Euskara irakasleak

gure hizkuntzaren irakaskuntzarako sare soziala

Kantari esnatu naiz gaurkoan eta apur bat zalapartari ere bai egia esan. Honelako egunetan ez dut politikoki zuzena izateko batere gogorik izaten. Hala ba, sua eta egurra!

Autoikaskuntza formala deiturikoari begiratu eta zer ikusten dut?

Santurtzi. Robinson Crusoe bailitzan, bere irlatxoan isolatu samar lanean. Euskaltegi mailan azken tendentzietara igota. Baina ikasleei eskaintzen zaien materialari begiratuta, lehengo materiala (edo antzekoa) digitalizatuta ikusten dut gehienbat (nire ezjakintasuna izango da, seguru).

AEK. Zalantzatsu. Ekimen sendo baten faltan. Astiro, astiroegi mugitzen mundu honetan. Aurrea hartu ezinda. Frankotiratzaile batzuei esker jardunean.

By & bai. Marketingean oinarritutako dirua ateratzeko makina lez. Oinarri funtzional, audio-lingualduna. Barkatu, barkatu, baina 'DDK sistem' horrek, oraindik orain, Profesor Maurer ekartzen dit gogora.

HABE. Astiro eta geldo mugitzen den elefantea, bere gela txikitxoan kabitu ezinik. Berak ezer sortzeko gaitasunik ez eta inurriaren (Aurten Bai) sistema propietarioak preso. Berau gustuko ez duen arren, aurrera nola egin ez dakiela. Zer edo zer izango da. Inolako prospektibarik gabe (daukaten bakarra sei hilabete barruko hauteskundeak dira...Ai, ama!).

Eta kitto!

Nahiz eta norbait erre, sua piztu izana espero dut. Hobe horrela geldi-geldian baino. Barkamenak eta bla, bla, blaka aritzeko ordua helduko da. Badakit gordin ibili naizela, eman zuek sua nireari, ea zerbait egosten dugun!

Partekatu

Erantzun honi

Eztabaida honen erantzunak

& MORE

Mondragon Lingua ahaztu zait,,, libratuko zirelakoan, ja! Bada hor ditugu hauek ere ingelesaren kasuan Santillanarekin hitzarmenak sinatzen edota Europako Batasunak finantziatutako Taxi Driver bezalako programak abian jartzen... Eta euskararen kasuan?... Boga... hauek ere... Hau da hau!... Ea zer erantzuten dion honi, zentro horietan dituzten komertzial bikain eta trebe horietako batek.

Erantzun honi

Autoikaskuntza formalaz diharduela, zaku berean sartzen ditu Plistik gure inguruan indarrean dauden proposamenak. Eta ur azaletan geratzen dela iruditzen zait. Izan ere,
* Santurtziz diharduenean, tendentziak eta materialak hartzen ditu hizketagai;
* AEK aipatzean, berriz, ekimena;
* By@Bai-ri buruz marketinga eta proposamenaren azpian legokeen metodoa;
* HABEz ari denean, sormen-gaitasuna; eta amaitzeko,
* Mondragon Linguak egindako hitzarmenak edota lortutako finantziazio-bideak.

Parkisona duen ehiztaria dirudi Plisti. Alde guztietara tiroka.

Erantzun honi

Hara, arrazoi duzu ur azaletan geratzen naizela diozunean. Honelako foro batean ez baitago hasiera hasieratik den dena esaterik, eztabaidaren metxa piztearekin nahiko zuen, oraingoz, parkinsondun artilero gizajoak. Etorriko dira horren ostean, denon arteko iritziak eta arazoaren ikuspegi anitzak eta horrekin guztiaren egingo du bakoitzak egin beharreko sintesia. Zalantzarik gabe, karikaturara jo dut eta sistema bakoitzak duen alderik ahulenera. Baina, halaber, esan beharreko zenbait gauza esan ditudalakoan nago.

Dena dela, ziur naiz Ilich, nire mezutxoaren okerrak aipatu ez ezik, ekarpen ugari egingo dizkiguzula, denok ere ezagutu ditzagun autoikaskuntza formalaz eta bertan jokoan ari diren aktore nagusiez zeintzuk diren zure iritziak.
Plistiri buruz parkinsondun ehiztaria dela diozu. Konforme.
Baina zer diozu autoikaskuntza formalean Santurtzik, AEK-k, By&Bai-k, HABEk, Mondragon Lingua eta Hezkuntzak abian dituzten ekimenez?
Horixe da jakin nahiko nukeena. Nik ere ur azalean plisti-plastaka aritu ordez, ur sakonak ezagutu nahi izango nituzkeelako zure eskutik. Eta, bide batez, inork pentsa ez dezan Ilich tiro guztiak leku bakarrera botatzen dituen ezkutaria dela.

Erantzun honi

Sua pizteak badu beregan arriskurik, eta, nagusiena, kontrolpetik ihes egitea eta esparru osoa erretzea. Karikaturak direla diozu, topiko bihur daitezkeenak diot nik (edota bihurtu direnak) eta topiko horietatik haratago ikusten uzten ez digutenak.

Su ematen hastea baino, estrategia sendoagoa iruditzen zait eraikitzen hastea. Zergatik beti alderdi ahulenetara jo? Zergatik ez oinarriei heldu eta eraikitzera jo? Zergatik ez arrazoien bila abiatu? Beste mezu batean adierazi bezala, aldagien bila jo ezean, nekez uler daiteke erakunde baten apustua.

Ezkutari honek ez du zure mezuan okerrik bilatu, aipamenak baizik, eta horiek azaleratu ditu.
Ezkutari honek ez du esan parkisondun ehiztaria zarenik, hori dirudizula baino ez.

Ahuleziak edota alderdi ahulak direla diozu; agian, prisma aldatuta, indargune ere izan daiteke. Beheragoxe ageri diren usteak argi baitaukat gure lana ez dela inputa ematea soilik, konbentzituta nago gure lana inputa output bihurtu arteko transizio horretan kokatzen dela batik bat zureak dira eta, ziurrenik, zure irakasprozesuen oinarri.

Baina gerta daiteke, beste proposamenetan horren bila ez joatea, bestelako helburuak izatea eta bestelako oinarrietan eraikitzea ikas-irakasprozesua. Zilegi, ezta? Ondoren, bezeroak jakingo du norengana jo.

Eta aipatzen hasita, ez dakit zein neurritan den Hezkuntzaren ekimena; izan ere, eta oker ez banago, Etengabeko Ikaskuntza Sailak eskaintzen duen beste baliabide bat baino ez da, bere WEBgunean kanpoko entrepresa bati, ITT kasu honetan, sarbidea emanez.

Urak elkartuko gaituelakoan, aio.

Erantzun honi

Badakizu, lagun, krisi garaiak jota daukagula eraikuntza eta zer eta nortzuk izan diren horren errudun. Ez dagigula guri ere halakorik pasa sekula, otoi!

Suteak, berriz, honez gero itzaliak izango dira, gure mezuotan darabilgun ur piloak bustita. Honek ere ez nau kezkatzen, esaerak zaharrak dioen moduan urak eta egiak beti egiten dutelako beren bidea.

Bestelakoa da nire kezka. Bata dela bestea dela, iruditzen baitzait bide okerretik doala autoikaskuntza. Ez garela bere potentzialitatea egoki bideratzen ari, alegia. Horregatik kritikatzen ditut hainbat jokabide. Hau ere zilegi, ezta?

Baina gauza batean nago ados zurekin. Bakoitzak nahi dituen oinarriak erabil ditzake ikas-prozesua eraikitzeko. Nik ez diot inori eskatuko oinarri hauek zeintzuk diren azaltzerik ere (estutasun galanta izango luke baten batek, akaso). Baina onartuko didazu, nik uste, edozein gauzaren ebaluazioa egiterakoan indarguneak kontuan izan behar diren moduan, izan behar direla kontuan ahuleziak ere. Horixe da nik eztabaidagune honetan proposatzen dudana: egin dezagun on-line ikaskuntzan dauden ekinbideen ebaluazioa. Nahiz eta ezein nabarmentzek karikaturara eraman, nabarmen ditzagun alderdi sendoak, konforme, baina baita alderdi ahulak ere.

Bestalde, burrunbiloka dabilkit buruan zure esaldietako bat 'ondoren, bezeroak jakingo du norengana jo' Non entzun ote dut? galdetzen diot etengabe neure buruari eta, batez ere, nori entzun ote diot? eta burrunba ozenagoa egin zait, oraindio, hau idazten ari naizela, aldi berean, ikusi dudanean Andoniri eman diozun erantzunean oso esanguratsu egin zaidan esaldia, hara: Dena den, tutoretza barik partitzeak (aurrerago ahalbideratuko omen dute) gauzak apur bat korrika eta presaka egin direlako itxura du dio Plistik. Eta zergatik ez dugu onartuko horrelako apustuak ere egin daitezkeela?
Demokraziaz edo ekonomiaz ari bagara onargarria da, zalantzarik gabe, baina didaktikaz ari bagara ez hainbeste. Nola da posible, gaur egun informatikak duen garapen semantikoarekin, hizkuntza ikaskuntzaren eta komunikazioaren alorrean, elkarreragin ez konbergentea kanpoan uztea, zerk ordezka lezake ikasle, irakasle, eduki, komunitate laukia?. Burura datozkit ibilbide laburreko zenbait eta zenbait apustu teknozentrista, eduki eta makina hutsetan oinarritutakoak.

Urak, ito baino lehen, elkartuko gaituelakoan ;-)

Erantzun honi

Bide okerretik doala autoikaskuntza diozu. Neurri batean bat nator, besteak beste, hamaika adiera ezberdin hartzen dituelako kontzeptu horrek gurean. Baina kritikatzen hasita, azaleratutako eredu guztiak izan dira jipoituak. Ez ote dago gurean proposamen bat bera ere oniritzia merezi duenik? Kezkagarria. Are kezkagarriagoa baldin eta eredu onak ezagutzen baditugu eta horien irudira jokatu nahi badugu.

Baina zeintzuk dira eredu gisa har genitzakeen proposamenak? Ezagutzen al ditugu? Zein neurritan bereganatzen dute aipatzen den IKTen potentzialitate itzel hori? Zein esparrutan? Zertan dira eredu eta zertan arbuiagarri? Eraikitzen eta hobetzen hasi nahi baldin badugu, ildo nagusiak argi izan behar ditugu. Jakin zer dugun sendo eta zer sendotu beharreko.

Ahuleziak. Iruditzen zait efektuekin gabiltzala eta kosta egiten zaigula arrazoietara heltzea. Efektuen aurka joz gero, gerta dakiguke arrazoiak mantentzea eta efektu berriak sortzea, agian aurrekoak baino kaltegarriagoak.

Demokrazioa, ekonomia eta didaktika. Betidanik pentsatu izan dut demokrazia bizi egin behar dela; ekonomia, berriz, kudeatu didaktikak funtziona dezan; baina ez jarri didaktika ekonomiaren zerbitzura. Oso oker ez banago, autoikaskuntza formalaz ari gara eta ezin da ulertu didaktika ekonomia kontuan hartu gabe.

Berriro ere autoikaskuntza kontzeptura bueltatzen naiz: auto+ikaskuntza. Helburu jakina duen prozesu kontzientea, baliabide- eta denboraren kudeaketa ikaslearen esku daudelarik.

Eta nire galderak: (euskara)irakasle garen neurrian, zein neurritan hobe dezakegu prozesu hori? Eta zein esparrutan inzidituz?

Erantzun honi

Eta hau?

Erantzun honi

Ez dut astirik izan aztertzeko. Lehengoan, ingelesa sistema horren bidez ikasten ibilitako lankide batek flojotxua zela komentatu zuen. Ez dakit nolakoa izango den euskararako atondu duten materiala. Dena den, tutoretza barik partitzeak (aurrerago ahalbideratuko omen dute) gauzak apur bat korrika eta presaka egin direlako itxura du. Bada, honetan, hezkuntza eta kultura sailen arteko tirabirak edota hauteskundeak gainean izateak zerikusia izan duela dionik ere.

Dena den, pare bat gauza ditut argi:

Lehenengoa: autoikaskuntzaren indargune garrantzitsuenak ikasleari egokitzeko gaitasuna eta pertsonalizazioa dira. Eta indargune hori nahikoa lausotzen du honelako kurtso bat dagoen dagoenean martxan ipintzeak. Arrazoi osoa du zuk Atoanera ekarri duzun M.A. Garcíak 'En la enseñanza de lenguas, lo primero que aprende todo profesor es que ningún alumno tiene las mismas necesidades ni la misma facilidad para avanzar en su competencia lingüística. Por eso, el diseño de cursos online en los que la progresión del aprendizaje es fija e inmutable se tornan aburridos y mecánicos.'

Bigarrena: euskaltegion 'negozioa' ez dago edukietan, berauen kudeaketan baizik. Zenbait euskaltegik beldur izango dio, akaso, honelako materiala doan sarean izateari. Ez da, inola ere, nire ustea. Oxala horrelako gehiago egongo balitz, material bankuak, errepositorioak edo dena delakoak. Argi baitaukat gure lana ez dela inputa ematea soilik, konbentzituta nago gure lana inputa output bihurtu arteko transizio horretan kokatzen dela batik bat. Horixe dela didaktikaren unerik garrantzitsuena (baina ez bakarra). Beste modu batean esanda, euskaltegien balio nagusia ez direla bertako liburuak edo programa informatikoak, baizik eta irakasle, ikasle eta edukien artean sortzen den harreman sarea (eta, hainbat hobeto, sare 'formal' hau hizkuntza komunitateak eskaintzen duenarekin uztartzea lortzen badugu).

Beno, makilasaltsa honen ostean egongo da zer eztabaidatua. Labur ibili behar izanak karikaturara eramaten nau sarritan baina nahi izanez gero, izango dugu astia zenbait ñabardura egiteko ere.

Erantzun honi

Beno, dantzan jarrita.... Plistik erakutsitako panorama nahiko "tragikoa" den arren orokorrean nahiko irudi fidela ematen duela uste dut. Kontua da berak aitatutako guztiaren atzean badirela kontuan hartu beharreko ideia batzuk:

1- Euskaltegien atomizazioa. Oso zaila zaigu ahalegin bateratuak burutzea eta IKT mailako edozein ahaleginek inbertsio jakin bat eskatzen du (ez bakarrik dirutan, batez ere giza lanean).

2- Autoikaskuntzaren inkuspegi ezberdinak. Soilik IKTen bidez burutu daiteke autoikaskuntza prozesu arrakastatsua? Soilik soporte "informatikoa" erabili daiteke tutore/ instituzioaren osagarri gisara? IKuspegi zabalagoa erabiliko bagenu (bestelako soporteak kontuan hartuta adibidez) Plistik marraztutako errealitateari kolore batzuk gehitu beharko genizkioke.

3- IKTeen erabilera kontu bat da eta bestea autoikaskuntzaren ereduak. Adibidez, susmatzen dut ikusitakoarengatik autoikaskuntza baino klase partikular merkeak ematen ditugula. Eta zer gertatzen da tutoreen prestakuntzarekin? Instituziook egin beharreko apostuarekin (erakunde ofizialak eta irakaskuntza instituzioak? Horietaz ere hitz egin beharko genuke.

Erabat ados edukiak/ kudeaketak planteamenduarekin. Baina kostatuko zaigu pauso hori ematea. Ez al gara bada euskaltegiok "konpententzia zuzena? Nola gaindituko dugu elkarren arteko konfidantza falta? Eraiki beharko dugu elkarlan esparruren bat ala ez? Orain arte bezala bakoitzak berea, bere etxean, bere moduan eta kitto?

Erantzun honi

Andonik aipatutako ideia pare bat berrartu nahiko nituzke ataltxo honetan.
  • Ikuspegia. Zer teknologia erabili? Helburua ikasprozesua arrakastaz janztea baldin bada, lehenik eta behin eskuragarria behar du izan, eta bigarrenik, input-output mailan aberatsena. Baina kontuz, euskarri fisikoak ez du horrelakorik bermatuko, teknologiaren erabilerak baizik.
  • Eredu metodologikoa. Aurreko puntuaren ondorio dugu. Eta atal honetan hamaika aldagai sartzen dira jokoan eta aldagai horiek kontuan izan ezean, nekez ulertuko da erakunde baten proposamena. Esaterako, Dena den, tutoretza barik partitzeak (aurrerago ahalbideratuko omen dute) gauzak apur bat korrika eta presaka egin direlako itxura du dio Plistik. Eta zergatik ez dugu onartuko horrelako apustuak ere egin daitezkeela?

Erantzun honi

Aupa Ilich, ongi etorri taldera eta eztabaidara, estimatzen dugun zure ekarpena benetan.
Galderatxo bat hala ere, ez dut ondo ulertu eta.
Zer esan nahi duzu honekin zehazki: "Baina kontuz, euskarri fisikoak ez du horrelakorik bermatuko, teknologiaren erabilerak baizik"?
Teknologia, euskarri fisikoa.... non dago dikotomia?

Erantzun honi

Ez dago dikotomiarik; ez baitago zatiketarik. Arazoa azaltzeko adibidera joko dut:
  • Aintzinean, bustinez estalitako taula bat erabiltzen zen irakaskuntzan: "tabula rasa"
  • Ondoren, pizarrak hartu zuen lekua eta mendeetan iraun du gurera arte.
  • Egun, pizarra digitalaz dihardugu
Hiruak dira teknologiak, eta hiruak garai baten adierazle. Baina zein da horien erabilera? Hiruak ditugu eskura, baina zein neurritan eragiten diote prozesuari elkarreragitea harik eta aberatsen izan dadin?

Gerta dakiguke teknologia berriena zaharrenaren pare erabiltzea. Ikusi baino ez bideoa.

Erantzun honi

RSS

Acerca de

Benito Benito creó esta red social en Ning.

Argazkiak

Kargatzen...

Euskara irakasleak Ikurra

Kargatzen...

© 2009   Creado por Benito en Ning.   Crear tu propia red social

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Isiltasun-politika  |  Términos de servicio

Iniciar sesión en el chat

Ikusi estatistikak