzen. hHau da miseria!

Erantzun honi

Alde horretatik, ez Jonen esperientzian sartu gabe, neuri azkenotan katalanarekin gertatu zaidana kontatuko dizuet.
Atoan eta Karrajua jarraitzen duzuenok badakizue azkenotan Enric Serraren Aprendre Llengües bloga jarraitzen nabilela (berriro gomendatuko dizuet bide batez). Katalanez idazten du Serrak, ez dut inoiz katalana "ikasi" eta hango kultura, jendea eta hizkuntzarekin neure harremana nahikoa urruna izan da betik, ez dut hizkuntza asko ezagutzen alegia. Baina hizkuntza erromanikoa izanda, eta gaztelania ama-hizkuntza izanda, eta galiziera eta italiera apur bat ezagututa, ez zait bereziki zaila egiten irakurtzea. Zalantzaren bat dudanean Softcatala edo beste itzultzaileren batera jo eta zalantzak segidan joaten zaizkit normalean.
Lehengo egunean, zorretan nagoela-edo iritzita, erantzuna idatzi nahi izan nion Enric-eri blogean, sikiera eskerrak eta zorionak emateko. Ez zitzaidan ganorazkoa begitandu gaztelaniaz bidaltzea, beraz, testua gaztelaniaz idatzi eta itzultzaile batetik pasatuta katalanez-edo bidali nion. Enric-ek euskaraz erantzun zidan gainera. Polito!
Zer esan nahi dut baina? "Ikasi" kontzeptu horri bueltak ematen hasi nintzen. Katalana "ikasi" dut? Seguruenik zentzu klasiko batean ezetz esango nuke, baina ikuspegi "konpetentzial" batetik katalana erabili dut, irakurri eta idatzi egin dut, hizkuntza katalana dabil nire hizkuntz-komunikazio sare batean, eta nik ez "dakit" katalanez, baina katalana erabiltzeko konpetentzia batzuk ditut, teknologiak lagunduta bai, baina azken batean mezuaren joan-etorriaren punta batean ni nago, ez makina.
Eta Siemens-en koadrilarekin akordatu naiz. Jakintza ez dago gure neuronetan soilik, konexioetan ere badago, eta jakintza konexioak gobernatzeko artea ei da. Eta hizkuntzaren kasuan horrelako zerbait izango da? Hau da, hizkuntza ikastea hizkuntza "ezagutzea" baino hizkuntza erabiltzeko trikimailu-konexioak menperatzea ez da izango? Geure sare neuronaletan edo munduko sare telematikoetan...

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak